Intimitatea

Lainu artean, lapurtutako intimitatearen bila

Belainu artean, lapurtutako intimitatearen bila

Hondakinak gaika biltzeko atez ate sistemaren aurka agertzen direnek beste gauza batzuen artean intimitatearen kontrakoa dela diote.

Zintzilikarioetan ez du jartzen inoren izenik, soilik zenbaki bat; beraz, nork jakingo du norena den Kuboa? Kuboak itxita daude, beraz, barruan zer dagoen ez da ikusten. Bestalde, hondakinak atez ate sistemarekin jasotzen den  herrietan oraindik ez dut ikusi inor kuboak zabaltzen eta barruan zer dagoen begiratzen. Nik gutxienez ez dut afizio hori…  Hondakinak jasotzen ibiliko dena, bai, horrek begiratuko du ea ondo egin dugun edo ez ikusteko. Hori bai, oso memoria ona izan beharko du jakiteko 456 zenbakia duen kuboak zer zuen barruen, eta oroitu edo ez, ez du jakingo norena den

Edozein modutan, herri honetan hondakinen kuboan baino beste leku askotan galtzen da intimitatea. Eroskira joaten zaretenean, eta gaur egun handik pasatzen gara gehienok, kareta batekin egiten dituzue erosketak? Denak ikusten dugu zer erosi duen albokoak, baina badirudi kasu horretan intimitateak bost axola.  Farmazian, tabernan, arropa dendan… denok ikusten dugu batak eta besteak zer erosten duten. Hor dirudienez zuentzat ez dago arazorik…

Herri honetan intimitatea beste leku batzuetan galtzen da eta ez hondakinen kuboan. Bankuetan, kaleetan, gasolindegietan, errepideetan, dendetan eta auskalo zenbat leku gehiagotan zaintza-kamerak daude eta erabat kontrolatuta gaude guztiok, baina horrek ez du garrantzirik, ez?

Bestalde, aurretik ederki asko ezagutzen genuena, egun hauetan baieztatu egin da; telefonotik eta internetetik egiten dugun guztia kontrolatu egiten digute. Eta zuek hondakinen kuboan galtzen dugun intimitateaz kezkatuta.

Sentitzen dut hain garbi esatea, baina batzuen negozioa defendatzeko edo norberaren erosotasuna babesteko hori baina aitzaki hobea bilatu beharko duzue.

Kategoriak Sailkatugabeak | Utzi iruzkina

Agerraldi jendetsua Arrasaten, atez atekoari aukera bat ematearen alde

Gaurko agerraldi jendetsuarekin  Zero Zabor filosofia dugunok  pozik egoteko arrazoiak baditugula uste dut. Beste jende asko, gauza bat dela, bestea dela  ezin izan da etorri. Etorri zaretenoi eta bihotzez ere hor egon zareten guztioi eskerrik asko. Oraindik badugu bidea egiteko, baina guztiok pixka bat eginez murriztu, berrerabili eta birziklatu filosofiatik gertuago egongo gara. Eta guretariko bakoitza garrantzitsua du, guretariko bakoitzak bere inguruan eragin dezake pentsatzen duena argumentuekin indartsu defendatuz. Bestalde, edozeinek modu antolatuan, gurekin batera zerbait egin nahi badu, gure ateak irekita daude. Jarri zaitez harremanetan gurekin! Hurbildu zaitez!

Arrasateko zero Zabor taldeak %80tik gora birziklatzearen alde

Arrasateko zero Zabor taldeak %80tik gora birziklatzearen alde

Jarraian Agerraldian irakurri den testua osoa duzue:

Arrasateko Zero Zabor taldea aspalditik ari da lanean Arrasaten, batez ere kontzientziazio arloan. Hitzaldi ugari antolatu ditugu eta kalean ere maiz egon gara esku-orriak banatzen eta jendearen iritziak jasotzen eta zalantzak argitzen.

Gure filosofia hiru hitzekin laburbil daiteke murriztu, berrerabili eta birziklatu. Ez da zaila eta mundu honetan guztiok daukagunez gure lekua guztion artean zaindu behar dugu ama lurra.

Ezin dugu jarraitu orain arte bezala! Azken 20 urteetan gure zaborra bikoiztu egin dugu, eta gainera, gaika bildu beharrean horren % 80 birziklatzea lortzeko, gehiena nahasita botatzen dugu, eta ondorioz, % 33 bakarrik birziklatzen da Gipuzkoan. Izugarrizko despilfarroa izateaz gain, nahita ere ezingo dugu horrela jarraitu, milioika urtetan sortu diren lehengaiekin mende batean amaitu dugulako.

Nora goaz horrela? Zer utziko diegu gure seme-alabei? Hartu duzue tartetxo bat horretan pentsatzeko? Hemen gaudenok, bai; eta urratsak ematen hasi behar dugula pentsatzen dugu. Gutako bakoitzak zertxobait eginda, gauzak erabat aldatuko lirateke; izan ere, % 33 birziklatu beharrean, %80 birziklatuko genuke. Ez zaizue iruditzen aldaketa itzela dela % 33tik % 80ra pasatzea? Horretarako ohiturak pixka bat aldatu behar ditugu! Zabor guztia poltsa batean bota beharrean, lau poltsatan banatzea gehiegi eskatzea dela iruditzen zaizue?  Zuetako askok esango duzue: “Hori orain ere egiten dugu”. Jakina! Baina, ez guztiok! bestela birziklatze ehunekoak askoz handiagoak izango ziren eta errealitatea hor dago. Inork ezin du egin nahi duena, bere erabakiekin gainerakoei kalte egiten badie. Nola aldatuko dugu gizarte hau urrats txiki hori egiteko prest ez bagaude?

Arrasateko Zero Zabor taldekoAndoni, Itsaso eta Jokin

Errauskailua martxan jarri edo %80 gaika bildu, beste aukerarik ez dugu ikusten. Arrasaten izan genuen errauskailu bat martxan 1982tik 1997ra arte, aldundiak ixteko agindua eman zuen arte dioxina, furano eta gas kopuru ikaragarri handiak isurtzen zituelako. Orain teknologia hobea dela diote batzuek. Eta horrela da, baina gauza bera esaten zuten Chernobilen eta Fukushiman energia nuklearrari buruz. Errealitateak erakutsi digu ikasi dugu teknologia berriek ere  huts egiten dutela. Hemen gaudenok ez dugu errauskailuaren arriskuak dastatzerik nahi, are gehiago jakinda gure ohiturak pixka bat aldatuz ez dugula horrelako gailu baten beharrik. Eta Arrasaten ez badugu nahi, nola eska dezakegu beste toki batean jartzea? Bestalde, minbiziak, arnas aparatuko gaixotasunek eta bestelakoek zure etxeko norbait jotzen dutenean, nola azalduko duzu zuren erosotasuna beste guztiaren aurretik jarri duzula? Nola begiratuko diezu bilobei begietara?

Jende asko atez atekoari aukera bat ematearen alde

Jende asko atez atekoari aukera bat ematearen alde

Gipuzkoako hainbat herritan erakutsi duten bezala, %80tik gora bildu daiteke gaika atez ateko sistemarekin. Guretzat garrantzitsua ez da sistema, guk %80tik gora birziklatu nahi dugu, baina orain arte Gipuzkoan atez atekoarekin bakarrik lortu dira zifra horiek, eta gainera, hilabete batean. Debagoienan bertan badugu adibide bat, begiratu Antzuolako emaitzei. Bai Antzuolan bai gaika biltzen hasi diren Gipuzkoako beste 8 herrietan, lehen hilabetetik %80 baino gehiago bildu dute gaika. Laster Oñatin ere gauza bera gertatuko da. Gaika biltzea erraza da. Hasieran, aldaketek beldurra ematen dute, baina guk ziurtatu ahal dizuegu hiru hilabete baino lehenago guztiok ohituta egoteaz gain, harro egongo garela mundu garbiago bat egiten arituko garelako. Eta krisi garai hauetan beste datu garrantzitsu bat: 700 lanpostu sortuko ziren Gipuzkoan gure hondakin tasa igo gabe.

Hemen gauden guztiok eta beste askok ahalegin txiki hori egin nahi dugu eta hondakinak gaika bildu. Ausartak gara! Eskuzabalak izan nahi dugu! Naturaren eredu zirkularra errespetatuz, gizarte hobea sortuko dugu. Bildu dezagun gaika, eman diezaiogun aukera bat atez atekoari!

Kategoriak Sailkatugabeak | 4 iruzkin

Murala Biteri plazan errauskailua baztertzeko eta alternatiba eskaintzeko

Ekainak 8, larunbata. Zero Zabor taldeak antolatuta Arrasateko artista batzuek mural ikaragarria egin dute Biteri plazan. Eguraldia ez da ona. Euria ari du eten gabe, baina umoreari eutsiz, azpiegitura prestatzen hasi gara, buzti gabe lanean aritzeko.

DSCN1378

Lau ordu pasatu ondoren azpiegitura kendu eta murala agerian gelditu da. Artista Gaztetxoek, gazteek eta ez hain gazteek lan itzela egin dute! guztiok gogotsu, errauskailua,  kolore gris eta beltz koloreekin irudikatua, gure bizitzatik baztertu dugu irudian, herritarrek, kolore argitsuekin, murriztuz, berrerabiliz eta birziklatuz errauskailuri erregai guztia kentzen diotela irudikatuz.

DSCN1408

Era berean Zero Zabor taldekook zintzilikarioa bat jarri dugu Biteri plazan, gaur egun erabiltzen dugun kontenedore berde bat ondoan jarriz, biak konparatzeko. Eskuorriak banatu ditugu gaika bilduz lortuko ditugun emaitzak erakusteko eta  herritarren zalantzak argitzeko. Interes handia pizten du zintzilikariok kuboekin beteta. Jendea hurbildu egiten da, galdetu egiten du eta kuboak ukitu egiten ditu. Ezjakintasun handia dago eta azalpenak entzun ondoren jendea lasaiago joaten da.

Batzuek ados daude eta gure lana eskertzen dute. Beste batzuek zalantzak dituzte, baina gure azalpenak errespetuz entzuten dituzte. Eta badira, jakina, ez dutenak ezer entzun nahi eta inolako errespeturik gabe zikinkeria itzela!, zuek zintzilikatu zintuzkedan!, kontra nago! eta horrelakoak jaurti dizkigutenak. Hori bai, gure argudioak ez dituzte nahi entzun.  Argudio zentzudunak ditugu eta agian pentsatuko dute horiek entzunez gero, buruari hainbat buelta eman beharko diotela eta kontraesanetan eror daitezkeela.

Datozen egunetan eta asteetan kalean jarraituko dugu, iritzi desberdinak errespetu handiz entzuten, azalpenak ematen, beldurrak baztertzen, gure ilusio transmititzen, gaika bilduz zikloa itxi egiten dugula adierazten eta gu guztiok oso garrantzitsuak garela transmititzen.

DSCN1411

Datorren asteartean, ekainak 11, Monterron parkean egingo dugu agerraldi jendetsua arratsaldeko 18:30ean. Pentsatzen baduzu errauskailu bat ez dugula behar Arrasaten (hemen izatea ez baduzu nahi, uste dut beste toki batean egotea ere ez duzula nahiko) eta gaika %80 baino gehiago birziklatu daitekeela etorri zaitez.

Eta ez zaitez etorri bakarrik, eman honen berri zure lagunei eta ekarri zurekin honekin ados dauden guztiak. Euri tanta batek ez du bustitzen, baina tanta askok uholdeak sortzen dituzte. Egin dezagun uholde bat murriztuz, berrerabiliz eta birziklatuz.

 

Kategoriak Sailkatugabeak | 4 iruzkin

Zorionez, oso poliki, baina aldatzen goaz

Aldaketa handiak egon dira munduan zehar guztioi eraginez. Gure herrian ere egon dira aldaketa ugari gure herriari eta hemengo herritarrei modu indartsuan eraginez. Guk, euskaldunok, gure txikitasunetik unibertsoari egin diezaiokegun ekarpena handiena da gu geu izaten jarraitu, gurea zainduz, gurea babestuz eta gurea elikatuz, baina beti gizarte justuagoa egiteko norabidean. Gaurkoan, era nahasian, goian aipatutako horietako aldaketa batzuk ekarri nahi ditut hona.

1955eko egun batean emakume beltz batek, Rosa Parks-ek, ez zion utzi bere autobuseko jarlekua gizon zuri bati, legeak esaten zuen bezala, eta espetxean amaitu zuen. Eskubide zibilen aldeko txinparta piztu zen EBetan ekintza xume horrekin. Arrazakeria bizirik dago oraindik, baina gaur egun gazte asko altxatzen dira bere jarlekua adineko pertsona bati uzteko, koloreari begiratu gabe. Arrazakeriarik gabe mundu hobean biziko gara.

Europan XX. mendearen hasiera/erdira arte, herriaren arabera, emakumezkoek ez zuten izan bozkatzeko eskubidea eta emakumezkoen borroka luze eta gogor baten ondorioz bakarrik lortu zuten eskubide hori. Emakumezko borrokalari horiek jipoituak, irainduak, mespretxatuak, espetxeratuak eta erahilak  izan ziren. Eta sarri genero bera zuten pertsonengandik. Gaur egun pentsaezin izango litzateke emakumezkoak bozka eman ez ezina, nahiz eta oraindik ez aspaldi erabat “normala” zen. Emakumeen eskubideak errespetatuta mundu hobean bizi gara.

Homosexualek izugarriak jasan dituzte mendeetan. Irainduak, ospitalizatuak, espetxeratuak, jipoituak izan dira eta hildakoak ere ugari izan dira. Pertsona bat maitatzeagatik jasan dituzte horiek guztiak, herritarren artean jarrera onena isiltasuna izan denean. Borroka luze eta gogor baten ondoren, pertsona hauen eskubideak errespetatzen hasi gara, baina, zoritxarrez, oraindik bide luzea dugu egiteko. Nor gara gu edozeini esateko zein jarrera sexuala izan behar duen, edo nor maite behar duen esateko? Urratsak egin dira, baina bidea luzea izango da oraindik.

30-40. hamarkadan faxismoaren aurkako erresistente eta borrokalari ugariri esker faxismoa garaitua izan zen Europan, Estatu espainiarrrean izan ezik. Jasandako sufrimendua itzela izan zen, baina horien altruismoari esker, mundu hobean, baina oraindik asko hobetzeko duen mundu batean, bizi gara. Gerra amaitu zenean herritar guztiak ziren erresistente Frantzian, gerra garaian ez hainbeste.

XX. mendeko 60-70 hamarkadan  gizon-emakumezko askok apustu itzela egin zuten ikastolak sortuz eta euren seme-alabei euskara hutsezko heziketa eskainiz eta euskararekiko maitasun ekintza itzela eginez. Zoroak, ezjakinak, guraso eskasak eta horrelako adjektiboak jasan zituzten. Irakasleak berriz komunistak ziren, deabruak. Eurei esker gaur egun Euskal Herriko lurralde askotan hezkuntza gehiena euskarazkoa eta kalitatekoa da. Hurrengo erronka ezagutzatik erabilerara pasatzea litzateke.

70-80 hamarkadan Euskal Herrian mugimendu indartsua sortu zen zentral nuklearren aurka. Askok bizia galdu zuten. Azak jan eta astoan ibili behar genuen. Geroztik, ikusi dugunean Ukrania edo Japoneko istripuetan milaka pertsona hiltzen, arnasa sakon hartu eta esker onekoak agertzen gara lortu zelako Euskal Herrian horrelakorik ez egotea.  Nuklearrik gabeko mundu batean arrisku gutxiago daukagu.

XXI. mendera arte gure etxeko ur zikin guztiek errekan amaitzen zuten guztiok ezagutzen ditugun ondorioekin. Gaur egun, gure erreka bazterretatik, estolderietatik bideratzen ditugu araztegietaraino. Bertan, tratatu eta garbitu ondoren, errekara isurtzen dira inolako kalterik eragin gabe. Kontzientzia ekologikoa izan duten pertsonen urteetako lana izan da. Eta ondorioz, gaur egun gure erreketan kiratsa itzela egon beharrean, arrainak ikus ditzakegu berriz.

Hondakinei dagokionez, ezin dugu kutsatzen segi eta ezinbestekoa da murriztu, berrerabili eta birziklatu hirukia jarraitzea. Erosotasuna, ezjakintasuna, berriari beldurra eta horrelakoak ezin dira izan beti bezala egiten jarraitzeko aitzakia. Eta dirua dutenek ezin dute esan beraiek zergak ordaintzen dituztela eta kito. Dirua izateak ez du patentea ematen beste guztiok kutsatzeko, gu guztion osasunarekin jolasteko eta gure eta gure seme-alaben etorkizuna arrisku larrian jartzeko. Murriztuz, berrerabiliz eta birziklatuz zikloa itxi egiten dugu eta sortzen duguna eta gelditzen denaren arteko oreka jasangarriagoa lortzen da.

Agertu gaitezen arrazismoaren aurka, gure aurrean dagoenak zenbat diru duten begiratu aurretik; feminismoa defenda dezagun bide justu eta egokitik doalako; maitatu nahi duzuna eta utzi besteei gauza bera egiten; izan gaitezen erresistente gerra garaian eta ez ondoren soilik; herri bakoitzak izan dezala bere hizkuntza eta kultura defendatzeko aukera,  autodeterminazio eskubidearen alde eginez; izan gaitezen zentral nuklearren aurkakoak  hauek eraiki aurretik eta ez istripuak daudenean eta hondakinak murrizteaz gain, jarri dezagun bitartekoak sortzen duguna ama lurrera garbi itzultzeko.

Aurreko aldaketa guztiak hasiera batean batzuk bultzatuta egin dira. Izan gaitezen ausartak…

Kategoriak Sailkatugabeak | 3 iruzkin