Quantcast
Guraso.eus

Ikerlari gazteek etxean esperimentatu dute, Bizilabe ikerketa-zentroaren eskutik

Bizilabe-Elhuyar metodologian oinarrituta, Bizilabe ikerketa-zentroan gazteek puntako gaietan eta erronka errealekin egiten dute lan, eta enpresen ereduak bertatik bertara ezagutzeko aukera eskaintzen zaie.

10 urtetik 19 urtera bitarteko gazteei zuzenduta dago, eta bertan gazteek proiektuak eta esperimentuak egiten dituzte beren kasa, behar denean laguntza jasota.

DNA esperimentu erronkaren irudia – Bizilabe

Gazteak ikerketa-proiektuetan eta proiektu teknologikoetan gidatzeko, aditu-talde batek begiraleak eta mentoreak trebatu ditu Bizilaberako propio landu den ‘Bizilabe-Elhuyar metodologian’, genero-ikuspegia eta inklusioa kontuan hartuta.

Bizilabe sarearekin, tokiko gizarteari egin nahi zaio ekarpena gazteen hezkuntza osatzeko eta eskualdeen lehiakortasunean laguntzeko. Hain zuzen ere, Elhuyarrek sustatutako proiektu honek eredu-aldaketa proposatzen du, gazteen etorkizunean eskualdeko hainbat eragileren arteko lankidetza sustatuta; horretarako, inguru hurbileko enpresetako profesionalak inplikatu nahi dira gazteen mentore gisa. Bizilabek modu positiboan eragin nahi du neska-mutilengan, haien gaitasunak garatuz eta ahalduntzea bilatuz.

Bizilabe hiru formatutan eskaintzen da:

  • Tailerrak: alor desberdinak probatzeko eta motibatzeko tailerrak.
  • Proiektuak: gazteek urtean zehar zientzia-proiektuetan jardutea.
  • Harreman-bizipen edo ekitaldiak: komunitatean eta komunitatearekin harremanetan jartzeko uneak diseinatuko dira (azokak, irteerak, bisitak, eta abar).

Konfinamendua, esperimentatzen

Konfinamendu garaian #niketxeanesperimentuak ekimena izan dute abian, eta gazteek egindako hainbat esperimentu igo dituzte webgunera. Hain zuzen, Elhuyarrek neuronak eta irudimena astintzeko erronkaz betetako #NikEtxeanEsperimentuak egutegia argitaratuko du apirila eta maiatzean. Hileko 4tik aurrera, astelehenetik ostegunera erronkak izan dira egunero, eta, ostiraletan, ikertzaile gazte batekin solasaldia.

Martxoko tailerrak bertan behera geratu ziren, ondoren konfinamendua etorri zen eta orain, hilabete honetako eta hurrengoetako ibilbidea ez dute zehaztuta, izan ere, egoera moldatzen doanean hartuko dituzte beharrezko erabakiak. 

Bizilabe_Gazteentzako ikerketa-zentroa: aurkezpen-bideoa.

Informazio gehiago hemen.

Argazkiaren iturria hemen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

loading