Hondakinak gaika biltzeko atez ate sistemaren aurka agertzen direnek beste gauza batzuen artean intimitatearen kontrakoa dela diote.
Zintzilikarioetan ez du jartzen inoren izenik, soilik zenbaki bat; beraz, nork jakingo du norena den Kuboa? Kuboak itxita daude, beraz, barruan zer dagoen ez da ikusten. Bestalde, hondakinak atez ate sistemarekin jasotzen den herrietan oraindik ez dut ikusi inor kuboak zabaltzen eta barruan zer dagoen begiratzen. Nik gutxienez ez dut afizio hori… Hondakinak jasotzen ibiliko dena, bai, horrek begiratuko du ea ondo egin dugun edo ez ikusteko. Hori bai, oso memoria ona izan beharko du jakiteko 456 zenbakia duen kuboak zer zuen barruen, eta oroitu edo ez, ez du jakingo norena den
Edozein modutan, herri honetan hondakinen kuboan baino beste leku askotan galtzen da intimitatea. Eroskira joaten zaretenean, eta gaur egun handik pasatzen gara gehienok, kareta batekin egiten dituzue erosketak? Denak ikusten dugu zer erosi duen albokoak, baina badirudi kasu horretan intimitateak bost axola. Farmazian, tabernan, arropa dendan… denok ikusten dugu batak eta besteak zer erosten duten. Hor dirudienez zuentzat ez dago arazorik…
Herri honetan intimitatea beste leku batzuetan galtzen da eta ez hondakinen kuboan. Bankuetan, kaleetan, gasolindegietan, errepideetan, dendetan eta auskalo zenbat leku gehiagotan zaintza-kamerak daude eta erabat kontrolatuta gaude guztiok, baina horrek ez du garrantzirik, ez?
Bestalde, aurretik ederki asko ezagutzen genuena, egun hauetan baieztatu egin da; telefonotik eta internetetik egiten dugun guztia kontrolatu egiten digute. Eta zuek hondakinen kuboan galtzen dugun intimitateaz kezkatuta.
Sentitzen dut hain garbi esatea, baina batzuen negozioa defendatzeko edo norberaren erosotasuna babesteko hori baina aitzaki hobea bilatu beharko duzue.