Jose Ignacio Asensiok 2015eko gaikako bilketa eta birziklapen datuak eman dituenean, berriz ere nire buruarekin hitz egiten hasi naiz ozen. Ez dakit ez ote den bilakatuko mania bat.
Gipuzkoa osoan hondakinen %48,49 biltzen da gaika – esan diot nire buruari.
Bataz bestekoa hori baldin baduk herri askotan %40a edo gutxiago bilduko duk gaika -erantzun dik nire barruko ahots horrek.
Beno, baina errealitatea da gora egin dugula, gutxi, baina gora. Eta hori ere garrantzitsua da, ez?
Gora egitea beti duk ona, baina hi! Hemen Debagoienan %78an ari gaituk. Eta nora ari dituk begira gaika biltzen ez duten gipuzkoarrak? Beste adibide bat jarriko diat, honekin agian argiago ikusiko duk. Kendu zaborra eta jarri soldata. Debagoiendarron soldata txikiena 2000€ izatea lortuko bagenu, zenbat denbora uste duk egongo liratekeela beste gipuzkoarrak galdetu gabe nola lortu dugun soldata hori? Orduan borrokatuko lukete hori lortzeko, jakina, baina hondakinak dituk…
Bai, arrazoia duzu. Oso komodoak gara gauza batzuetarako. Dena dela, herritarrak gauza bat dira eta agintariak beste bat. Agintariek ardura bat dute eta herri handi, ertain eta txikiak emaitza horiek lortzen badituzte eskualde batean, logikoena izango litzateke eskualde horretara joatea eta horien esperientziaz interesatzea, ez? Europa aipatzen dute behin eta berriz, baina Europak agindutakoa erraz gainditu daiteke hilabete gutxi batzuetan.
Gaika biltzea ezin duk izan aukera bat- erantzun du azkar nire barne ahotsak. – Tasak igotzeko ez ziotek inori galdetzen igo egiten ditiztek eta kitto. Ez duk kezkagarria ez egitea gauza bera hondakinak jasotzeko?
Zu beti gaizki pentsatzen- erantzun nion. Pentsatzen dute herritarrek eskubidea dutela nahi duten bezala egiteko.
Edo nahiago ditek gaika ez biltzea gehiegi. – erantzun zidan azkar. Bestela non legoke erraustegia eraikitzeko aitzakia? Hiru hilabetetan ia %80 gaika bildu badaiteke, zertarako kristo gastatu behar diagu hainbeste diru erraustegi batean, are gehiago bere etxe inguruan inork ez duenean nahi horrelakorik. Nork nahi dik bere etxe ondoan erraustegi bat? Eta, gizalegea jarraituta, neuretzako nahi ez dudana besteentzat ez da ona izango, ezta?
Bai, nik gutxienez ez nuke nahiko. Gu hemen ondo ari gara. Nahiko iskanbila izan ditugu, baina gaur egun ondo gabiltza. Kontzientzia dago eta gauzak ondo egiten ari gara. Eta begira, Txalotu beharrean Gipuzkoa osoko zabortegia bilakatu nahi dute Epele. Asensiok esan du atez ate edo txipduneko edukiontziekin gaika biltzen dugunok emaitza hobeak ditugula garbi eta argi, baina merezi genuke gutxienez aipatzea zenbat jasotzen dugun gaika esatea, ez duzu uste?
Niri ez etorri lelokeriekin, hor atzean interes ekonomiko batzuk egon behar dituk. Edozein preziotan egin nahi ditek errauskailua! Harrokeria kontu bat ez duk izango , ez?
Hainbeste diru jokoan dagoenean, zaila iruditzen zait arrazoi nagusia harrokeria izatea.
Euren dirua izango balitz ez lukete egingo, ziur! Baina herritarren dirua denez, tasak igo eta listo. Hori bai, galdeketarik gabe! Herri baten gaika biltzea edo ez oso oso garrantzitsua duk eta jenderi galdetu behar zaiok, baina erraustegi bat egitea edo ez zertarako galdetu. .. Horrek sortzen dituen hauts eta ikusten ez diren partikulak baina gure birikietan sartzen direnak ez dituk arriskutsuak … Jendearen minbizi eta beste gaixotasunen aukerak handitzearena fabula bat duk… Besta gauza asko ezingo dituk egin Gipuzkoan errauskailuarekin zor ikaragarrietan sartzen bagaituk, baina tira… txikikeriak…
Epeleko zabortegia kutsakorra egin edo ez galdetuko diete herritarrei, ez?
Hi ametsetan ari haiz edo… Ez diete galdetuko, ez. Oroitzen haiz Aurreko legealdian Zestoan inerteentzako zabortegia egitea proposatu zenean, aukera emanez jendeari bozkatzeko, nola ibili zen telebista eguna joan eta eguna etorri esaten kutsakorra zela eta abar. Orain EITBri entzun diok zerbait Epeleko zabortegiari buruz?
Begira. Asensio jauna, Debagoienan ez dugu nahi zabortegi kutsakorrik, eta ez dugu nahi errauskailurik, ez hemen, eta ez beste inon.
Eta Debagoienako mankomunitatea isil-isilik…