Tagged: fagor

Fagor Etxetresnen eta Mondragon taldearen komunikazioa eta tokiko hedabideak

Dagoeneko lerro asko idatzi da Fagorri buruz, baina, askoz gehiago –eta hobeto, kasu askotan– idatzi beharko da, ulertu ahal izateko zer gertatu den Fagor Etxetresnetan, Fagorren eta Mondragon taldean. Egia da, Fagorren auzian hainbeste kontuk egin dutela kale,  zaila dela erabakitzen non jarri fokua eta zein muturretik tira egin korapiloa askatzen hasteko. Nik tiratuko dut bereziki interesatzen zaidan hari-mutur batetik: komunikaziotik, edo hobeto esanda, komunikazio korporatibotik eta horrek tokiko hedabideekin duen harremanetik.

Akaso, “komunikazio korporatibotik” barik, “komunikazio korporatibo faltatik” esan beharko genuke Fagor eta Mondragon taldearen kasuan. Hori da, behintzat, asko eta askoren ahotan egon dena asteotan: Fagor Etxetresnek, Fagorrek eta Mondragon taldeak berak kale handia egin dute komunikazio alorrean, batez ere, krisiaren hasierako egunetan.

Batetik, batzuen zein besteen ordezkariak kostata eta berandu, oso berandu, agertu izan dira jendaurrean, hedabideen aurrean. Horrekin hautsi dute krisi komunikazioaren urrezko legea: ez ezkutatu, eman lehenbailehen eskura dituzun argibideak. Gainera, bulego zulotik atera direnean, ez dituzte zabaldu mezu argi, bateratu eta lagungarriak. Kontrakoa: nahasiak eta, sarritan, kontrajarriak izan dira esandakoak. Adibidez, Sergio Treviño Fagor Etxestresnetako Zuzendari nagusiak El País egunkarian “[lantegia] zarratuko digute, ezelako azalpen barik zarratu ere” zioen bitartean, Xabier Bengoetxea Fagorreko Errektore Kontseiluko presidenteak “errua geurea da” esaldia bota zuen Berria-n.

Beste alde batetik, esango nuke ez dutela jakin izan egoki erabiltzen kanpora zein barrura begiratzeko dituzten hedabideak: TU Lankide aldizkaria eta www.tulankide.com webgunea. Egoeraren larritasunak ez al zuen eskatzen, esaterako, azkar kaleratzea aldizkariaren gehigarri berezi bat edo webgunean irekitzea gune finko bat informatzeko, zalantzak argitzeko eta eztabaida modu eraikitzailean bideratzeko? Horien faltan, kooperatiban bertan barik, kale gorrian kokatu da eztabaida, modu nahasian kokatu ere: oinarrituta zurrumurruetan eta 24 orduko Makuto Irratiaren emisioan. Ondorioz, galduta ibili dira langileak, kaltetuak eta, oro har, herritarrak. Horietatik asko, gainera, sentitu duten informazio falta tarteko, oso kexu agertu izan dira han-hemenka.

Lehenetsi den bidea, alegia, bazkideei informazioa ematea aurrez aurreko bileretan, kooperatiba batean ezinbestekoa bada ere, herren geratu da. Batez ere, krisiaren tamaina ikusita, ez delako berau biribildu beste komunikazio-estrategia zabalago eta osatuago batekin.

Falta izan den komunikazio-estrategia zabalago horretan, egin duten akats handienetarikoa izan da ez dutela jakin izan ikusten tokiko –gertuko, herriko– hedabideen indarra eta eragina. Horregatik, komunikazio alorrean, Fagorrek eta Mondragon taldeak galdu dute iritzi publikoaren partida, etxean bertan, Debagoienean. Esan bezala, besteak beste, ez direlako jabetu tokiko hedabideen ahalmen handiaz.

Begi-bistakoa da Fagor Etxetresnek –eta Fagorrek eta Mondragon taldeak– duen krisiaren dimentsioa maila askotarikoa dela: ekonomikoa, soziala, politikoa, pertsonala, eskualde esparrukoa, nazionala, nazioartekoa… eta, komunikazio aldetik, maila horietan guztietan erantzun beharrean dagoela (esan barik doa, ez dela batere lan erraza halako egoera bati aurre egitea).

Fagorrek, baina, baditu berezko ezaugarriak, kasu honetan behar beste kontuan hartu ez direnak: kooperatiba horretako bazkide gehienak inguru berekoak dira, Debagoienekoak, eta giza komunitate horrek baditu ezaugarri sozio-politiko-linguistiko jakinak. Esaterako, langile eta bazkide horietako asko eta asko euskaldunak dira, eta gehienak Goiena kooperatibaren hedabideen erabiltzaileak (erabiltzaile sutsuak nolanahi ere, erreparatuz gero CIES erakundearen edo Aztikerrek 2012an egindako ikerketaren emaitzei: azterketa horietan ikusten da oso handia dela debagoiendarren atxikimendua Goienaren hedabideekiko).

Aldiz, komunikazioaren estrategian, Fagorrek jo du (eta jo ohi du) lehenengo solairutik gorako hartzaileengana: Vocentoko hedabideetara, El País-era, egunkari ekonomikoetara, nazioartekoetara… Akaso, konturatu barik oraingo krisiaren protagonistak –kooperatibistak, inbertsiogile txikiak eta langileak eurak– beheko solairuan bizi direla, Debagoienean. Hartara, haserreak, egonezinak eta komunikazio premia handienak sortu dira Debagoienean bertan, eta ez hainbeste Donostian, Bilbon edo Madrilen (Basaurin bai, ordea). Hein handi batean, Debagoienean dago kokatuta egun arazoaren muina, eta, aldi berean, bailara horretan bertan finkatu da auziaren balizko konponketa (“Debagoiena-Metropolia” dialektika korapilatsua, beste baterako utziko dugu; izan ere, zer dakigu kaletarrok, esaterako, Poloniako edo Frantziako lantegietan gertatzen ari denaz? Eta, okerrena, jakiterik nahi ote dugu?).

Eztabaidatzeko, argibideak emateko eta haserre eta egonezinak baretzeko, eskura izan dituzte tokiko hedabideak (hedabide “lagunak” esan daiteke? Bai, behintzat, Vocentorenak baino lagunagoak, artikulu honen lehen esaldian argi geratzen den moduan), baina, hala ere, nahikoa baliatu ez dituztenak. Alde horretatik, herritarrek zeukaten informazio egarriarekin, harrigarria izan da entzutea Goiena telebistako aurkezlea ikus-entzuleei jakinarazten, ez Etxetresnetako ezta taldeko inork ez duela parte hartzerik nahi izan Fagor. Eta, orain zer? moduko mahai-inguru batean. (Lerro hauek idatzi direnerako, badago ikusterik Goiena telebistan eta Goiena paperean pasa den ostiralean, hilak 22, Zigor Ezpeleta Mondragon Taldeko Gizarte eta Lan Harremanetarako arduraduna eta Enplegu Bulego Korporatiboko zuzendariari egindako elkarrizketa).

Lepoa jokatuko nuke tamainako komunikazio-krisia bizi izan duten beste erakunde batzuek gustura hartuko luketela antzeko testuingurua, eta pozarren erabiliko luketela halako talde multimediak eskainitako aukerak.

Gainera, ikusi dugu, gaur egun, oso erraza dela etxeko ortuan landatzea, eta uzta jasotzea gertuan zein kanpoan. Hau da: tokiko hedabideak erabilita, egun, samur asko heda daitekeela berria nonahi. Eragin biderkatzaile horren adibide izan da, urriaren 31n, Xabier Bengoetxea Fagorreko Errektore Kontseiluko presidenteak Goiena telebistari esklusiban emandako elkarrizketa. Beste batzuen artean, elkarrizketa hartan esandakoak jaso zituzten EITBko irrati eta telebistek eta Espainiako El Mundo-k, El País-ek, SER irratiak. Edo, esaterako, www.mondraberri.com Internet atarian argitaratutakoak kalean hizpide izatea. Arrasateko atari horrekin lotuta, ikusi da Fagor Etxetresnetako bazkideen ekarpenak eta borondatezko ekarpenak berreskuratzeko ahaleginetan ari diren taldeek ederki baliatu dutela euskarazko webgunea euren mezua jendeari helarazteko. Alabaina, kontrakoak sarriago ikusi ditugu: etxekoek gaztelaniazkoetara jo behar izatea informazio bila, ETB2ra edo El Diario Vasco egunkarietara, hain zuzen ere.

Fagor Etxetresnen arazoak ez dira, noski, konponduko kasu handiagoa eginda tokiko hedabideei; haatik, nago herritarrak zainduago eta maitatuago sentituko liratekeela honelako une gogorretan ere, horiek erabiliz gero. Harri bakarrarekin bi txori jotzeko aukera legoke horrela jokatuta: batetik, erabilita hartzaileek gertukotzat eta sinesgarritzat jotzen dituzten hedabideak, erakutsiko litzaieke gertutasuna eta begirunea nola herritarrei hala kaltetuei; bestetik, komunitateak dituen tresnak baliatuta, mezua mundu zabalera hedatzeko aukera legoke.

Izan ere, tokiko hedabideek informazioa eta berriak gertutik zabaltzeko lekua ez ezik, izan behar dute, era berean, gune egokia jasotzeko kritikak eta iritzi kontrajarriak. Horrelakoak izan ezean, dena alferrik. Denok jai.

(Mondragon Unibertsitateko Atabala blogean argitaratutako artikulua).

Fagor Etxetresna Elektrikoen jokaldi desesperatua

Ikusi duzue Fagorrek, hobeto esateko, Fagor Etxetresna Elektrikoak egindako azken iragarkia? Bi minutuko ikus-entzunezkoan, lelo nagusi bat errepikatzen da behin eta berriro: Hoy más que nunca apostemos por lo nuestro (Gaur inoiz baino gehiago, egin dezagun geurearen alde). Eta, “lo nuestro” horren azalpenarekin geratu gara ikusle batzuk txokatuta. Izan ere, bideoaren arabera, España da (“ñ” handi batekin) hain “geurea” den hori. Are gehiago, Fagor dugu Espainia osoan, “%100 espainiarra den etxetresna elektrikoen marka bakarra”.

Ander Terradillos Fagorreko Zuzendari nagusiak sinatuta, eta Interneten bolo-bolo dabilen kanpaina horren aurkezpen-gutunaren arabera, “azken merkatu-azterketek adierazten digutenez, kontsumitzaile espainiarrek, hein handi baten, kontsumo ohiturak aldatu dituzte krisialdiaren eraginez. Aldaketa horien artean, antzematen dugunaren arabera, gero eta zabalagoa da beren herrialdeko markak kontsumitzearen aldeko atxikimendua. Horregatik erabaki dugu komunikazio-ekintza baten bidez Espainiako kontsumitzaileei jakinaraztea Fagor hemen jaiotako marka dela eta 50 urtetik gora daramala herri honen alde egiten. Honekin batera doakizue mezu hau zabaltzeko baliatuko dugun bideoa: Geurearen alde egiteko garaia dugu. Bertan esaten dugunez: etxetresna elektrikoen marka bakarra gara %100ean kapital espainiarra duena, eta kooperatiba gara eta hortik sortzen da indartsu egiten gaituen elkartasuna”.

Baliteke hori guztia horrela izatea, baina, nik larri eta noraezean dabilenaren traza hartu diot kanpainari.

Baina, ez ekintza desesperatuaren itxura bakarrik. Iragarkia ikusi orduko botatako txio batean esaten nuen, Fagorreko bideoa zela %25a uko egitea + %25a desesperazioa + %25a suizidioa + %25a harridura.

Batetik, euskal nortasunari uko egiten diola uste dut, jartzen duelako gutasuna (kasu honetan, eurentasuna, alegia, Fagorrena) Espainiaren besoetan. Noiz eta orain. Inoiz baino gehiago, Espainia alde batera uztearen diskurtsoa zabaltzen ari denean. Bestetik, jokaldi desesperatuaren antza du: Fagor Etxetresna Elektrikoak oso larri dabil diru aldetik, eta irtenbide hoberik ezean, bera bezain krisi sakonean sartuta dagoen merkatura begira jarri da: Espainiara. Gainera, suizidio itxura ere hartu diot: nola ulertuko da mezu hori Euskal Herrian? Hasteko, Debagoienean bertan, bideoak harrotu ditu bazterrok. Ikusiko da urte amaierako salmenta neurketetan, baina, halako bideo batek eraginik izatekotan, ez dut uste onik egingo dionik hemengo merkatuari. Azkenik, harrigarria ere bada: sinetsiko ote dute Espainia aldean, orain, espainiar zintzoak bilakatu direla Fagorrekoak ala pentsatuko dute diru faltak eragindako marketin estrategia dela? Nago Fagor iritsita dagoela estatuan liderra izatera, Espainiako bandera hain zakar astindu behar izan barik.

Aurreko larunbatean, Josu Ugarte Mondragon Internacionaleko presidentea elkarrizketatu zuten Radio 3eko Mundo Babel saioan (podcasta entzuteko: El mundo en llamas). Arrasatearrak gogotsu defendatu zuen argitaratu berri duen liburuaren tesia: Espainia krisian dago. Mundua, ez. Izan ere, hori da Ugartek idatzi duen liburuan izenburua: España está en crisis. El mundo no. Bere irudikoz, enpresek duten irtenbide bakarra nazioartekotzea da. Horrek ekarriko ditu arazoak eta tentsio larriak baina, bere esanetan, ez dago beste irtenbiderik.

Eta, gaur ikusten dugu Fagor Etxetresna Elektrikoak kontrakoa egiten, eta Espainiara begira jartzen (hori ere izan zitekeen naziortekotzea, baina, tira).

Zertarako atxikitu España markara? Ba ote dago inguruan marka horrekin edo marka hori kudeatzen dutenekin lotzea baino jokaldi kaskarragorik? Ustelkeria, pikareska, lapurreta antolatua, politikari lotsagarriak…

Onena opa diot Fagor Etxetresna Elektrikoari. Besteak beste, beroi pikutara joateak inoizko kalteak ekarriko dituelako: batetik, lagun eta ezagun asko ditut bertan lanean. Bestetik, sekulako eragina du kooperatiba horrek gure inguruko ekonomian. Eta, horiek gutxi balira, enpresa horretan daude betidanik jarrita –galzorian?– familiaren aurrezpenak.

———

PS. Joxe Aranzabalek ere jorratu du iragarkiaren gaia Sustatu.com-en: Fagor, Espainiara begira.