Hanuman, Indiako mitologiako tximino jainkoak bere bularra irekitzen du, bihotza erakusteko. Bihotzean jainkoaren (Rama) eta haren emaztearen (Sita) irudiak ditu. Jainkoarekiko duen amodioa eta debozioa erakusten die horrela supertximinoak gizakiei.
Hanumanen bihotzaren irudiak ordaina du ikonografia kristauean: Jesukristoren bihotz sakratua. Handiegia da antza, zorizkoa izateko: keinua, haloa buruaren inguruan, bihotzak isurtzen duen argia, Kristo-Hanumanen begirada,…
Erregeak biak, jainkozkoak biak, baina Jainko goren baten haragiztatze, agerpen, manifestazio (avatar).
Jainkoaren eta gizakien arteko erdibidean daude, horretan datza haien paradoxa. Nietzscheren Zarathustraren definizioan: Gizakia animaliaren eta supergizakiaren (übermensch) artean tenkaturiko soka da.
Pop kulturaren ikonografiara egin du salto ideiak, Zarathustraren sokan funanbulista. Horra Superman, supergizaki laikoa, gizateria salbatzeko bere burua sakrifikatzeko prest, Hanuman, bezala, Jesukristo bezala.
Joan dira haloak supergizakiaren buru ingurutik, baina keinua bera da. Supermanen bularreko logoaren forma bitxia ulertzen da orain. Bihotza da.
Kixmi, Kristo, Kripton.
Zer da, beraz, supergizakia denbora ziklikoa duen unibertso batean?
- Txori bat da? Hegazkin bat da? Ez, tximino bat da.
Kixmi da.
Irudi ederrak jarri dituzu. Bai, bihotza arimaren metafora bezala kontsideratu da. Erakusten dituzun irduietan nabari da berstio ezberdinak zerbait ezberdina esan nahi dutela. Indiar irudiak gizon bat eta emakume bat erakusten ditu, arimaren alde biak nabarituz, kristoren irudiak arantzaz jositako bihotza dauka, nahiz eta gurutzatua izan maitasunaren seinale, eta supermanena azkenik indar gutxiko eredu psikosoziala. Gogoratu supermanek bere poderioa mantentzeko maitasunari uko egin behar izan ziola. Gizarte teknokrata eta boteretsutik sortutako irudi apala.
Beste biak nahiago ditut.