Juan Solo

Juan Solo komiki sail baten izenburua eta beronen pertsonaia nagusia da.

25_img_JuanSolo

Alejandro Jodorowsky idazle eta zinemagile txiletarrak asmatu zuen Juan Solo, eta George Bess marrazkilariak koloretan jarri zuen 1995.urtetik 1999ra. Izena Star Wars pelikuletako Han Solo pertsonaiari kopiatu diolakoan nago. Edonola ere ez du Harrison Ford aktoreak antzezturiko espazioko kontrabandistarekin zerikusi handirik. Lotura handiagoa du KIXMIrekin, ikusiko duzuenez, irakurtzen jarraituz gero.

Jodorowskyk asmaturiko Latinoamerikako Huatulco hiriko zakarrontzi batean abandonaturiko haur bat da Juan Solo. Prostituzioan dabilen ipotx transexual batek aurkitzen du (bai ondo irakurri duzu! ipotx transexual txapero bat!). Ipotxaren lehen erreakzioa da umea txakurrei jateko ematea. Baina errukitu egiten da ikusten duenean haurra bera bezalako “munstro” bat dela (haren hitzak dira).

Izan ere, barrabil eta zakiltxoaz gain, mutikoak BUZTANA du bizkarraren amaieran.

juansolo1

Hazi ahala sekulako putakume bihurtzen da Juan Solo. Neskak bortxatzeko, lapurtzeko eta hiltzeko eragozpenik ez du. Bere lagunak ere hiltzen ditu, dirua eta boterea lortzeko. Bizitza gogorra da Huatulco hiri ustel eta bortitzean, eta Juan Solo inor baino ustelago eta bortitzagoa da.

juansolo2

Edipo Erregearen istorioa ere erabili du Jodorowskyk. Juan Solo bere amarekin oheratzen da, bere ama dela jakin gabe. Bere arreba hiltzen ditu, arreba duela jakin gabe. Eta aita ere tirokatzen du.

Amarekin ihesari eman ondoren hasten da Juan Soloren gurutzebidea.

Ama-maitalea, dirua eta duintasun oro galduta, basamortuan barneratzen da. Mendi galduetako indioek santutzat hartzen dute. Aspaldi daude salbatzailearen zain, eta goresten duten santua buztanduna da.

juansolo3

Indioak etsita daude, lehorte izugarriak kiskali dituelako bazterrak aspaldi. Juan Solok bere bekatuak (edo pilaturiko karma txarra) garbitzeko, bere burua sakrifikatzen du. Jainkoari euria eskatzeko, bera gurutze batera iltzatu dezaten eskatzen die indioei. Gurutzean hiltzen da Jesukristo buztandun baten gisara.

juansolo4blog

Star Wars, Edipo Errege… Jodorowskyk edozein historia hartu eta fabula sasi-budista bihurtzeko duen abileziarekin harritu gaitezke. Edo, bestela esateko, besteen istorioak plagiatzeko duen muturrarekin txunditu.

La nacion clandestina

Izan ere, Juan Soloren parabola, hein handi batean, Jorge Sanjines zinema zuzendari boliviarraren filma batek kontatu zuen Jodorowskik baino urte batzuk lehenago. La nacion clandestina pelikulari Urrezko Maskorra eman zioten Donostiako zinemaldian, 1989. urtean.

Puri-purian dago pelikulak agertzen duen testuingurua, Boliviako indigenen gatazka eta mundu ikuspegia direlako protagonista.

Sebastian Mamani indio aimara La Paz hiriburura eramaten dute txikitan, eta sekulako zerri bihurtzen da hazitakoan. Paramilitarrekin ibiltzen da, sindikalistak hiltzen, bere herriari lapurtzen… Alkoholiko bilakatzen da.

Baina egun batean, mozorro bat egiteko eskatzen dio La Pazeko herrikide bati. Izan ere, bere bizitza zitalarekin nazkatuta, herrikideengatik sakrifikatzea erabakitzen du, “danzanti” errituaren bidez. Herrira itzultzen da eta hil arte dantzatzen du, zoriona ekartzeko indioei. Hemen duzue bideoa:

La nacion clandestina-ko Sebastian Mamanik ez du buztanik, baina Juan Solo, Jesukristo, eta antzinako heroien soka bereko pertsonaia da. Urrezko abarretik zintzilikaturiko tximinoak dira.

Erantzun bat “Juan Solo” bidalketan

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude