Erraustegiek gure osasunean eragina itzela dute. Eta hondakinak jasotzeko aukeratuko dugun sistemaren arabera erraustegia derrigorrezkoa izango da edo ez.
Datorren, uztailaren 23an, asteartean, Arrasate Zero Zabor taldeak hitzaldi bat antolatu du Kultur Ateko areto nagusian arratsaldeko 19:30ean. Iñigo Suberbiola sendagileak azalduko digu erraustegiak gizakiengan duen eragina. Hitzaldia gaztelaniaz izango da.
Hainbat txosten daude erraustegia eta minbizia lotzen. Nik lerro hauetan bi aipatuko ditut:
Lehena, 2004an Gipuzkoako Sendagileen kolegioan izan zen sinposiuma. Bertan, aurretik 500 sendagilek sinatu zuten dokumentua egiaztatzeaz gain, osatu egin zen. Beste gauza askoren artean esaten zen osasuna ingurumenarekin erabat lotuta dagoela eta giza minbizien %90 baino gehiago, ingurumen faktoreek sortzen dituztela. Horrez gain, eragina guztiengan izan arren, haurrak izaten direla kaltetu handienak dosiak eta pisu txikiak kalteberagoak egiten dituztelako.
Bigarrena, 2012ko urrian argitaratu zuen “Environment International” aldizkariak. Lan hau Madrilgo Carlos III.go Osasun Institutuko ikertzaile talde batek egin zuen eta 1997 eta 2006 artean egindako lan sakon batean oinarrituta dago. Izan ere, lan hau egiteko 8.098 herri aztertu zituzten eta 129 instalazio.
Honako hau azpimarratzen dute:
Errausketa tratamendu termiko bat da, kartzinogeno aitortuak zein ustezkoak sortzen dituena, hala nola dioxinak, artsenikoa, kromoa, bentzenoa, HAPak, kadmioa, beruna, tetrakloroetilenoa, hexaklorobentzenoa, nikela eta naftalina (European Commission, 2006).
Eta horrela jarraitzen dute:
Gure ikerketan aurkeztutako emaitzek arrisku handiagoa erakusten dute minbizi mota guztiak aintzat hartuta eta birikako minbizian eta, bereziki, hazkunde nabarmenak pleura eta behazuneko tumoreetan (gizonezkoak) eta urdailekoetan (emakumezkoak).
Gauza asko daude esateko gai honen inguruan eta horretarako ekarri du Arrasateko Zero Zabor Taldeak sendagile bat. Ez galdu aukera eta hurbildu zaitez uztailaren 23an, asteartean, Kultur Atera. Iñigo Suberbiolak sakon aztertuko du gaia eta hitzaldi honetatik argudio gehiagorekin aterako gara guztiok.