Nongoak dira alkateak?

Jaione Isazelaia Bergarako alkatea izan da oraingo asteko gonbidatua Harira saioan. Bergarako kontuak aztertu ditugu harekin: UNED Arrizuriaga jauregira eroateko permutarena, Udal museoa, aparkalekuak, garapen eta industriarekin loturakoak, komertzioa bultzatzeko ekimenak… Eta, baita hiri hondakinak, jakina.

Ondo agertu da Bergarako alkatea kameren aurrean. Ohitua dago jendaurrean berba egiten: patxadaz, garbi, zuzen, egoki komunikatzen. Eta prestatuta geneuzkan galdera guztiak erantzuteko astirik izan ez genuen arren, gehienak edo garrantzitsuenak jorratu genituen.

Bergarako Udalean ordezkatuta dauden oposizioko alderdietako bozeramaileen, Aintzane Oiarbide (EAJ) eta Mari Carmen Barrenetxearen (PSE-EE), balorazioak eta alkateari zuzendutako galderak ere jaso genituen; Monika Belastegik eman zigun herritarrek erredakziora bidalitako galderen berri eta Jon Moñux eta Imanol Gallego lankideak kalean aritu ziren herritarren kezkak jasotzen.

 

Bergarako alkatea, arrasatearra

Imanol Gallegok galdera berezia egin zien herritarrei; zirikatzen saiatu zen eta batzuk ederki sartu ziren jokoan. Bergarako alkatea jaiotzez mondragoetarra izanda (Bergaran bizi eta lanean dihardu urte askoan), Bergara Arrasateren kolonia edo auzoa ote zen galdetu zien kaleko berriemaile ditxaratxeroak. Umore puntua jarri zion, amaierarako.

Izan ere, Bergarako alkatea mondragoetarra da. Baina ez da Bergarak izan duen lehen alkate kanpotarra. Esate baterako, Franco hil ostekoei bakarrik erreparatuz gero, Imanol Bolinaga (1983-1987 agintaldian alkate), iaz zendu zena, bera ere Arrasaten jaioa zen. Eta Jose Luis Elkoro (1976-1979 eta 1987-1991) elgetarra da sortzez.

Alkate gutxi herrian jaioak

Bestalde, gaur egungo Debagoieneko alkateen sorterria aztertuz gero, konturatuko gara gutxi direla beren herriko alkate diren herrietan jaioak. Begira, bestela:

  • Inazio Azkarragaurizar Arrasateko alkatea, elorrioarra da sortzez.
  • Aipatutako Jaione Isazelaia Bergarako alkatea, arrasatearra.
  • Ana Bolinaga Aretxabaletako alkatea, arrasatearra, garagartzarra, da.
  • Imma Beristain Antzuolakoa, Azkoitian jaioa da.
  • Ramon Ajuria Aramaioko alkatea arrasatearra da.
  • Eugenio Otsoa Leintz Gatzagakoa, Arrasate jaioa da.

Norbere herrian jaioak diren alkate bakarrak Mikel Biain (Oñati), Beñat Herce (Eskoriatza) eta Oxel Erostarbe (Elgeta) dira.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude