Quantcast
Guraso.eus

Belarriko tapoiak

Belarriak badu garbitzeko prozesu natural bat, guk inolako maniobrarik egin gabe berez gertatzen dena. Baina gehiegizko higienea edo metodo desegokiak direla-eta garbiketa hori alteratzen denean, tapoiak ager daitezke belarrietan.

Bat-batean entzumena galtzeak edo hitz egiten ari garenean gure ahots propioa entzuteko sentsazioak belarrietan argizarizko tapoiak daudela adieraz dezakete, udako hilabeteetan umeen artean asko ugaritzen den trastornoa hain zuzen ere. Otorrinoek ondo azaltzen duten bezala, entzunbideko epitelioa infekzioetatik eta kolpeetatik babesten duen substantzia da argizaria, baina substantzia hori entzunbidean pilatzen denean –kasurik gehienetan garbiketa-prozesu desegokiaren ondorioz–, kanal hori buxatu egiten da, eta lesioak ager daitezke. Belarrietako asaldua aski molestoa eta deserosoa den arren, ez da garrantzi handiko kontua, eta arazoa konpontzeko aski da tapoia kanporatzea.

Argizaria (ezkoa ere esaten zaio euskaraz) mukositate trinko samarra da. Kanpoko belarriaren kanpo-herenean kokatuak dauden ezko-guruinek jariatzen dute, eta tinpanotik belarriaren kanpoalderaino doan entzunbidea babestea da bere eginkizun nagusia. Muki moduko horrek eusten dio kanalaren pH-ari, bestela esanda entzunbidearen egoera normalari, baina argizari gehiegi pilatzen denean kanala buxatzera iritsi eta tapoiak ager daitezke. Egoera normalean ez litzateke tapoirik sortu behar, baina zerbaitek belarriko garbiketa naturala aldrebesten duenean, entzunbidea buxatu eta, ondorioz, tapoiak agertuko dira.

Belarriko tapoiak bi eratakoak izan daitezke. Argizarizko tapoiak, batetik, ohizkoenak, argizaria edo ezkoa gehiegi pilatzen denean sortuak. Eta tapoi epidermikoak, bestetik, ez hain usuak, ilunagoak, argizariarekin batera epitelio-ezkatak ere biltzen dituztenak. Kanpoko entzunbideak badu axal babesle bat, tinpanotik kanporantz “irristatu” edo lerratzen dena; entzunbidearen azken muturrean axal hori argizariarekin nahastu eta hondakin txiki batzuk eratzen dira. Prozesu hori ondo doanean, ez dago arazorik; baina babes-mekanismoak ez badu ondo funtzionatzen, tapoi epidermikoak sortzen dira.

Badira bizitzan zehar behin eta berriz tapoiak izan ohi dituzten pertsonak, baina beste batzuetan, aldiz, sekula ez da tapoirik agertuko. Izan ere, adituek diotenez «bai argizariaren kantitatea eta baita kalitatea ere oso aldakorra da pertsona batetik bestera», eta gainera bada tapoiak izateko aurrejoera genetiko bat ere. Tapoiak edozein populazio-taldetan ager daitezke, ez sexuak eta ezta adinak ere ez baitute garrantzi berezirik.

Hala ere, bitxikeria moduan, esan beharra dago belarriko tapoiak usuagoak direla uda partean. Zergatik ote? Belarrian pilatutako argizariak ura xurgatzen du eta puztu egiten da, eta horrek tapoiaren sorrera errazten du. Sarritan aski da burua garbitzea edo dutxa hartzea bezalako ekintza sinple bat belarri barruan tapoiak sortzeko. Baina nola jakin tapoi bat dela, eta ez belarriko beste arazoren bat?

Sintomak

Entzumenaren bat-bateko galera da belarrian tapoi bat egon daitekeela adierazten duen sintoma nagusia. Galera hori drastikoa izan ohi da, “egun batetik besterakoa ia”, baina iragankorra izaten da, eta tapoia kendu eta gero entzumena erabat berreskuratzen da. Sintoma nagusi horrez gain, badira diagnostikoa egiten laguntzen dute beste batzuk ere:

Molestia horiek guztiak konpontzeko, ez dago argizarizko tapoia kendu edo ateratzea beste irtenbiderik. Prozedura erraza da, horretarako nahikoa da hasteko tapoia olioarekin edo urarekin biguntzea. Baina helduetan norberak bere kasa egiteko moduko kontua dena, umeetan egokiagoa litzateke profesionalen esku uztea. Adituek diotenez, beste ezeren aurretik otoskopia bat egitea komeni da, egitura anatomiko guztiak nola dauden ikusteko (kanpoko entzunbidea, tinpanoa –perforaziorik badagoen ala ez jakiteko– eta baita erdiko belarria ere). Dena ondo miatu ondoren, otorrinoak tapoiak ateratzeari ekingo dio.

Umeetan hainbat prozedura erabil daitezke, baina sekula ez lesioren baten susmoa badago, umeak belarritik zornea bota badu edo tinpanoa hautsita baldin badago.

a) Irrigazioa da metodo horietako bat, belarrian ur epela sartzea alegia (37 ºC-ra, ura hotzagoa balego umea zorabiatzera irits daitekeelako), argizaria bigundu eta kanporantz irten dadin. Ur oxigenatua ere erabil daiteke, edo baita argizaria ez hain trinkoa bihurtzen duten beste substantzia batzuk ere. Dena den, horrelako eragiketa bat etxean egiteak ekar ditzakeen arriskuez ohartarazten dute adituek, tapoi trinkoagoek indar asko erabiltzea eska baitezakete, eta tinpanoa lesionatzera irits daiteke ustekabean. Horregatik, utzi kontu horiek espezialistentzat beti, ez saiatu etxean zuen umeekin.

b) Beste prozedura bat kirurgia instrumentala da, kasu guztietan otorrinolaringologoek burutuko dutena, kontrol mikroskopikoa eta belarriko garbiketa tresna egokiekin eginez

PREBENTZIOA

Ikusi dugu tapoiak dakartzan molestiak desagertarazteko modu bakarra argizaria kanporatzea dela, baina ba al da tapoiak saihesteko modurik? Adituak bat datoz belarrietan argizarizko tapoiak agertzeko arrazoi nagusia zona horretako higiene desegokia dela esatean. Beraz, prebentzio modu bakarra gehiegi ez garbitzea da, «belarriaren garbiketa-prozesu naturala ez aldrebesteko».

Otorrinolaringologoek ez dituzte gomendatzen inolaz ere jende gehienarentzat hain ezagunak eta onartuak diren kotoizko txotxak, beraien iritzian espero eta nahi denaren kontrako ondorioak lortzen baitira horiek erabiliz. Txotxekin argizaria tinpanorantz bultzatu eta arrastaka eramaten da, kanporatzea zailduz. Entzunbidea garbi mantentzeko adituek hamabostean behin ur oxigenatu motelduarekin garbitzea gomendatzen dute, argizaria ez gogortu eta tapoirik sor ez dadin. Bestetik sekula ez da garbitu behar belarria «behatza iristen den puntua baino urrutirago, hortxe baitaude kokatuak argizaria fabrikatzen duten seboguruinak». Muga hori gaindituz edozein objektu sartuz gero (kontu berezia izan behar da tresna puntazorrotzekin), argizariaren jariaketa estimulatu eta egoerak okerrera egin dezake.

Gehiegizko garbiketa saihesteaz gain, argizarizko tapoien agerpena ekiditeko aireak hauts-kontzentrazio altua duen lekuetan umeak denbora luzean ez egotea ere gomendatzen dute adituek eta urtero, uda aurretik bereziki, umeari belarriko miaketa bat egitea, bertan egon daitekeen soberazko argizaria eliminatzeko.

Jabier Agirre

Jabier Agirre Lasarte naiz, Donostian jaio nintzen 1952ko martxoaren 6an eta betidanik bertan bizi naiz. 3 urterekin eraman ninduten andereño Karmele Esnalen ikastolara, 8 urte bete arte, ondoren Santo Tomas Lizeoan egin nituen unibertsitateko aurreko ikasketak (batxilergoa, lehen mailakoa eta maila gorenekoa, eta Preuniversitario izeneko urtea; beste sei lagunekin batera guk osatu genuen 1969an Lizeotik irtendako aurreneko promozioa). Jarraian Medikuntzako ikasketak etorri ziren Bilbon, gorabehera ugariko urteak (Burgosko prozesua tarteko), baina urte ederrak hala ere, lagun giro bikainean egindakoak. Eta utre haien oroigarri, orduko ikaskide lagun talde harekin bizpahiru bazkari eta sagardotegi egiten jarraitzen dugu azken hogeitaka urteotan, bakar bat ere galdu gabe. Berehala sortu zitzaidan lanean hasteko aukera, Antiguoko anbulatorioan aurrena, oheburuko mediku bezala, baina horrekin batera eta gure osaba pediatra zela aprobetxatuz, hari laguntzen hasi nintzen, berak etxean zuen kontsultan. Eta horrelaxe egin nituen urte mordoska bat, apurka-apurka euskara medikuntzaren lekua hartu eta nire lan-ordu gehienak betetzera iritsi bazen ere. Izan ere, urte batzuk lehenago (1977an) sortu zen Unibertsitate Zerbitzuetako Euskal Erakundetik, UZEItik deitu zidaten, ea Medikuntzako hiztegi bat lantzeko hasitako lanean parte hartuko nuen galdezka. Eta hasieran ordu batzuetako zuzenketa-lana besterik ez zena, arduraldi osoko lana bilakatu zen urteen poderioz. Eta horrela, hainbat hiztegi osatu ditugu urte hauetan: Liseriketa hiztegia (gerora Euskaltzaindiaren Hiztegi Batuak hitz hori ukatu eta Digestio mailegua hobetsi bazuen ere), Arnas aparatua, Pediatria, Kardiologia, Ginekologia, Gaixotasunen hiztegia, Otorrinolaringologia (ORL), Desgaitasunen hiztegia, edo Onkologia, jadanik argitaratutakoak bakarrik aipatzeko. Baina aurrekoekin batera, dibulgazio lana ere aipatu nahi nuk. Betidanik izan naiz “saltsero” samarra, eta ezetz esatea kosta egin zait beti. Beraz, ez da harritzekoa urte haietan sortu ziren euskal komunikabideetatik deika hasi zirenean, ea osasunari buruzko lanak euskaraz egingo nituen eskatuz, gustu handiz esan niela baietz. Eta horrela hasi zen oraindik ere amaitu ez den lankidetzen sail luzea: Herri Irratian izan nuen hasierako “bataioa” (Joseba Jauregi eta Alberto Iturbe lagunekin batera, irratiko Txaro Arteaga, Julian Beloki eta Iñaki Zubizarretak gauerdia baino pixkatxo bat lehenago egiten zizkiguten galderei zuzenean erantzunez, hura ausardia gurea!), eta atzetik etorri ziren Euskadi Irratia, ETB, Egin, Argia, Elhuyar, Emakunde, Egunkaria, HABE, Habe-Osatuz, Berria edo Txatxilipurdi bezalakoak, baina beti osasunaren inguruko gaiak jorratzeko, kasuaren eta bezeroaren arabera nire jarduna egokituz, edo horretan saiatuz. Esan dizuet lehen ere ezetz esaten ez dakidala!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

loading