Zergatik euskararen erabileraren hautua egin?

Askotan, hainbat hizkuntzalari eta soziolinguistika adituk familiari aitortu izan diote euskararen transmisioan funtsezko garrantzia. Eta guk ere horrela uste dugu.

Horregatik, beharrezkoa ikusten dugu gurasoek edota familiako kide helduek euskararen erabileraren hautua egitea, azken finean ahalegin pertsonal honi esker emango baita integrazio linguistikoa.

Hizkuntza baten transmisioa ez da emango soilik hizkuntza jakitean baizik eta erabiltzerakoan transmitituko da. Hizkuntza erabileraren hautua egiterakoan ematen diogu balioa hizkuntzari, bestela hizkuntza bat ez jakitea eta ez erabiltzea gauza bera izan baitaiteke.

Arrasaten, neurri handi batean, euskaraz bizitzeko aukerak izan baditugu, baina hautu pertsonala falta zaigu, hau da, euskara etxean, kalean, lanean… haurrekin, gazteekin, beste guraso eta helduekin, aiton amonekin… euskaraz egitea. Gure ondorengoek euskaraz bizitzea nahi badugu, guk, helduok,  eman behar dugu lehen pausua eta hautua egin. Azken finean, gurasoen edo helduon eskuetan baitago haurren euskara ikasteko prozesua indartzea eta erraztea. Eta horrela, haurren lehen hizkuntza halakoa bada, horrelako hiztuna izango baita!

Beraz, eredu izan gaitezen helduok eta egin dezagun hautua. Haurrek ikusten dutenaz ikasten dute eta!

 

Aizpea Otxandiano – Txatxilipurdi Elkarteko kidea

Kategoria: Sailkatugabeak. Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude