Hastear da Gipuzkoa Pedalka saioa Goiena telebistan. Eguaztenean, hilak 22, izango da lehen atala, 22:00etan. Saioak jasoko du uztailean bost egunez Gipuzkoan barrena bizikletarekin egindako bidaia. Herrialdeko hamaika txoko erakusteaz gain, bizikletaren erabilera bultzatzeko ekimen berri emango du programak.
Oñatin hasi eta Goierri, Tolosaldea, Orio eta Igeldon barrena Donostia, Pasaia eta Hondarribia, Urola kosta, Urola Garaia eta Debagoiena igarota Oñatin amaituko da bidaia, hasitako lekuan. Ibilbidea mota desberdineko bideetatik da: herri arteko bidegorriak; herri barruetakoak; eta herrialdeko zenbait mendate eder.
Izan ere, egitasmoaren helburua bikoitza da: bizikletaren eta bidegorrien erabilera (lanerako, adibidez, garraiobide bezala) bultzatzea, Gipuzkoan ditugun hainbat txoko eder erakustearekin batera, 300 kilometroko bizikleta bidaia baten bitartez.
Bizikletaren eta bidegorrien erabilera bultzatzeko helburuz, hiru eratako pasarteak izango ditu saioak:
-Udalek (Tolosa, Zarautz…) edo bestelako erakundeek (Donostiako Bizikletaren Behatokia, zenbait enpresak…) dituzten egitasmoak ezagutzeko.
-Partikularren ekimenen berri jasotzeko: Adibidez, Donostian bizi-taxi edo azken miliako paketeria zerbitzua eskaintzen duen Txita izeneko zenbait gazte ekintzaileren ekimena.
-Bizikletarekin lotura estua duten pertsonekin, bizikletaren erabileraz jarduteko: Leire Olaberria txirrindularia, Ainhoa Murua triatleta eta Txomin Perurena txirrindulari ohia, adibidez.
Eta bidaian jasotako ikus-entzunezko materialak ere erakusten du bidaia bera egiteak dakarren esperientzia, prestatu gabeko eta bat-bateko hainbat bizipenekin, mugikortasunari dagozkionak edo bestelakoak (jendearekin harremana…).
Saioa eguaztenero emango du Goiena telebistak, gaueko 22:00etan.