Tipo honek kutsu klandestinoa ematen dio denari.
Bigarren eskuko esaldia da aurrekoa. CRASH David Cronenbergen (irudian) filman esaten du Rosanna Arquette aktoreak (ez dut gogoratzen esaldia J.G. Ballarden eleberrian ere datorren). CRASHen ez dute Alberto Peñalbaz hitz egiten, jakina. Han Vaughan deituriko pertsonai batetaz esaten dute. Vaughan auto istripuek eragindako zauriekin obsesionaturiko medikua da, eta talka historikoak errekreatzen ditu, istripu-ikuskizun klandestinotan.
Peñalbak ez ditu auto istripurik antzezten. El juguete de Mari liburuxka argitaratu zuen 1999an, Jakue Pascual soziologoarekin batera. Kixmiren inguruan hitz egiteko hitzordua egin genuen aurreko astean.
Peñalbarekin ere, edozein gauzak konspirazioa ematen du. Beltzez jantzita dator, goitik behera, eta oso baxu hitz egiten du. Zaila zitzaidan esaten zuena ulertzea treneko zaratarekin. Izan ere, elkarrizketa tren batean egitea aukeratu zuen.
–Euskal jentilentzat Kixmi Inperioaren irudia zela esan zenuten El juguete de Mari liburuan -bota nion, aurkezpen labur baten ondoren- Zergatik, ordea, tximua erabili hori irudikatzeko? Zergatik ez, esaterako, hipopotamoa, edo beste edozein animalia edo gauza?
–Tximua da, animalien artean, gizakiarekin antza handiena duena -erantzun zidan- Erdi Aroko pentsamenduan, deabrua Jainkoaren tximua da, hau da, Jainkoa bezalakoa izan nahi duena, hura imitatzen saiatzen dena. San Agustinek esaten zuen hori. Alde batetik Jesu Kristo (Jainkoa) ahalguztiduna dago, egiaren erresuman errege, eta bestetik, deabrua, faltsukeriaren erregea. Orduan, mitoa ikusita, berehala honako galdera datorkigu burura: zergatik esaten dute Jesu Kristo (Jainkoa) deabrua dela?
Pausa dramatiko bat egin zuen hor. Amua botata zuen, eta bazekien irensten hasia nintzela.
–Erdi Aroan Inperioren batasuna erlijioan datza -jarraitu zuen, azkenean- Kristautasuna zen Europa mendebaldeko erresuma guztiek komunean zeukatena; eta Erromako Inperiotik zutik geratu zen instituzio bakarra Eliza zen. Beraz, katolizismoa Euskal Herrira ailegatzean, Inperioaren instituzioak ekarri zituen berarekin. Kolonizazio prozesua hedatu zen, eta Inperioak uniformazioa inposatu zuen: bere legea, morala eta egitura politiko-ekonomikoa. Kixmiren mitoa kolonizazio horri buruzko kondaira da. Mito horrek esaten diguna zera da: orain arte ezagutu dugun mundua amaitu da betirako, hau da, bukatu da munduaren ikuspegi bateratua eta mundu horrek sortzen zituen berdinen arteko harremana. Orain beste mundu batean gaude, eta mundu berri hau faltsukerian datza. Mediazioaren sistema ezarri da. Hemendik aurrera gure arteko harremanak, eta munduarekin daukagun harremana, Inperioak definituko ditu eta ez guk.
Azken finean, munduaren bi kontzepzio erabat desberdin eta kontrako daude hor. Alde batetik, Inperioaren ikuspuntua, mundu hierarkikoa, separazioan oinarritutakoa, eta, bestetik, berdinen arteko komunitatearen ikuspuntua, elkartasunean oinarrituta. Honetan, komunitateko kide baten askatasuna beste guztien askatasunaren bermea da.
–Ez dakit separazioarena ondo ulertu dudan, moztu nion.
–Begira -jarraitu zuen tonu didaktikoan- gai ez bagara behar den bezala bizitzeko, gure bizitza antolatzeko ahalmena besteen eskuetan utzi behar dugu, gutxi batzuen eskuetan, alegia. Sistema moral arbitrario batean gaude, bekatari bezala. Gurea da akatsa eta hutsa, jaiotzeagatik. Beraz, ezin izango dugu libre izan sistema hori barneratu, gurea egin, eta bete arte.
Erabat inozoa ez emateko, erasora jotzea erabaki nuen une horretan:
–Erdi Aroko herexia baten arrastotzat jotzen duzue Kixmirena, baina Joxe Miel Barandiaranek Ataunen jaso zuen kondaira. Nolatan iraun du Ataun bezalako gune batean? Ez al da jauzi handiegia egitea, Durangoko Erdi Aroko giro hiritarretik nekazari bazter kontserbatzaile batera pasatzea?
Trenaren ateak ireki dira. Piercing ugari ezpainetan eta Sex Pistolsen elastikoa daraman gazte bat sartu da. Leku libre asko egon arren, dozena bat letxu plastikozko zorro batean daramatzan baserritar baten ondoan eseri da.
–Euskaldunok tximinoaren irudia erabiltzeak zera esaten digu: Inperioaren kontra ari ziren beste korronteekin harremanak izan ziren; eta gure ustez konexioa zaharragoa ere izatea litekeena da. Euskal Herria ez da jendeak pentsatzen duen bezain isolatua izan. Konexioak eta harremanak egon ziren lehenengo kristauekin eta paganoekin historian zehar. Durangoko biztanleak eta langileak XV. mende erdialdean heresetzat jo zituzten, baina hortik urte gutxira, XVI. mende hasieran, sorgintzat jo zituzten. Durangon, heresiak eta herri sinesmenek bat egin zuten emakumeen eskutik. Heresiaren bultzatzaile nagusienetariko bat Beaten mugimendua zen. Mugimendu honetan alargunek hartzen zuten parte, baita emakume gazteek ere. Izan ere, ez da harritzekoa sorginen eta herexeen lotura emakumeetan egotea, Inperioaren errepresio handiena emakumeek jasan behar izan zuten eta. Eliza etorri zenean, emakumeak komunitateko zati garrantzitsuenetariko bat izatetik, Jaungoikoaren eta gizonen emazte hutsak izatera kondenatu zituzten.
Inperioaren uniformaziotik kanpo geratzen zen guztia jazarri zuten -jarraitu zuen Peñalbak- sorginak, herexeak, juduak, musulmanak eta herri xumea ere. Durangoko hereseak krisialdi ekonomiko eta politiko batean sortu ziren, eta begardoak eta izpiritu libreak Elizaren eta boterearen kontra aritu ziren. Hereseak blasfemoak ziren, ondasun guztiak komunean jartzearen aldekoak ziren, ez zuten hierarkian sinesten, ez zuten Eliza benetako Elizatzat jotzen eta emakumeen eta gizonen arteko harreman libreagoak bultzatzen zituzten.
Ilun zen kanpoan. Bagoiaren kristaletan geure buruak ikusten genituen.
–Kixmiren mitoan Elizak berak sortutako sinboloa erabiltzen ari gara jarraitu zuen Peñalbak- baina zentzua alderantziz ulertuta. Durangon, sinesmen zaharrak hizkuntz berri bat, hiri baterako eta garai berrietarako egokitua, aurkitu zuela esan dezakegu.
Marilyn Mansonen bideoarena etorri zitzaidan gogora:
–Sinbolo, hitz edo irudi bati buelta emateari detournement *esaten zioten situazionistek. Baina zertan dira ezberdin* detournement hori eta satanisten zozokeriak, gurutzea hankaz gora jartzea eta meza beltza, esaterako?
Are serioago jarri zen Peñalba, ez zuen konparazioa gogo onez hartu, nonbait.
–Satanistek ez dituzte baloreak zalantzan jartzen erantzun zuen-. Kontrakoa egiten dute besterik gabe. Satanista izatea kristautasunaren erakundeko kide izateko beste modu bat da. Kolorea aldatzen da, zuria beltz bihurtzen da, baina baloreak berdinak dira. Kixmiren mitoaren kasuan, ordea, Kristoren irudia beste testuinguru batean jartzen da, kolonizazioaren historiaren metafora bihurtzen da. Detournement da Kixmi, sinboloaren zentzua irekitzen delako. Izan ere, boterearen egia deuseztatzen denean, bide guztiak irekitzen dira.
Pika etorri zitzaigun txartel eske, erdaraz. Peñalbak bonoa zuen. Nik ere bai.
–Ongi, ados esan nion, elkarrizketaren haria berriz hartzeko- Onartzen dizut Kixmi mito zaharrak erdi Aroko herexeengan eta geroko sorginengan lekua aurkitu izana. Baina zuek harantzago zoazte: Kixmiren mitoaz irakurketa situazionista egiten duzue eta punk mugimenduarekin eta 1980ko hamarkadako okupazio eta gaztetxeekin lotzen duzue. Posible al da antzinako kondaira bati halako irakurketa garaikidea ezartzea? Ez al dago hor anakronismorik?
–Anakronismoa izango da historiaren irakurketa lineala egiten baldin badugu. Historia une eta jauzi kualitatiboz egina dago, berriz. Europan azpihistoria ezkutua dagoela esan dezakegu, inperioaren ukapenaren historia, hain zuzen. Pasabidez josita dago historia, baina hauek topatzeko lotailu errebertsiblea aurkitu behar da.
–Denboran bidaiatzeaz ari zara? galdetu nion- Garai batetik bestera salto egiteko pasabide edo leizeak erabilita?
Trena tunel batean sartu zen.
–Denbora espazio bilakatzea ariketa intelektuala da, betiere. Greil Marcusek Lipstick Traces liburuan ematen zuen lotailu errebertsiblearen ideia. XVI. mendeko Jan van Leyden heresea eta XX. Mendeko bukaerako John Lydon (Johnny Rotten) punkaren izenak ia berdinak zirela nabarmendu zuen, eta hori erabili zuen bi garaiak eta bi mugimenduak lotzeko -argitu zuen.
–Ate bat da, azken finean, lotailu alderanzgarri delako hori?
–Ate horiek badira, garai ezberdinak lotzen. Hala gertatzen da Historian erantzunik gabe geratzen diren galderak berriz sortzen direlako.
–Kixmirena adibidez?
–Adibidez. Kixmiren mitoa indartsua da oraindik, Inperioaren irakurketa garaituen ikuspuntutik ematen duelako. Irakurketa honek zera dio: boterearen Egia faltsua da. Hor dago lotailu errebertsiblea. Hori da denbora espazio bilakatzen duen atea.
Trenaren ateak ireki dira. Inor ez da atera, eta inor ez da sartu, oraingoan.
–Baina kristautasuna ez da dagoeneko boterea. Nahiko ahulduta dagoela dirudi. Zer nolako interesa izan dezake egun Kixmiren ideiak
–Erdi aroan botere harremanak diskurtso erlijiosoan garatu behar ziren, erlijioa baitzen ideia guztien agertokia. Hau da, erlijiotik at zegoena ez zen existitzen. Eta instituzio katolikoak boterearekin bat egiten duenez, azken finean, boterearen diskurtsotik at geratzen zena ez zela existitzen esan dezakegu. Benetako arazoa separazioa da, hau da, gizarte harremanak idei abstraktu baten bitartez baldintzatuta egotea. Eta metafisika honen jarraipena merkantziaren munduan aurkitzen dugu gaur egun. Nola daiteke nik nire lanez egindako gauza bat nire aurrean jartzea eta horrek beste pertsonekin daukadan harremana baldintzatzea? Merkantzia Boterearen praxia da, munduaren errepresentazio bat eta mundua sortzeko era bat. Espektakuluak (merkantzien mundua) gizarte honetan desberdin izateko aukera guztiak ematen dizkigu, beste gizarte posible bat eraikitzeko desioa abandonatzen badugu, betiere. Baina espektakuluan desberdina izateko aukera bakarra merkantzia desberdinak kontsumitzea baino ez da. Beraz, sistemak inposatzen duen utilitarismoaren logika barneratu behar dugu, faltsukeria egiatzat hartuta. Espektakulua Kixmi da.
Aulkitik altxatu zen Alberto Peñalba. Amaitua zen elkarrizketa.
Ni hemen jaitsiko naiz-esan zidan.
Nik aurrera jarraitu behar dut -erantzun nion.
kaixo Eli!
orain arte ez naiz idaztera animatu baina esan beharra daukat hasiera-hasieratik guztiz engantxatuta nagoela zure blog honekin.
beti eduki izan dut Kixmi-rekiko kuriositate puntu bat eta asko poztu ninduen zu ikerketa interaktibo bat egiteko asmotan zenbintzala jakiteak.
animo! jarraitu ni bezalako irakurle kuriosoei gauza interesgarri gehiago ezagutarazten
Eskerrik asko Oihana.
oso ondo definitu duzu blog hau: ikerketa interaktiboa.
Hori izan nahi du behintzat. Orain arte ez da interaktibotasun askorik egon, edonola ere. Erantzun gutxi behintzat.
Blogak tonu intelektualoidegia duelako, batzutan, gertatzen da hori nire ustez.
Eskerrik asko zure iruzkinarengatik. Badakizu laguntza behar dudala.
I think it OK’ its just that we have to try to be better
Great Blog. Thank you… seo company
aber esto es una puta mierdaaaaaaaaaaaaaaaaaaaaaaaaaaaaaaaa
aber esto es una puta mierdaaaaaaaaaaaaaaaaaaaaaaaaaaaaaaaa
Bikaina elkarrizketa,
kixmi tipula da, bere mila geruza metatuekin… askapena geruzen arteko ihes-bide bat topatzea da… zure dimentsioa eskuak irin-artean dituela harrapatzea; zur eta lur gelditzen da eta “beno, beno… pasa zaite gurera baina ez minik egin arren!!” dio ikaraz. –baina nun eta nola har liteke ezustean kixmi…? hau da gaur filosofiaren galdera bakarra, irrifarre sakratu delako horrena. Ze akademiak onar lezake halakorik.
galdera honekin badut denborapasa…
ez da makala zure kapritxo fetitxe ipurgorri hau ere!
zinez zoriondu behar zaitut zure blog alai bitxi honengatik.
bide batez,
Songoku gain-gizakia (mendebaldeko gizakiaren errepresentazio japoniar ironikoa) tximu erraldoi bihurtzen da ilargipean; Ice Ventura maskota detektibeak tximutxoa du bidai lagun sinpatikua (nahasmen guztietatik ateratzen du)… aurrei kixmi aurkezteko bi modu ote? bata heroikoa, sublimea, ikaragarri, liluragarria… bestea “bittu kixmi ze sinpatikue, nola libratzeun ezer esan gabe Ice tentela gaiztoetatik, ke grrrrrrazioso!”.
beno horiek etorri zaizkit gogora derrepente… zuk hobeto planteatu ditzakezu, batez ere songokurenak beste bueltaren bat izan dezake.
oain bai, aio!