Quantcast
Guraso.eus

Haurren emozioak eta jateko modua

Entzuna eta irakurria dugu helduon gose emozionalaren inguruan. Baita esperimentatua ere. Gainera, egun bizitzen ari garen garai berezi honetan baliteke kontzeptu  honek protagonismo bat irabazi izana, are eta gehiago  emozioen kudeaketa ez bada egokia izan.

Hala ere, posible  al da  haurretan ere garatzea? Haurrek duten gose-asetze erregulazio mekanismoa kaltetua izan daiteke emozioen kudeaketa desegoki bategatik? Haurrek beldurra ezabatu nahian jatera jo dezakete? Eta haserre badaude? … galdera hauek (eta gehiago) egiten hasi gaitezke gaian sakontzen goazen heinean. Izan ere, ez da asko idatzi edo ez dugu asko irakurri  haurren kasuan, emozioek  eta elikadurak duten  harremanaz. Baliteke nerabezaro garairako informazio gehiago aurkitu ahal izatea.

Bai. Haurtzaroan ere emozioen kudeaketa desegoki batek jateko eran eragin kaltegarriak izan ditzake,  Gose emozionala deritzona agertaraziz. Emozio deserosoak ezabatu edo erosoak ospatzeko garatzen dugun gosea. Jateko era desorekatu eta inpultsiboa izan ohi dena. Gose fisiologikoaren beharrak asetzen ez dituen jateko era alegia.

Ikerketa batzuek erakutsi digute (adb.: Teach our children when to eat) 5 urtetik beherako haurrek beldur edo estres egoera baten aurrean gose sentsazioa mozten dutela. Fisiologikoki beraien hesteen aktibitatea gutxitzen delako egoeraren erantzun gisa. Nahigabeko erreakzio bat da.

Ordea, 5 urtetik gorakoetan, egoera zein emozio deserosoen aurrean jateko tendentzia handitu daiteke. Eta hautatuko diren jakiak une batez deserosotasun hori ezabatuko dutenak izan ohi dira, osasuntsuak izatetik aldenduz (azukretan eta koipetan aberatsak, gehigarridunak, ..). Hala ere, gozamen horren ostean emozio deserosoek bertan jarraitu ohi dute. Baina ordurako haurra zirkulu batean barneratu da jada. Ez daki bertatik irteten.

Gose emozionalaren esanetara jokatzean, gehiegizko pisua, obesitatea edo beste hainbat patologia izateko arriskua handitzen da haurretan ere. Are gehiago berrogeialdiak (eta ezarriko diren lege berriek) suposatzen duen aktibitaterako aukera murrizketa gehitzen badiogu. Haurren gastu energetikoa ere (beste hainbat gauzen artean) nabarmen mugatua izan da eta.

Aurreko kolaborazioetan komentatu bezala, haurrek badute gose-asetze mekanismo potente bat. Hala ere, distortsionatua izan daiteke jasotako heziketa, daukagun baliabide edo ikusitako ereduen arabera. Beraz, hemen badaukagu guraso edo hezitzaile bezala lan egiterik.

Baina, nola antzeman egoera honen aurrean gaudela? Zer egin dut gaizki? Noiz arduratuko gara? zer egin egoera honen aurrean bagaude, edo nola ekidin?

Egoera honen aurrean gaudenaren erakusle hainbat sintoma izan daitezke: Denbora tarte txikian  izandako  gehiegizko pisu igoera bat, gose ase ezina, elikagai konkretu batzuk nahi izatea soilik, oso azkar jatea, gosea bat-batean agertzea, hautatutako elikagaiak azukre edo koipetan aberatsak izatea, haurraren animo desorekatua, … Horrek ez du esan nahi egoera hauek soilik gose emozionalaren zirkuluan aurkezten direnik. Antzemateko zein tratatzeko lagungarria izan daiteke familia medikuarekin lehen kontaktu bat izatea.

Argi gera dadila, ez da gauzak gaizki egin dugunaren ondorio bat, ez jakintasunaren ondorio bat baizik. Litekeena da, guk ere jokaera berdina izatea. Ez gaitezen errua norena den bilatzen  hasi, baina arakatu dezagun non dagoen gure  kasuaren iturria.

Horretarako galdera hauek lagungarriak izan daitezke: Nola kudeatzen ditut nik nire emozio deserosoak (tristura, haserrea, beldurra, antsietate egoera, ezjakintasuna, …) ? Nola kudeatzen ditu nire haurrak? Nola jokatzen dut nire haurra horrela sentitzen denean? Ze elikagai daude eskura etxean? Badaude snack tankerakoak? Bolleria, aurreprestatuak, ultraprosezatuak, …? Noiz jaten ditugu? Saritzen ditugu haurrak jakiekin? Zein jakirekin? Eta debekatzen dugu elikagairen bat? Zein? Noiz? .

Bai, gure emozioekin egiten dugunak zuzeneko eragina du haurrek beraien emozioekin egingo dutenarekin. Ez ahaztu, honetan ere, gu garela eredu. Erreferentzia. Beraz, hau lantzen hastea hasiera interesgarri bat litzateke egoera ekidin edo konpondu nahi badugu. Gainera, gure burua aztertzen dugun aldi berean (norberak sentitzen duena entzun eta sentituz), haurrarekin ere landu dezakegu bere emozioen kudeaketa. Sentitzen duenaz hitz egiten edo  sentitzen duenari hitzak jartzen lagunduz,  adibidez.

Elikagaiak sari edo zigor bezala erabiltzeak jaki konkretuak emozio konkretuekin erlazionatzea ekar dezake. Eta hau, ez zaigu interesatzen. Ohitura hau badaukagu, hobe aldatzen hasten bagara. Jakiekin erlazio neutroa izatea komeni da eta.

Garrantzi handikoa izango da etxean eskura ditugun elikagaiak osasuntsuak izatea. Fruta, barazkiak, fruitu lehorrak, haurrekin egindako errezeta osasuntsuak, … besteak beste. Eta etxetik kanpo mantentzea gozokiak, boileria, snack industrialak, esneki ultra prozesatuak, jaki oso gaziak, …

Lagungarria zaizuelakoan jardun gara gai honen inguruan. Aipatutako pista edo aholkuak praktikan jartzera gonbidatzen zaituztet.

Argazkia: vikvarga pixabay

Maite Garitano

AURKEZPENA Maite Garitano Lasa, Dietista Nutrizionista. Giza elikadura eta nutrizioaren maitale. Nutritxoko-ko arima. Nutrizioko alderdi profesionalean hainbat gai jorratzen ditudan arren, haur elikadurak txunditzen nau. Gainera gai honen inguruan hainbat kontzeptu argitzeko eta erakusteko daudela ikusirik “arre” esan eta lanari ekitea baino ez zait geratzen. Proiektu honetan murgildurik hainbat gauza ikasi eta haurretaz disfrutatzea tokatzen zaigu. Hastera goaz.

One thought on “Haurren emozioak eta jateko modua

  1. Pingback: Elkarrizketa: Gose Emozionala – Guraso.eus

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

loading