AGUIRRE LEHENDAKARIA

AGUIRRE

  • Ni naiz Jainkoaren amorrua. Nire alabarekin ezkonduko naiz. Harekin Lurrak inoiz ikusiriko dinastiarik garbiena sortuko dut, eta, elkarrekin, kontinente hau osorik gobernatuko dugu.

Lope de Aguirre oñatiarraren ahoan jartzen ditu hitzok Klaus Kinski aktoreak, Werner Herzogen Aguirre, der Zorn Gottes filmean. Amazonian barrena eginiko espedizioaren hondamendiaren irudia da Aguirreren baltsa. Gorpuz beterik dago, soldadu, apaiz, indio eta Aguirreren alaba hilak; goseak, geziek, konspirazioek hilda. Espedizioaren jaun eta jabe egin da Aguirre, baina hainbat dozena tximino baino ez du eskifaiatzat. Aguirre da Jainkoaren amorrua, eta bere subditoak Jainkoaren tximinoak dira.

Pelikula ikusi ez duzutenontzat hona sekuentzia horren bideoa.

Asteburuan ikusi genuen Herzogen filma etxean. Ez nuen tximuen irudia gogoratzen. Izan ere, filma duela 13 urte ikusi nuen azkeneko aldiz, Hanburgoko zinema batean. Asteburuan Aguirre, Jainkoaren amorrua, eta haren tximinoak ikusi nituenean, berehala etorri zitzaidan gogora Alberto Peñalbarekin trenean izaniko elkarrizketa eta han aipaturiko Jainkoaren tximinoaren teoria.

Philip K. Dick zientzia-fikzio idazlearen The Divine Invasion eleberrian aurkitu dut ideiaren azalpentxo bat aste honetan:

  • Jainkoaren Tximinoa -Esan zuen Eliasek- Erdi Aroko teoria bat da, Deabruaren inguruko teoria. Horren arabera, deabrua saiatzen da Jainkoaren benetako kreazioa imitatzen, horretan aldaketa hutsalak egiten. Egia esan, epistemologikoki hitz eginda, ideia sofistikatuegia da. Munduaren zati guztiak faltsuak direla esan nahi al du? Ala batzuetan mundu osoa dela faltsua? Edo hainbat mundu daudela, bat egiazkoa, besteak ez? Mundu matrize bakar bat al dago, azken finean, eta horren ikuspegi ezberdinak ikusten ditu jendeak? Horrela, zuk ikusten duzun mundua eta nik ikusten dudana ez dira mundu bera?

Kixmi –Jainkoaren tximinoa- benetan zer den ikusiz gero, galdera horien guztien erantzuna izango genuke. K. Dickek erantzuna iradokitzen digu dagoeneko: Inperioa ez da egiazkoa.

Zein Inperioz ari gara, baina?

Inperioa, bat eta bera beti

Philip K. Dickentzat Inperioa singularra da. Bat eta bera izan da beti, Historian hainbat itxura hartu arren: Egiptokoa, Erromakoa, Espainiakoa, Hitlerrek eratu nahi izan zuena, egungo kapitalismo postindustriala eta beronen espektakuluaren gizartea…

Kixmi, berriz, Inperioaren ordenua itxura hutsa dela salatzen duen irudia da, jentilen mitoan zein Aguirreren baltsan.

Lotura honi jarraiki, argi geratzen da non aurkituko ditugun Kixmiren kontzeptu eta errepresentazioak. Kixmi topatzekotan, Inperioa eremu berrietara zabaldu izan den une historiko eta gune geografikoetan aurkituko ditugu. Antzinagoko herri edo zibilizazio bati Inperioa ezartzen zaionean agertuko dira boterearen faltsukeriaren salaketak. Inperioaren pitzadurak agertzen hasten direnean ere aurkituko dugu Kixmi.

  • Ni naiz Jainkoaren amorrua. Nor dago nirekin?

Esaten die Aguirre El Doradoko lehendakariak tximinoei. Zenbat Aguirre, zenbat El Dorado izan dira historian?

Zenbat Kixmi haien ispilutan?

Erantzun bat “AGUIRRE LEHENDAKARIA” bidalketan

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude