Jose Ignacio Asensio diputatuak esandakoari buruz hausnartzen

Jose Ignacio AsensIMG-20160225-WA0002iok 2015eko gaikako bilketa eta birziklapen datuak eman dituenean, berriz ere nire buruarekin hitz egiten hasi naiz ozen. Ez dakit ez ote den bilakatuko mania bat.

Gipuzkoa osoan hondakinen %48,49 biltzen da gaika – esan diot nire buruari.

Bataz bestekoa hori baldin baduk herri askotan %40a edo gutxiago bilduko duk gaika -erantzun dik nire barruko ahots horrek.

Beno, baina errealitatea da gora egin dugula, gutxi, baina gora. Eta hori ere garrantzitsua da, ez?

Gora egitea beti duk ona, baina hi! Hemen Debagoienan %78an ari gaituk. Eta nora ari dituk begira gaika biltzen ez duten gipuzkoarrak? Beste adibide bat jarriko diat, honekin agian argiago ikusiko duk. Kendu zaborra eta jarri soldata. Debagoiendarron soldata txikiena 2000€ izatea lortuko bagenu, zenbat denbora uste duk egongo liratekeela beste gipuzkoarrak galdetu gabe nola lortu dugun soldata hori? Orduan borrokatuko lukete hori lortzeko, jakina,  baina hondakinak dituk…

Bai, arrazoia duzu. Oso komodoak gara gauza batzuetarako. Dena dela, herritarrak gauza bat dira eta agintariak beste bat. Agintariek ardura bat dute eta herri handi, ertain eta txikiak emaitza horiek lortzen badituzte eskualde batean, logikoena izango litzateke eskualde horretara joatea eta horien esperientziaz interesatzea, ez? Europa aipatzen dute behin eta berriz, baina Europak agindutakoa erraz gainditu daiteke hilabete gutxi batzuetan.

Gaika biltzea ezin duk izan aukera bat- erantzun du azkar nire barne ahotsak. – Tasak igotzeko ez ziotek inori galdetzen igo egiten ditiztek eta kitto. Ez duk kezkagarria  ez egitea gauza bera hondakinak jasotzeko?

Zu beti gaizki pentsatzen- erantzun nion. Pentsatzen dute herritarrek eskubidea dutela nahi duten bezala egiteko.

Edo nahiago ditek gaika ez biltzea gehiegi. – erantzun zidan azkar. Bestela non legoke erraustegia eraikitzeko aitzakia? Hiru hilabetetan ia %80 gaika bildu badaiteke, zertarako kristo gastatu behar diagu hainbeste diru erraustegi batean, are gehiago bere etxe inguruan inork ez duenean nahi horrelakorik. Nork nahi dik bere etxe ondoan  erraustegi bat? Eta, gizalegea jarraituta, neuretzako nahi ez dudana besteentzat ez da ona izango, ezta?

Bai, nik gutxienez ez nuke nahiko.  Gu hemen ondo ari gara. Nahiko iskanbila izan ditugu, baina gaur egun ondo gabiltza. Kontzientzia dago eta gauzak ondo egiten ari gara. Eta begira, Txalotu beharrean Gipuzkoa osoko zabortegia bilakatu nahi dute Epele. Asensiok esan du atez ate edo txipduneko edukiontziekin gaika biltzen dugunok emaitza hobeak ditugula garbi eta argi, baina merezi genuke gutxienez  aipatzea zenbat jasotzen dugun gaika esatea, ez duzu uste?

Niri ez etorri lelokeriekin, hor atzean interes ekonomiko batzuk egon behar dituk. Edozein preziotan egin nahi ditek errauskailua! Harrokeria kontu bat ez duk izango , ez?

Hainbeste diru jokoan dagoenean,  zaila iruditzen zait arrazoi nagusia harrokeria izatea.

Euren dirua izango balitz ez lukete egingo, ziur! Baina herritarren dirua denez, tasak igo eta listo. Hori bai, galdeketarik gabe!  Herri baten gaika biltzea edo ez oso oso garrantzitsua duk eta jenderi galdetu behar zaiok, baina erraustegi bat egitea edo ez zertarako galdetu. .. Horrek sortzen dituen hauts eta ikusten ez diren partikulak baina gure birikietan sartzen direnak ez dituk arriskutsuak … Jendearen minbizi  eta beste gaixotasunen aukerak handitzearena fabula bat  duk… Besta gauza asko ezingo dituk egin Gipuzkoan  errauskailuarekin  zor ikaragarrietan sartzen bagaituk, baina tira… txikikeriak…

Epeleko zabortegia kutsakorra egin edo ez galdetuko diete herritarrei, ez?

Hi ametsetan ari haiz edo…  Ez diete galdetuko, ez.  Oroitzen haiz Aurreko legealdian Zestoan  inerteentzako zabortegia egitea proposatu zenean, aukera emanez jendeari bozkatzeko, nola ibili zen telebista eguna joan eta eguna etorri  esaten kutsakorra zela eta abar. Orain EITBri entzun diok zerbait Epeleko zabortegiari buruz?

Begira.  Asensio jauna, Debagoienan ez dugu nahi zabortegi kutsakorrik, eta ez dugu nahi errauskailurik, ez hemen, eta ez beste inon.

Eta Debagoienako mankomunitatea isil-isilik…

 

 

 

Kategoriak Sailkatugabeak | Utzi iruzkina

Ardura, akordioa eta elkartasuna zaborrarekin

Nork nahi du horrelakorik (argazkia, zero zabor)

Joan den astean Gipuzkoa osoko hondakin errefusa Epelera  ekarriko zutela zabaldu zen komunikabideetan eta geroztik hor ari naiz gai honi buruz hausnartzen.

-Eskualderen batera eraman beharko da zaborra -esan nion nire buruari.

-Horrelaxe duk -erantzun zidan nire barne ahotsak.

-Elkartasuna gauza handia duk!

-Baina barne ahotsak  berehala luzatu zidan beste galdera pare bat

-Baina zerekiko elkartasuna? Eta gaur egun zein eskualdek banatzen dik elkartasun gehien?

-Hau korapiloa…-Nik esango nuke elkartasuna planetarekiko izan beharko lukeela, guk egiten dugunak ondorio batzuk dituelako gure herritik kanpo. Beraz, elkartasuna planetarekiko, Europarekiko, Euskal Herriarekiko, Gipuzkoarekiko, eskualdearekiko…

-Horrela  dela uste diat-esan zidan barne ahotsak.

-Orduan hondakinen kontu honetan, gu geu debagoienarrok gara elkartasun gehien banatzen dugunok. Azken urteetan saiatu gara eta gaur egun %78 gaika biltzen dugu.

-Hori itzela duk! -Erantzun zidan barne ahotsak.

-Eta gainera,beste munduko ahaleginik egin gabe.Ezin dugu ukatu hainbat buruko min izan ditugula eta herritarren artean hika-mika ugari sortu direla herrietan.

-Baina zer nahi duk. Edozein aurrerapenek bere kostuak izaten dizkik!

– Egia. Baina oro har, gaur egun jendea harro dagoela uste diat. Hondakinen inguruko kontzientzia indartu duk!

-Orduan gu gara elkartasun gehien banatzen dugunok. Eta gainera, Gipuzkoa bertatik izan ezik, mundu guztiak txalotzen dik guk egindako ahalegina.

-Orduan, nola jokatu beharko genuke gai honekiko?

-Guk gure eredua esportatu beharko genuke Gipuzkoa osora. Gaur egun urtean 165.000 tona hondakin eramaten dira zabortegira Gipuzkoa osoan. Guk Debagoienan 5.000 tona eramaten ditugu urtean eta beste guztia birziklatu edo konpostatu egiten dugu(ia %80a). Gipuzkoa herri guztiek guk bezala egingo balute  gutxi gorabehera 60.0000 tona hondakin sortuko litzateke.

-Alde ederra zegok 165.000 tonatik 60.000 tonara, ez?

-Eta gainera ez hori bakarrik, errefusa nahiko garbia da eta tratamendu txiki batekin ez luke izango ondoriorik. Epelera ekarri nahi duten hondakin errefusa, ordea, nahasita egongo litzateke organikoarekin eta horrek kalteak dakar, horien artean metanoa eta usain txarrak, arratoi eta hegazti ugari, lixibatuak eta kamioien joan etorria hirukoiztu.

-Orduan zer eskatuko genieke guk Gipuzkoako beste herriei?

-Ba… oso sinplea da arduraz jokatzea eta Debagoienak bezala %80 inguru birziklatzea. Guk lortu badugu edozeinek lor dezake. Borondate kontua da. Eta helburua ez da zein sistemarekin lortu emaitza hori, helburua da %80 gaika biltzea nahi duten sistema erabilita.

-Orduan guk luzatu beharreko galdera horixe izan beharko luke, ez? Zuek zergatik ez duzue hondakinak gaika biltzen, lehenik etxean ondo sailkatu ondoren?

-Hori da, bai.

– Baina alderdi politikoak hondakinen gaia dela eta hika-mikan ari dituk, hori ez didak ukatuko? -Arrazoia duzu.  Baina Debagoienako alderdiak eta Gipuzkoa osokoak berdinak dira. Arrasate, Elgeta eta  Aretxabaleta gure eskualdean eta Ormaiztegi,  Zaldibi, Zestoa, Lezo eta  Billabonan herrietan akordioa lortu bada, zergatik ezin da lortu akordio bera Gipuzkoa osoan?

-Hori ez dagokit niri azaltzea, hori alderdi politikoek erantzun beharko lukete…

-Eta Epeleri buruz ari garela, beste galdera bat mankomunitateari. Epelen organikoa tratatzeko planta azarotik amaituta baldin badago, zergatik bidaltzen da gure organikoa urrutira bertan dugunean planta?

Beraz, norbaitek elkartasun hitza erabiltzen badu, ardura hitza ere erabil dezala.Ardura hitza oso garrantzitsua da. Izan ere arduraz jokatuz gero, gaika jasoko genituzke hondakinak etaarduraz jokatuz gero herritarrei kalte egingo liokeen errauskailua ere soberan egongo litzateke.  Jokatu dezagun guztiok arduraz, elkartasun mekanismoak martxan jartzea eskatu aurretik.

Neu ere joango naiz otsailaren 16an 18:00etan Debagoienako mankomunitatearen aurrean egingo den agerraldira, Gipuzkoako zabor nahasi guztia Epelera  ez ekartzeko.

Kategoriak Sailkatugabeak | Utzi iruzkina

Aste bukaerako kronika, Josu

Gabon, Josu. Hemen jarri nauk ordenagailuaren aurrean igande gauean, hirekin partekatzeko aste bukaeran gertatu diren gauza guztiak. Azkenengo aldiz ostegunean egon gintuan, hi oso gaizki hintzan dagoeneko. Prest egon behar gintuan hire heriotzaren aurrean eta jarritako bilera aurretik azken kukua egiten hurbildu ninduan. Familia guztia zegoen bertan hire azken orduetan, aurretik bezala, maitatzen jarraitzeko prest eta beti bezala lagun asko pasatu hituen bertatik.
Agonia horrek ez zian iraun gehiegi, eta ostirala hasi bezain laster maitasunez inguratuta joan hintzan, Josu. Geroztik, hau itzela izan duk! Ezin duk imajinatu zenbat lagun pasatu diren Arrasatetik… Beno, aurretik ere makina bat bazkari egin dituk lagunen artean, beraz, gero ere etortzea normaltzat joko huan.
Ostiral arratsaldean kontzentrazio baten bidez salatu nahi izan genian hirekin egindakoa. Kontzentrazioa hasi bezain laster euria gogor hasi eta bukatu arte ez zuan gelditu. Zerua ere haserre hiri egindakoaz, bestela ezin ulertu euri jasa hura. Mela-mela bukatu genian, baina pozik jende asko hurbildu zelako. Garitak indartsu esan zian ez haizela hil, hil egin hautela. 2005ean minbizia agertu zenetik kalean egon behar hintzala salatu zian indartsu eta euren legedia ez zutela aplikatu. Era berean hi azkena izatea eskatu genian, gaixotasun larriren bat duten presoak kalera ditzatela, ez dugula nahi beste zerraldo bat ateratzea espetxe batetik. Arrasaten txori berri bat jaio zela ostiralean eta Bedoña eta Degurixa artean ibiliko zela. Eta horrela beste gauza ugari, eta ez hasi marmarrean denak merezitakoak izan zituan eta.
Hire hileta zibila larunbat eguerdian egitea pentsatu genian. Badakik, aurreko larunbateko manifestazio erraldoiaren ondoren, presoen abokatu gehienak atxilotu zituztela, ez? Eta jasotako diru guztia guardia zibilen eskuetan desagertzen ikusi genuela, ez? Bada, hori guztia salatzeko manifestazioa zegoen antolatuta Donostian arratsaldean, beraz, hire hileta zibila eguerdian egitea pentsatu genian. A! hil ondoren ere kamara guztiak atzetik izan dituk! Ez zekiat noiz arte jarraituko duten jazarpen honekin…
Aldai parkea jendez gainezka egon zuan larunbat eguerdian. Eguraldia era lasaitu zuan eta eguzkiak gurekin batera hartu zian parte ekitaldian. Sorozabalen martxa jarri genian indartsu eta gure barneraino sartu hintzan, Josu. Ileak tente genizkian eta malkoak airean. Beno, larri egon ninduan, baina ardurak zirela eta, eutsi egin nioan. Txalapartarien tartea etorri zuan segidan eta atzetik bertsolariak. Bertso itzelak, Josu, barru barrutik botatzen diren horietakoak. Jarraian dantzaria eta honi ere hanka bat altxatu ahala malko batek ihes egiten zioan. Lore eskaintza honen segidan, lorez inguratua egon hintzan, Josu. Sentitzen diat, baina emozioaz inori ez zitzaigun bururatu patxaran pixka bat ekartzea.
Taldearen izenean nik hartu nian hitza eta berriz ere salatu genian 2005ean libre utzi ez izana. Borroka luze baten ondoren libre utzi ondoren, berriz ere espetxeratu nahi izana salatu genian; ez diagu ahaztu nahi etxean egon hintzala preso. Hori bai, beste preso guztiak bezala, preso, baina duin! Jende guztiari esan genioan inoiz ez dituala presoak ahaztu eta beti jarraitu duala haiei idazten azken unera arte. Eta indarrik gabe ere, hire buruarekin haserretzen hintzela ezin huelako idatzi. Eta jendeari esan genion, berria jakin bezain laster ziega ilun eta isolatu askotan malko asko isuri direla. Eta oraingoan aukera eman genian izar, txori edo arrano bezala itzultzeko, espetxeetako lagunak babesteaz gain, Euskal Herriaren bizkarrak zaintzeko. Lan handiegia agian, ez, Josu? Egin ahal duana, gelditzen denaz gu arduratuko gaituk eta. Beste gauza asko esan genian, guztien gainetik gaixo dauden presoak ateratzeko exijitu genian behin eta berriz, eta ez gaituk nekatuko.
Hire lagunek ere bidali zioaten mezu hunkigarria barrutik eta Inesen ahotik entzun genian. Bukatzeko, hire anaia Jabik hartu zian hitza, jendeari ezker ona emateko. Hau ere larri ibili zuan prestatu zizkian lerroak ahoskatzeko. Zer nahi duk, ez duk erraza, jende guztia emozioz gainezka gintuan hori bai era berean tinko eta harro hire lagunak izateagatik. Hi, bukatzeko nola ez, hire gustuko abesti bat, Xalbadorren heriotza entzun zuan Arrasate osoan. Gero, Eusko Gudaria amaitu ondoren, berriz ere Sorozabalen martxarekin esan genian agur.
Arratsaldean Donostian milaka pertsona elkartu gintuan manifestazioan. Eta igandean berriz manifestazio nazionala Arrasaten. Aste betean zazpigarren ekitaldi/salaketa zuan eta hala eta guztiz ere makina bat jende hurbildu duk gaur. Preso ohi ugari ikusi dizkiat egun hauetan hangoak eta hemengoak. Jende asko etorri duk hirekin egindakoa salatzera, hiri agur esatera eta gaixorik dauden preso guztiak ateratzeko eskatzera. Amaieran Arrasateko bi gaztek abesti eder bat eskaini ditek eta bukatzeko Mariasunek azkenengo aste honen kronika egiteaz gain, hirekin egindakoa salatu dik.
Ilunkaran euskarazko antzerkia ikusten egon nauk Amaia antzokian. Arrastoak zian izenburua. Ikaragarria lau aktoreak zein lan itzela egin duten. Eta izenburua hirekin lotu diat, Josu, batzuk mundu honetatik pasatuko dituk inola arrastorik utzi gabe, hi berriz, hemen geldituko haiz luzaroan. Ni gauzak lotzen ibiltzen nauk beti, eta aktore hauen lan itzela, hire borroka itzelaz lotu diat, hire duintasunaz, eta lagunei idazteko indarrik gabe hengoelako nola haserretzen hintzan hire buruarekin, buruak errua izango balu moduan. Eta heriotzari aurre egitea gutxi izan balitz bezala, beste hiru estamenturi: polizialari, juridikoari eta mediatikoari egin behar izan diok aurre, eta hik erakutsitako sendotasuna eta grina ikusita, nire buruari esan zioat, Euskal Herriko herritarrok ez diagu nahiko indar eta kemen izango urtarrilaren 10ekoa bezalako manifestazioak lehenik hiruhilero egiteko? Aurrerago hilero egiteko eta kasurik egiten ez bazigutek astero? Gaixorik dauden presoak kalera ateratzeko hori duk bidea. Madrilek, Estatuak, euts dezakeen baino presio gehiago egitea. Josu, hemen ez zagok errezeta magikorik; planifikazio egokia, ilusioa eta nahia, hori besterik ez. Herri honek jarraituko duelakoan nagoK eta.
Bukatu duk aste-bukaera lerro hauek idazten ari naizen bitartean. Gogorra izan duk, Josu, oso gogorra. Merezi duan bezalako agurra eskaintzea izan duk gure helburua eta uste diat lortu egin dugula. Hik erakutsitako duintasunaz erantzun dik herri honek, Josu. Eta tentsioa apaltzen ari den honetan, lerro hauek idazten amaitzen ari naizenean, bi malko lerratu zaizkidak masailatik behera. Hamabiak dituk eta baniak ohera. Bihar beste egun bat izango duk. Bidean elkartuko gaituk, Josu.
Ez adiorik Josu! Guk ere ez diagu amorerik emango!

Kategoriak Sailkatugabeak | Utzi iruzkina

Josu Uribetxeberriaren egoeraren inguruko hainbat galdera eta erantzun

 

..hankak arkaitz bati lotu dizkidate kate motz astun batez…

Zergatik askatu zuten Josu? Gaixotasun sendaezina zuen eta legeak esaten du kasu horretan dauden presoak askatu behar direla. Nik horri gehituko nioke Josu gose greba mugagabean jartzeak eta herri honen aldetik erantzun handia egoteak eragin zuela erabakian. Bestalde, araudi horretan badago baldintza ezkutu bat: Guardia zibili, polizia, militarra edo eskuindarra bazara berehala aplikatzen dizute araudia. Azken baldintza hau betez gero , bronkitis batekin edo depresio batekin atera zaitezke.Makina bat adibide daude…
Zein baldintza jarri zioten Josuri? Ezin zuen parte hartu inolako jarduera politikotan eta ezin zen irten Arrasatetik. Bi baldintza hauek zintzo bete ditu.
Orduan zergatik espetxeratu dute etxean? Ba, bizirik jarraitzen duelako. Eurentzat gehiegi ari da irauten eta hori ezin dute jasan. Beraz, guardia zibilak epaile baten laguntzarekin espetxeratu egin du etxean.
Zergatik ez dute epaitu lehenago ekintza horregatik? Auskalo… ziur asko torturapean ateratako deklarazioak besterik ez dira egongo eta tribunal demokratiko batean horrekin ezin da zigortu.
Zer aldatuko luke beste zigor batek Josuren espetxe egoeran? Ezer ez. Josuren kasuan 30 urte da bete dezakeen zigor handiena, beraz, nahiz eta beste mila urte bota, bere egoera ez zen aldatuko.
Guardia zibilek eta epaileek ez dakite hori? Jakina, inork baino hobeto!
Une honetara iritsita, berriz itzuli behar dut aurretik egindako galdera batera. Orduan, zergatik espetxeratu dute etxean? Aurreko guztia jakinda zuek zein ondorio ateratzen duzue?
Eta gu herritarrok ezin dugu ezer egin? Ezin duguna da gora begira gelditu. Arrasateko herritarrak egoera aldaketarekin hasi ginen mugitzen. Ezin dugu onartu Josu etxean espetxeratzea. Ez dugu nahi Josu lau pareta artean hiltzea. Josu bere bizitzaren azken fasea duintasunez igarotzea eskatzen dugu. Etxe aurreko zaindariak komisariara itzuli daitezela. Josu Arrasatetik zehar ibiltzeko aukera izatea aldarrikatzen dugu. Josuri , eta beste preso guztiei ere, aplika diezaiotela legea Galindori bezala. Ez dugu nahi ez gehiago eta ez gutxiago. Euren eskubidea da!
Eta Josuren lagunak, herritarrak, herriko plazatik aterako den manifestazio bat egitea pentsatu dugu Gonbidatuta zaudete guztiok Arrasateko herriko plazara etortzera, ekainaren 13an, arratsaldeko 19:0etan.Etor zaitezte manifestaziora! Erakuts dezagun gure haserrea! Josu askatu!
Giza eskubideak, konponbidea eta bakearen alde gaude. Eta zuek? Zatozte gurekin!

Kategoriak Sailkatugabeak | Utzi iruzkina

Heriotza-zigorra Josu Uribetxeberriarentzat

DSCN2921Urte asko daramagu espainolen bota demokratikopean. Ni aspaldi jabetu nintzen Estatu honekin ezin dela esan “gehiago ezin dute egin”, beti aurkitzen dutelako modua soka tenkatzeko. Hala eta guztiz ere, egun hauetan berriz esan dut sinesten ez dudan esaldi hori. Ondoren, zein inozo haizen esateko nire buruari. Josu lasai hiltzen utziko zutela pentsatu nahi izan dut.

Estatu honek duen ankerkeria maila areagotzeko gaitasuna hain handia da, beti aurkitzen duela bidea gu aho zabalik uzteko. Eta eskema behin eta berriz errepikatzen da.

Estatu honen aparatuak Trinitatea bezalakoa dira, hiru batean! Eta hiru horiek beti ez dira berdin erabiltzen. Oraingoan exekutiboak bere tresnak erabiliz zerraldo bat erosi du, judizialak Josu bertan sartu du bizirik eta legislatiboa lur palakadak botatzen hasi da. Sendagileek urtebete iraungo zuela esan zutenez eta dagoeneko gehiago pasatu denez, Josu hil baino lehenago lurperatzea erabaki dute! Herri-arnasa kendu nahi diote!

Eta gu, Josu maite dugunok, Josuren lagunok, ezin dugu horrelakorik onartu! Gogor salatu behar dugu egoera. Dagoeneko zerraldo gainean gaude, legeak eurek egiten dituztenez eskuak lotuta ditugu, baina zerraldo gainean dagoen lurra ahoarekin kentzen ari gara. Zuek palakada lur bota eta gu txandaka zerraldora jaitsi eta zuek botatakoa ahoarekin kentzen ari gara. Lan mardula hartu dugu, baina asko gara eta joango gara txandak egiten, Josuri lur guztia kendu behar diogu herri-arnasa hartzen jarraitu behar duelako.

Josuri lehendabizikoz minbizia aurkitu ziotenean libre utzi balute euren legeak dioen bezala, agian Josuk gaur egun baino osasuntsuago egongo litzateke. Baina ez zuten legea bete eta espetxean jarraitu behar zuela erabaki zuten, minbizia hedatu egin zitzaioan eta hala eta guztiz ere borroka luzea egin behar izan zuen/genuen kaleratzeko.

Josuk epaileak jarritako baldintza guztiak bete ditu aske egon den bitartean. Eurek gorroto eta mendekuaren bidea hartu dute ohi bezala eta 17 urtetan geldi egon den sumario bat ireki dute eta ezer berririk egon gabe Josuri askatasun mugatua (lehen ere ezin zen irten Arrasatetik) kendu diote. Josu ezin da irten etxetik! Josu preso da bere etxean! Zerraldo handi batean sartu dute, horrela bere heriotza areagotuko delakoan.

Herri honek orain arte bezala, jakingo du erantzuten. Josuren lagunak hasi gara antolatzen eta herri honek jakingo du herri-arnasa helearazten. Gure amorrua eta gure borroka, baina batez ere gure maitasuna bilaka dadila Josurentzat oxigeno. Maite zaitugu, Josu! Eutsi!

Kategoriak Sailkatugabeak | Utzi iruzkina

Geure buruarekin edo besteekin berdin jokatzen dugu?

 

Guk ere ez dakigu zer aurkituko dugu gure belaino azpian

Guk ere ez dakigu zer aurkituko dugun gure belaino azpian

Lehen munduan jaiotzeko zortea izan dugunok, oro har, ondo bizi garela onartu behar dugu. Nahiz eta hemen ere gero eta jende gehiagok zailtasunak izan hilabete bukaerara heltzeko.

Bizi kalitatean aurrera egin dugu eta urte gehiago bizi gara. Baina errealitateak behin eta berriz erakusten digu heriotza eta gaixotasuna gure inguruan lasaitasun handiz ibiltzen direla han eta hemen kolpatuz; askotan urritikoei, baina batzuetan gertukoei ere kalte eraginez.

Orain aipatu nahi dudan lagunak ikasketak amaitu ondoren negozio bat jarri zuen. Bera nagusi eta bera langile. Gaztetsua zen, eta gazte izaten jarraitzen du. Ahalegin handia egin zuen, negozioan inbertituz bizimodua aurrera ateratzeko. Eta nola ez, ilusio guztia bertan jarri zuen. Jendez gainezka zuen kontsulta eta ordu luzeak pasatzen zituen lanean.

Adineko jendearekin egiten zuen lan asko eta gurekin maitekorra zen bezala, eurekin ere jarrera bera izaten zuen. Lana ondo egiteaz gain, maitasuna ere transmititzen zien, horretan inoiz nekatu gabe.

Eta bat-batean gaixotasunak kolpatu zuen. Alaitasuna tristura, inpotentzia eta ezintasun bilakatu zen. Ezin zuen lanik egin, ezin zuen ohiko maitasuna transmititu eta hanka sartze bat edo beste egingo zuen bezeroekin hasieran, lana utzi arte. Hori ere eritasunaren eraginez, jakina.

Borroka luzea eraman du aurrera. Askotan desesperazioak gainditu du. Ezin zuen ulertu, zergatik berari? negar ugari ere egin du, jakina. Baina borrokan jarraitu du eta azkenean, poliki-poliki osasuna berreskuratu du.

Urtarrilean lanean hasi zen berriz ere. Kezkatuta dago ez duelako lan handirik. Zituen bezero asko beste profesional batzuengana joan zaizkio. Baina aurrera egiteko prest eta gogotsu dago.

Berarekin egoten naizenean animoak ematen dizkiot eta gaixotasuna gainditzeko indarra izan badu, poliki-poliki bezeroak ere berreskuratuko dituela esan ohi diot.

Eta nik neure buruari behin eta berriz galdetzen diot. Ematen ditugu bigarren aukerak? Nik zalantza daukadanean ariketa sinple bat egiten dut eta nire buruari galdetzen diot ni egoera horretan aurkituko banintz, nola nahiko nuke jendeak tratatzea gaia? Eta zintzo erantzunez, denok dakigu zein den erantzuna, ez?

Maite zaitugu, lagun, hori ez ahaztu inoiz. Animo, lortuko duzu eta!!!

Kategoriak Sailkatugabeak | Utzi iruzkina

Arkaitz Bellonen espiritu indartsua

Elorrio hunkituta eta gainezka

Elorrio hunkituta eta gainezka

Euskal Herriko herri gehienetatik sartuko zuten noizbait herritar bat auto batean eta edozein komisaria eta kuarteletan torturatu ondoren, sakabanatuko zuten gure herritik oso urruti dagoen espetxe batean, Audientzia Nazionaletik oniritzia jaso ondoren. Batzuk ETAko  militanteak ziren eta borroka armatua erabili zuten; beste batzuek kale borroka erabili dute Euskal Herriko demokrazia eza salatzeko; badira gazte erakunde batean militatzeagatik urteak egin dituztenak ziega ilun batean sakabanatuta eta, nola ez, Ezker Abertzaleko militantea izatea nahiko da aurrekoen tratu bera jasotzeko.

Aurreko mendean Europako herri guztietatik hartu zituzten judutarrak, ijitoak eta komunistak eta tren ilunetan sartu ondoren, kontzentrazio kanpoetara eraman zituzten. Horietako asko gas kameratan hil zituzten eta gero erre, tiroz hildakoak ere asko izango ziren, baina beste milaka pertsona gaixotasunez hil ziren. Norbait ausartuko litzateke esatera heriotza naturalez hil zirela kontzentrazio kanpoetan hil ziren horiek guztiak?

Espainiako ziegetan Euskal Herritar ugari ez dira heriotza naturalez hil, hil egin dituzte. Zertarako bestela eramaten dituzte hain urrun eta gainera urteak eta urtean eduki sakabanatuta Espainian zehar eta sakabanatuta espetxean bertan. Eta zein baldintzetan, sartu eta irten arte espetxe baldintza gogorrenetan! Zein da horren helburua? Pertsona suntsitzea, jakina! Mezu argia izan da urteetan jasan dutena:“edo damutzen zara edo zuk ikusi nola eusten diozun egoerari…”

Eta Arkaitz Bellon espirituz oso indartsu izan den arren eta jasandako egoera gogor horiei guztiei tinko eutsi egin badie ere, bere gorputzak ezin izan dio eutsi. Eta poliki-poliki bihotzean sartu dioten jelazko bala horrek egin du bere lana. Beraz, Arkaitz hil egin dute, baina jelazko balak urtu egiten direnez, proba guztiak desagertu egin dira eta heriotza naturalez hil da.

Baina kontzentrazio kanpoetan ez baziren hil heriotza naturalez, Estatu Espainoleko ziegetan Euskal preso politikoak ere ez dira heriotza naturalez hil!

17 urte lehenago Elorriko “Katxue” galdu genuen. Azken urtebetean hiru izan dira hildakoak. Eta beti esaten dugu hau azkena izan behar duela, baina beti dago beste bat, eta horrela izango da urtean bitan edo hirutan mobilizatuko garen bitartean. Ez badugu nahi beste heriotza naturalik egunero mobilizatzen hasi beharko gara eta preso guztiak Euskal Herrira ekarri lehenik eta etxera ondoren.

Arkaitz eta aurrekoan espiritu indartsua Euskal Herri osoan hedatu da, eta gure bihotzak oraindik triste dauden arren, indarrez beterik daude eta zuengatik, guregatik, borroka hau irabazi egin behar dugu.

Kategoriak Sailkatugabeak | Utzi iruzkina

Erraustegiak eta osasuna

Irudia1

Erraustegiek gure osasunean eragina itzela dute. Eta hondakinak jasotzeko aukeratuko dugun sistemaren arabera erraustegia derrigorrezkoa izango da edo ez.

Datorren, uztailaren 23an, asteartean, Arrasate Zero Zabor taldeak hitzaldi bat antolatu du Kultur Ateko areto nagusian arratsaldeko 19:30ean. Iñigo Suberbiola sendagileak azalduko digu erraustegiak gizakiengan duen eragina. Hitzaldia gaztelaniaz izango da.

Hainbat txosten daude erraustegia eta minbizia lotzen. Nik lerro hauetan bi aipatuko ditut:

Lehena, 2004an Gipuzkoako Sendagileen kolegioan izan zen sinposiuma. Bertan, aurretik 500 sendagilek sinatu zuten dokumentua egiaztatzeaz gain, osatu egin zen. Beste gauza askoren artean esaten zen osasuna ingurumenarekin erabat lotuta dagoela eta giza minbizien %90 baino gehiago, ingurumen faktoreek sortzen dituztela. Horrez gain, eragina guztiengan izan arren, haurrak izaten direla kaltetu handienak dosiak eta pisu txikiak kalteberagoak egiten dituztelako.

Bigarrena, 2012ko urrian argitaratu zuen “Environment International” aldizkariak. Lan hau Madrilgo Carlos III.go Osasun Institutuko ikertzaile talde batek egin zuen eta 1997 eta 2006 artean egindako lan sakon batean oinarrituta dago. Izan ere, lan hau egiteko 8.098 herri aztertu zituzten eta 129 instalazio.

Honako hau azpimarratzen dute:

Errausketa tratamendu termiko bat da, kartzinogeno aitortuak zein ustezkoak sortzen dituena, hala nola dioxinak, artsenikoa, kromoa, bentzenoa, HAPak, kadmioa, beruna, tetrakloroetilenoa, hexaklorobentzenoa, nikela eta naftalina (European Commission, 2006).

Eta horrela jarraitzen dute:

Gure ikerketan aurkeztutako emaitzek arrisku handiagoa erakusten dute minbizi mota guztiak aintzat hartuta eta birikako minbizian eta, bereziki, hazkunde nabarmenak pleura eta behazuneko tumoreetan (gizonezkoak) eta urdailekoetan (emakumezkoak).

Gauza asko daude esateko gai honen inguruan eta horretarako ekarri du Arrasateko Zero Zabor Taldeak sendagile bat. Ez galdu aukera eta hurbildu zaitez uztailaren 23an, asteartean, Kultur Atera. Iñigo Suberbiolak sakon aztertuko du gaia eta hitzaldi honetatik argudio gehiagorekin aterako gara guztiok.

Kategoriak Sailkatugabeak | Utzi iruzkina

EAJ-PNV-k horrela egiten ditu iruzurrak Zizurkilgo atez ateko galdeketa simulakroan

Ni galdeketa demokratikoen alde nago, jakina! baina pentsatzen dut hondakinak jasotzeko sistemaren inguruan ezin dela galdeketarik egin. Zergatik? galdetuko du norbaitek. Oso sinplea da. Hondakinak ondo kudeatzea ez da eskubide bat, ahal eta gehien birziklatzeko betebehar bat baizik. Gauza batean denok ados gaude, edo azaletik hori ematen du gutxienez, birziklatzea ezinbestekoa da!

Hori horrela baldin bada, bilatu behar dugu gehien birziklatzeko aukera ematen duen sistema. Beraz, ezin da bozkatu zein sistema erabiliko den, edo zein den erosoena niretzat, gehien birziklatzen duen sistema ezarri behar da eta kitto. Eta hori zerbait objektibo eta neurgarria da! Kontzientzia ere indartu behar da, baina hori ez da nahikoa. Zergatik? galdetuko du berriz norbaitek. Eta oraingoan adibide batekin erantzuten saiatuko naiz.

Zuek uste duzue gidatu behar denean alkoholik ez edateko kontzientzia badagoela? Jakina! Horretan ere kontzientzia asko igo da azken urteetan eta jendea kontuz ibiltzen da. Uste dut honetan ados egongo zaretela nirekin, ez? Hala eta guztiz ere, isunak ez balira egongo eta gidatzeko puntuak ez balituzte kenduko… Kuadrilla asko eta asko nola uste duzue joango zirela horiek kendu eta hurrengo larunbatean sagardotegira? Denok ezagutzen dugu erantzuna, ez? Beraz, gizakiok garen bezalakoak gara eta momentuz neurri zigortzaile batzuk behar ditugu, horiek gero eta gutxiago izatea espero dut.

EAJ-PNV, ordea, beste edozein gai inguruan orain arte galdeketa guztiak oztopatu eta debekatu izan dituenean, bat-batean galdeketen babesle handiena bezala agertu nahi du. Edozein gauzaren aurretik, galdeketa bat egiterakoan zintzotasunez jokatzeaz gain, konfiantza ere eskaini behar da. Eta hori da, hain zuzen ere, EAJ-PNV-k galdu duena Zizurkilen. Nik, egia esan, ez nuen ulertzen herritar talde batek eskaera hori eginda, zergatik ez zuten onartzen begiratzaileak mahaietan.  Beste talde batek, ordea, ederki frogatu du zergatik ez zuten nahi begiratzailerik…

Begira Egoitz Sorozabalek, Zizurkilgo EAJ-PNVko zinegotziak, nola uzten duen iruzurra egitea bideo honetan:

https://www.youtube.com/watch?v=V5uadTgD2ZI&feature=player_embedded

EAJ-PNV-ko Zizurkilgo alkate ohiak, Mari Angeles Lazkanok, ere iruzurra gauzatzen utzi du esteka honetan ikus daitekeen bezala:

http://www.naiz.info/eu/mediateca/video/irregulartasunak-atez-atekoaren-kontrako-plataformak-deitutako-herri-galdeketan

Beti lezioak ematen eta ipurdia bistan gelditu dira. Hauei herriko dirua kudeatzen uzteko moduan… Beste batzuen dimisioa eskatu beharrean, zeren zain zaudete zuen alderdikideena eskatzeko?

Kategoriak Sailkatugabeak | Iruzkin 1

Nork nahi du errauskailua bere herrian?

Edozein ekintza martxan jarri aurretik helburu bat jarri behar da. Guk hondakinak birziklatu behar ditugula pentsatzen dugu. Eta birziklatu behar dugu ahal eta gehien.  Eta zenbaki bat jartzekotan esango genuke %80tik gora gaika bildu daitekeela, beste herri batzuek erakutsi digutelako hori hilabete batean lor daitekeela.

Behin helburua finkatuta, hots, %80tik gora gaika biltzea, hori lortzeko zein bilketa sistema den egokiena pentsatu behar dugu. Gaur egun bi sistema daude aurrez aurre: bosgarren edukiontzia –honetan norbaitek gaizki egingo balu beste guztien ahalegina alferrikakoa izango litzateke– edo atez ate izeneko sistema –pertsonalizatua, norbaitek gaizki eginez gero, ondo egiteko esango zitzaioan eta beste guztiena ez zen alferrik galduko-.

Zergatik da hain garrantzitsua sistema ondo aukeratzea?  Bat edo bestea aukeratuz errauskailuaren beharra egongo litzatekeelako. Atez atekoarekin %80tik gaika bilduko genuen eta horrela alboratuta geldituko litzateke errauskailua. 5. edukiontziarekin, berriz, %40 ingurua biltzen da. Orain arte jarritako herri guztiek hori erakutsi  digute gutxienez. Eta derrigortuta egongo ginen errauskailua egitera.

Ondorioz, hondakinak jasotzeko edozein sistemari buruz hitz egin aurretik galdera bat egin behar diogu geure buruari eta zintzo erantzuten saiatu: zure etxe ondoan errauskailu bat nahi duzu? Zergatik da galdera hori hain garrantzitsua? Atez atekoa edo gaika biltzea derrigortzen duen beste sistema ez baduzu aukeratzen errauskailuari baiezkoa esaten diozulako. Gaur egun bezalako zabortegiak ezin direnez egin, edo %80tik gora birziklatzen duen sistema bat aukeratzen dugu edo zaborra erretzera derrigortuta gaude, erretze horrek berarekin dakarren guztiarekin: minbizia nagusiki, baina beste gaixotasun ugari era bai. Zergatik itxi zen Arrasatekoa?

Lantegi bateko langile batek lantegia ez ixteko sistema berri bat aurkeztuko balu produkzioa bostetik zortzira igotzeko, aldaketa txiki batzuk ezarriz, baina  lan berdintsua eginez, norbaitek ulertuko luke zuzendaritzak sistema berri hori ez aplikatzea?

Aurreko adibideko erabakia ulertuko ez bagenu. Nola onartuko genuke gure udaletxeak %40 gaika biltzeko sistema bat aukeratzea, dakigunean %80tik gora lor daitekeela beste sistemarekin. Nola onartuko genuke erosotasunarengatik errauskailu bat egin behar izatea?

Eta errauskailuaren inguruan beste kontu bat, orain arte errauskailua egiten saiatu diren herri guztietan herritarrengandik ezezko borobila jaso du. Zergatik? Hemen bozkatzeko aukerari buruz hitz egiten dugunean, agian bozketa bat egin beharko genuke Gipuzkoako herri guztietan galdetuz errauskailua nahi den edo ez eta gero, baiezko gehien jaso duen herrian eraiki. Hori izango litzateke demokratikoena, ez?

Atez ateko sistemari beldurra dionari, pixka bat pentsa dezan galdera bat egingo diot. Zergatik daude horrelako iskanbilak atez ate jartzerakoan eta behin hilabete batzuk ondoren, herri horietan ez da ezer entzuten. Hain sistema txarra izango balitz kontrako mugimendua indartu egingo litzateke, ez? Zuen ustez zergatik ez da sortzen?

Nire ustez,  alde batetik, atez ateko sistema erabiltzea erraza delako eta beste aldetik, harro sentitzen direlako gure ama lurrari eta euren buruei ekarpen hori egiten. Hondakinak, guk sortu guk kudeatu!

Kategoriak Sailkatugabeak | Utzi iruzkina