Telefono kabina eta alkatearen poztasuna

Ana Bolinaga Aretxabaletako alkatea izan dugu ‘Harira’ saioko laugarren alkate gonbidatua. Zuzen, gordin eta argi mintzatu da, ohi bezala. Eta pozik azaldu zaigu: “esklusiba bat ematera nator, berri on bat!”. Halaxe jardun zaigu kameren aurrean jarri aurretik, Goienaren egoitzara sartu eta berehala.

Ondo ezik etorri da, gripeari eusteko botikak hartuta, baina ez zaio nabaritu telebistan. Pozik, esan bezala, berri onak gurekin eta ikus-entzuleekin partekatzeko gertu. Izan ere, ordu batzuk lehenago jakin du Udalaren diru-kutxa apur bat hobeto dagoela, inbertsioei eta konpromisoei eusteko lagungarri izango zaion diru soberakin bat lortu duela. Hala adierazi du Goiena telebistan: “Iazko aurrekontuak 400.000 euroko soberakina utzi du”.

Telefono kabina museora

Osterantzean, ohiko kontuak. Baina umorearekin amaitu nahi izan dugu oraingoan ere, Imanol Gallegoren kaleko inkesta xelebrearekin. Aretxabaletan ospetsu egin den telefono kabina izan du galdegai. Artiumek eta Guggenheimek erakusgai jarri nahi dutela. Herritarrak jokoan sartu dira; prest azaldu dira herriarendako sosak batzeko, kabina salgai jartzeko.

Alkateari ere galdetu diogu saioaren amaieran, zerikusirik ote duen telefono kabinako agerpen misteriotsuekin. Ez du erantzunik eman.

Zela interpretatu isilune hori?

Hemen saio guztia:

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude