Quantcast
Guraso.eus

Bizitza familian zein eskolan ospatzeko 3 proposamen

Heriotza izaten bada ere nire mintzagai ohikoena, horren helburua bizitza baloratu eta era kontzientean bizitzearena da. Horregatik, eta bereziki itxialdi egoera honetan, fokua bizitzan jarri behar dela ez dugu ahaztu behar. Gainera, emozioak inoiz baino ezegonkorrago egon daitezkeela kontutan izan behar dugu bai etxeko bai eskolako txiki eta gazteak atenditzerakoan.

Irizpide hauek kontutan izan ditugu azken asteotan gure ikasleei lanak bidaltzerakoan nere eskolako hainbat irakasleok. Egindako lanaren gustura aurkitu gara irakasle, ikasle zein familiak orokorrean eta, zuekin konpartitzera animatu gara etxean egitea ere polita izan daitekeela uste baitugu.

1) Eguneroko une atseginak : Jorge Bucay-ren ” El buscador ” kontakizunean oinarrituta, haur bakoitzari astebetez koadernotxo batean eguneko une garrantzitsuenak apuntatzeko eskatzean datza. Betiko egunerokoaren bertsio positiboa izango litzateke, etorkizun batean, berbegiratzerakoan alderdi atseginak errazago oroitzeko. Koadernoa, gainera, haur edo gazteak berak egina izan daiteke.

2) Bizitzako une garrantzitsuen ardatza : Mar Cortinaren proposamena da hau eta ederra izanagatik egitera animatu ginen. Ardatz kronologiko batean jaiotzatik gaur egunera arte bizi izandako une garrantzitsuak islatzean datza, positiboak zein negatiboak. Une positiboak, normalean, gehiago izaten direla ikusi ahal izango dugu eta, bestela, momentu zailak egon arren, hobeak ere badaudela. Estiloa, ardatz mota… egilearen sormenari ateak zabalik utzizgero, sorpresa ederrak eramango ditugu.

3) Nire bizitzako soinu banda : Etxean musikaria izanik eta betidanik musikaren eta bere aniztasunaren onurak transmititu izanagatik, haur bakoitzak bere bizitzako soinu banda biltzera animatzea bururatu zitzaidan. Gutxi gora behera beraien bizitzako urte bakoitzeko abesti bat aukeratzea, aukeraketaren zergatia aipatuz eta abesti bera bilduz, proposatu diegu. Kasu honetan, bi bertsio desberdin egin daitezke, gutxienez: online-a, power point bidez edo fisikoa, pendrive edo CD batean abestiak gordez eta azalpenak liburuxka batean jasoz.

Esan bezala, proposamen xumeak dira, baina elkarrekin eginez gero, une goxoak konpartitu eta komunikazioa erraztuz elkarrizketarako oinarria ematen dutela argi dago.

Beraz, heriotzaz hitz egin dezagun, bai, baina bizitza gozatzeaz ahaztu gabe.

Naroa Martinez

Naroa Martínez Suárez naiz, maistra eta psikopedagogoa. Egunerokotasunak eta bizipen pertsonalek bultzatuta dolu eta galeretan formakuntza ere jaso dut. Hortik abiatuta, haurrekin heriotzaz nola aritu jorratzen ibiltzen naiz, helduak ahaldundu eta tabua hautsi nahian. Nire ekarpenek, bide jakin bat markatzea baino, norberak egindakoa kontzientziaz egitea bilatuko dute, ez baitago erantzun bat eta bakarra.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

loading