Gabon, Josu. Hemen jarri nauk ordenagailuaren aurrean igande gauean, hirekin partekatzeko aste bukaeran gertatu diren gauza guztiak. Azkenengo aldiz ostegunean egon gintuan, hi oso gaizki hintzan dagoeneko. Prest egon behar gintuan hire heriotzaren aurrean eta jarritako bilera aurretik azken kukua egiten hurbildu ninduan. Familia guztia zegoen bertan hire azken orduetan, aurretik bezala, maitatzen jarraitzeko prest eta beti bezala lagun asko pasatu hituen bertatik.
Agonia horrek ez zian iraun gehiegi, eta ostirala hasi bezain laster maitasunez inguratuta joan hintzan, Josu. Geroztik, hau itzela izan duk! Ezin duk imajinatu zenbat lagun pasatu diren Arrasatetik… Beno, aurretik ere makina bat bazkari egin dituk lagunen artean, beraz, gero ere etortzea normaltzat joko huan.
Ostiral arratsaldean kontzentrazio baten bidez salatu nahi izan genian hirekin egindakoa. Kontzentrazioa hasi bezain laster euria gogor hasi eta bukatu arte ez zuan gelditu. Zerua ere haserre hiri egindakoaz, bestela ezin ulertu euri jasa hura. Mela-mela bukatu genian, baina pozik jende asko hurbildu zelako. Garitak indartsu esan zian ez haizela hil, hil egin hautela. 2005ean minbizia agertu zenetik kalean egon behar hintzala salatu zian indartsu eta euren legedia ez zutela aplikatu. Era berean hi azkena izatea eskatu genian, gaixotasun larriren bat duten presoak kalera ditzatela, ez dugula nahi beste zerraldo bat ateratzea espetxe batetik. Arrasaten txori berri bat jaio zela ostiralean eta Bedoña eta Degurixa artean ibiliko zela. Eta horrela beste gauza ugari, eta ez hasi marmarrean denak merezitakoak izan zituan eta.
Hire hileta zibila larunbat eguerdian egitea pentsatu genian. Badakik, aurreko larunbateko manifestazio erraldoiaren ondoren, presoen abokatu gehienak atxilotu zituztela, ez? Eta jasotako diru guztia guardia zibilen eskuetan desagertzen ikusi genuela, ez? Bada, hori guztia salatzeko manifestazioa zegoen antolatuta Donostian arratsaldean, beraz, hire hileta zibila eguerdian egitea pentsatu genian. A! hil ondoren ere kamara guztiak atzetik izan dituk! Ez zekiat noiz arte jarraituko duten jazarpen honekin…
Aldai parkea jendez gainezka egon zuan larunbat eguerdian. Eguraldia era lasaitu zuan eta eguzkiak gurekin batera hartu zian parte ekitaldian. Sorozabalen martxa jarri genian indartsu eta gure barneraino sartu hintzan, Josu. Ileak tente genizkian eta malkoak airean. Beno, larri egon ninduan, baina ardurak zirela eta, eutsi egin nioan. Txalapartarien tartea etorri zuan segidan eta atzetik bertsolariak. Bertso itzelak, Josu, barru barrutik botatzen diren horietakoak. Jarraian dantzaria eta honi ere hanka bat altxatu ahala malko batek ihes egiten zioan. Lore eskaintza honen segidan, lorez inguratua egon hintzan, Josu. Sentitzen diat, baina emozioaz inori ez zitzaigun bururatu patxaran pixka bat ekartzea.
Taldearen izenean nik hartu nian hitza eta berriz ere salatu genian 2005ean libre utzi ez izana. Borroka luze baten ondoren libre utzi ondoren, berriz ere espetxeratu nahi izana salatu genian; ez diagu ahaztu nahi etxean egon hintzala preso. Hori bai, beste preso guztiak bezala, preso, baina duin! Jende guztiari esan genioan inoiz ez dituala presoak ahaztu eta beti jarraitu duala haiei idazten azken unera arte. Eta indarrik gabe ere, hire buruarekin haserretzen hintzela ezin huelako idatzi. Eta jendeari esan genion, berria jakin bezain laster ziega ilun eta isolatu askotan malko asko isuri direla. Eta oraingoan aukera eman genian izar, txori edo arrano bezala itzultzeko, espetxeetako lagunak babesteaz gain, Euskal Herriaren bizkarrak zaintzeko. Lan handiegia agian, ez, Josu? Egin ahal duana, gelditzen denaz gu arduratuko gaituk eta. Beste gauza asko esan genian, guztien gainetik gaixo dauden presoak ateratzeko exijitu genian behin eta berriz, eta ez gaituk nekatuko.
Hire lagunek ere bidali zioaten mezu hunkigarria barrutik eta Inesen ahotik entzun genian. Bukatzeko, hire anaia Jabik hartu zian hitza, jendeari ezker ona emateko. Hau ere larri ibili zuan prestatu zizkian lerroak ahoskatzeko. Zer nahi duk, ez duk erraza, jende guztia emozioz gainezka gintuan hori bai era berean tinko eta harro hire lagunak izateagatik. Hi, bukatzeko nola ez, hire gustuko abesti bat, Xalbadorren heriotza entzun zuan Arrasate osoan. Gero, Eusko Gudaria amaitu ondoren, berriz ere Sorozabalen martxarekin esan genian agur.
Arratsaldean Donostian milaka pertsona elkartu gintuan manifestazioan. Eta igandean berriz manifestazio nazionala Arrasaten. Aste betean zazpigarren ekitaldi/salaketa zuan eta hala eta guztiz ere makina bat jende hurbildu duk gaur. Preso ohi ugari ikusi dizkiat egun hauetan hangoak eta hemengoak. Jende asko etorri duk hirekin egindakoa salatzera, hiri agur esatera eta gaixorik dauden preso guztiak ateratzeko eskatzera. Amaieran Arrasateko bi gaztek abesti eder bat eskaini ditek eta bukatzeko Mariasunek azkenengo aste honen kronika egiteaz gain, hirekin egindakoa salatu dik.
Ilunkaran euskarazko antzerkia ikusten egon nauk Amaia antzokian. Arrastoak zian izenburua. Ikaragarria lau aktoreak zein lan itzela egin duten. Eta izenburua hirekin lotu diat, Josu, batzuk mundu honetatik pasatuko dituk inola arrastorik utzi gabe, hi berriz, hemen geldituko haiz luzaroan. Ni gauzak lotzen ibiltzen nauk beti, eta aktore hauen lan itzela, hire borroka itzelaz lotu diat, hire duintasunaz, eta lagunei idazteko indarrik gabe hengoelako nola haserretzen hintzan hire buruarekin, buruak errua izango balu moduan. Eta heriotzari aurre egitea gutxi izan balitz bezala, beste hiru estamenturi: polizialari, juridikoari eta mediatikoari egin behar izan diok aurre, eta hik erakutsitako sendotasuna eta grina ikusita, nire buruari esan zioat, Euskal Herriko herritarrok ez diagu nahiko indar eta kemen izango urtarrilaren 10ekoa bezalako manifestazioak lehenik hiruhilero egiteko? Aurrerago hilero egiteko eta kasurik egiten ez bazigutek astero? Gaixorik dauden presoak kalera ateratzeko hori duk bidea. Madrilek, Estatuak, euts dezakeen baino presio gehiago egitea. Josu, hemen ez zagok errezeta magikorik; planifikazio egokia, ilusioa eta nahia, hori besterik ez. Herri honek jarraituko duelakoan nagoK eta.
Bukatu duk aste-bukaera lerro hauek idazten ari naizen bitartean. Gogorra izan duk, Josu, oso gogorra. Merezi duan bezalako agurra eskaintzea izan duk gure helburua eta uste diat lortu egin dugula. Hik erakutsitako duintasunaz erantzun dik herri honek, Josu. Eta tentsioa apaltzen ari den honetan, lerro hauek idazten amaitzen ari naizenean, bi malko lerratu zaizkidak masailatik behera. Hamabiak dituk eta baniak ohera. Bihar beste egun bat izango duk. Bidean elkartuko gaituk, Josu.
Ez adiorik Josu! Guk ere ez diagu amorerik emango!
-
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- Ainhoa Erkizia(e)k Zorionez, oso poliki, baina aldatzen goaz bidalketan
- Pedro Horrillo(e)k EAJ-PNV-k horrela egiten ditu iruzurrak Zizurkilgo atez ateko galdeketa simulakroan bidalketan
- enrike(e)k Agerraldi jendetsua Arrasaten, atez atekoari aukera bat ematearen alde bidalketan
- Arrasaten Atez Atekoari aukera ematea eskatzeko elkarretaratzea egin dute | Zero Zabor(e)k Agerraldi jendetsua Arrasaten, atez atekoari aukera bat ematearen alde bidalketan
- kepa(e)k Agerraldi jendetsua Arrasaten, atez atekoari aukera bat ematearen alde bidalketan
Artxiboak
Kategoriak
Meta