Bergaran, San Juan eta Ubera auzoetako bizilagunen aldarrikapena, bidegorri bat edukitzeko; Arrasaten, Abantail enpresako kide batekin, lanera bizikletaz joatearen gainean. Eta Oñatiko Txirrinka ere protagonista: urte hauetan egindako lana, lorpenak eta egitekoak. Eta Oñatin, bost egun eta ia 300 kilometro lehenago hasi zen leku berean, amaitzen da Gipuzkoa Pedalka.
Egilea: Julen Iriondo
Usurbildik Azkoitira
Usurbilen abiatu eta, Orion barrena, Zarautzera. Han Ainhoa Murua olinpiar triatletarekin eta Zarauzko Udaleko Mugikortasun zinegotzi Mikel Goenagarekin eta Unai Egaña udaltzainarekin. Itsasertzetik Zestoaraino, eta Azkoitira, baina Endoiatik barrena. Horiek bai aldapak!
Donostiatik Usurbila
Donostian Bizikletaren Behatokiko Manu Gonzalezekin berba egin, Txomin Perurenarekin jardun eta Txita ekimena ezagututa, Jaizkibelera, eta Hondarribitik bueltan Usurbilera, paraje ederretatik.
Berrobitik Donostiara
Bigarren eguna Gipuzkoan barreneko ibilbidean. Iñaki Arratibel kirol medikuak osasunaren ikuspegitik jardun du bizikletan ibiltzearen gainean, eta Leire Olaberriak bideetako elkarbizitzaren alorrean oraindik zer hobetu badagoela adierazi.
Andazarrate mendate polita igo eta Aian barrena, itsasoari begira, Orioko gaina arteko bide ederra eginda, Igeldotik –ikusgarria hau ere– Donostiara. Han dBizi bizikleta elektriko alokairu zerbitzua ezagutuko dugu.
Oñatitik Berrobira
Oñatin hasi da Gipuzkoa Pedalka-ren bost eguneko ibilbidea. Udana igota, Zerain aldera egin du Julen Iriondok, bidean hainbat kontu eta bitxikeria erakutsita. Handik Beasainera, eta CAFen lantegiko irteeran sortzen diren auto-pilaketen lekuko izan da. Larraitzeko paraje ederretik bueltan, Tolosara jaitsi, eta han Ibai Iriarte alkatearekin jardun du, bizikletaren erabilera bultzatzeko herrian egiten ari direnen gainean.
Estreinua gaur, 22:00etan, Goiena telebistan
Hastear da Gipuzkoa Pedalka saioa Goiena telebistan. Eguaztenean, hilak 22, izango da lehen atala, 22:00etan. Saioak jasoko du uztailean bost egunez Gipuzkoan barrena bizikletarekin egindako bidaia. Herrialdeko hamaika txoko erakusteaz gain, bizikletaren erabilera bultzatzeko ekimen berri emango du programak.
Oñatin hasi eta Goierri, Tolosaldea, Orio eta Igeldon barrena Donostia, Pasaia eta Hondarribia, Urola kosta, Urola Garaia eta Debagoiena igarota Oñatin amaituko da bidaia, hasitako lekuan. Ibilbidea mota desberdineko bideetatik da: herri arteko bidegorriak; herri barruetakoak; eta herrialdeko zenbait mendate eder.
Izan ere, egitasmoaren helburua bikoitza da: bizikletaren eta bidegorrien erabilera (lanerako, adibidez, garraiobide bezala) bultzatzea, Gipuzkoan ditugun hainbat txoko eder erakustearekin batera, 300 kilometroko bizikleta bidaia baten bitartez.
Bizikletaren eta bidegorrien erabilera bultzatzeko helburuz, hiru eratako pasarteak izango ditu saioak:
-Udalek (Tolosa, Zarautz…) edo bestelako erakundeek (Donostiako Bizikletaren Behatokia, zenbait enpresak…) dituzten egitasmoak ezagutzeko.
-Partikularren ekimenen berri jasotzeko: Adibidez, Donostian bizi-taxi edo azken miliako paketeria zerbitzua eskaintzen duen Txita izeneko zenbait gazte ekintzaileren ekimena.
-Bizikletarekin lotura estua duten pertsonekin, bizikletaren erabileraz jarduteko: Leire Olaberria txirrindularia, Ainhoa Murua triatleta eta Txomin Perurena txirrindulari ohia, adibidez.
Eta bidaian jasotako ikus-entzunezko materialak ere erakusten du bidaia bera egiteak dakarren esperientzia, prestatu gabeko eta bat-bateko hainbat bizipenekin, mugikortasunari dagozkionak edo bestelakoak (jendearekin harremana…).
Saioa eguaztenero emango du Goiena telebistak, gaueko 22:00etan.