Quantcast
Guraso.eus

Udalekuak egiteko irizpideak argitaratu ditu Eusko Jaurlaritzak

Aurtengo udalekuak eta aisialdi jarduerak egiteko arauak azaldu ditu Eusko Jaurlaritzak. Besteak beste, parte-hartzaile kopurua errespetatu eta distantziak mantendu beharko dira, eta begiraleek prestakuntza berezia jaso beharko dute.

Gaur goizean, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabalek jakinarazi du zeintzuk izango diren udalekuak edo haur eta gazteen aisialdirako jardueretarako arauak.

Alde batetik, eguneko udalekuetan nahiz gauak igarotzeko udalekuetan %60 murriztuko da parte-hartzaile kopurua, bai aire zabaleko jardueretan bai espazio itxietan zein jantokietan. Bestetik, aire zabaleko jardueretan gehienez ere 200 parte-hartzaile egon ahalko dira, eta, espazio itxietan, 80 –bi kasuetan, monitoreak barne–.

Kontuan hartu beharko da, gainera, jarduerak garatu bitartean parte-hartzaileak gehienez hamabost pertsonako taldeetan egon beharko direla, eta kirol- edo arte-jarduerak kontakturik zein publikorik gabe egin beharko direla.

Jantokiak eta lo lekuak

Jantokietan bi metroko distantzia egon beharko da jankideen artean, eta txandak ezarri beharko dira manpararik ez dagoen kasuetan. Jantoki irekien kasuan, berriz, metro eta erdiko distantzia ezarri beharko da, eta pertsona bakoitzak bere plateretik jan beharko du.

Lotarako literak erabiltzen badira pertsona bakarrak egingo du lo litera bakoitzean eta gutxienez bi metroko distantzia mantendu beharko da okupatutako oheen artean. Posible ez denean barrera-neurriak jarri beharko dira. Kanpadenden kasuan denda bakoitzeko pertsona bakarra izango da. Salbuespen bakarra izango da parte-hartzaileak bizikideak izatea.

Hezitzaileen prestakuntza

Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabalek esan du hemendik aurrera, udalen, aldundien eta aisialdiko erakundeen esku dagoela jardueren antolaketa, eta nabarmendu du monitoreek prestakuntza “berezia eta eguneratua” jaso beharko dutela COVID-19aren aurreko prebentzioaren eta babesaren inguruan.

Online prestakuntza-ikastaroa antolatu du Jaurlaritzako Gazteria Zuzendaritzak. Izena emateko epea gaur ireki dute, eta Gazteen Euskal Behatokiaren bitartez bideratuko da. Halere, aisialdiko eragileen esku ere egon daiteke prestakuntza-ekimenak garatzea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

loading