Lehen munduan jaiotzeko zortea izan dugunok, oro har, ondo bizi garela onartu behar dugu. Nahiz eta hemen ere gero eta jende gehiagok zailtasunak izan hilabete bukaerara heltzeko.
Bizi kalitatean aurrera egin dugu eta urte gehiago bizi gara. Baina errealitateak behin eta berriz erakusten digu heriotza eta gaixotasuna gure inguruan lasaitasun handiz ibiltzen direla han eta hemen kolpatuz; askotan urritikoei, baina batzuetan gertukoei ere kalte eraginez.
Orain aipatu nahi dudan lagunak ikasketak amaitu ondoren negozio bat jarri zuen. Bera nagusi eta bera langile. Gaztetsua zen, eta gazte izaten jarraitzen du. Ahalegin handia egin zuen, negozioan inbertituz bizimodua aurrera ateratzeko. Eta nola ez, ilusio guztia bertan jarri zuen. Jendez gainezka zuen kontsulta eta ordu luzeak pasatzen zituen lanean.
Adineko jendearekin egiten zuen lan asko eta gurekin maitekorra zen bezala, eurekin ere jarrera bera izaten zuen. Lana ondo egiteaz gain, maitasuna ere transmititzen zien, horretan inoiz nekatu gabe.
Eta bat-batean gaixotasunak kolpatu zuen. Alaitasuna tristura, inpotentzia eta ezintasun bilakatu zen. Ezin zuen lanik egin, ezin zuen ohiko maitasuna transmititu eta hanka sartze bat edo beste egingo zuen bezeroekin hasieran, lana utzi arte. Hori ere eritasunaren eraginez, jakina.
Borroka luzea eraman du aurrera. Askotan desesperazioak gainditu du. Ezin zuen ulertu, zergatik berari? negar ugari ere egin du, jakina. Baina borrokan jarraitu du eta azkenean, poliki-poliki osasuna berreskuratu du.
Urtarrilean lanean hasi zen berriz ere. Kezkatuta dago ez duelako lan handirik. Zituen bezero asko beste profesional batzuengana joan zaizkio. Baina aurrera egiteko prest eta gogotsu dago.
Berarekin egoten naizenean animoak ematen dizkiot eta gaixotasuna gainditzeko indarra izan badu, poliki-poliki bezeroak ere berreskuratuko dituela esan ohi diot.
Eta nik neure buruari behin eta berriz galdetzen diot. Ematen ditugu bigarren aukerak? Nik zalantza daukadanean ariketa sinple bat egiten dut eta nire buruari galdetzen diot ni egoera horretan aurkituko banintz, nola nahiko nuke jendeak tratatzea gaia? Eta zintzo erantzunez, denok dakigu zein den erantzuna, ez?
Maite zaitugu, lagun, hori ez ahaztu inoiz. Animo, lortuko duzu eta!!!