Noiztik
zara hezitzaile? Noiztik Musakolan?
Hau nire
bigarren urtea da Musakolako Gaztetxokoan hezitzaile lanetan ari
naizela eta hemen bertan hasi nintzen.
Nerabezaroa
krisi aroa dela esan ohi da, ume izatetik heldu izatera pasatzeko
adin tarte zaila. Ados zaude baieztapen horrekin? Zergatik?
Bai ados
nago. Hala ere badirudi krisia hitzak konnotazio negatiboa duela eta
ez du zertan horrela izan. Garai konplexua izaten da nerabezaroa,
alor ezberdinetan aldaketak ematen baitira, esaterako, alderdi
fisikoan ematen diren aldaketak daude eta hauek onartzea zaila izan
daiteke zenbait kasutan. Bestalde, garai honetan haur izateari uzten
dioten gazteek, beste erreferente eta eremu batzuk topatzen dituzte.
Pixkat lehenago gurasoak (etxekoak) ziren beraien erreferente eta
babesa, orain berriz, lagun taldeak (koadrilak) garrantzia handiagoa
hartzen du eta taldearen onarpena bilatzea gazteen kezka
nagusienetako bat izaten da.
Gainera,
nerabeak ordura arte etxetik jaso duen zenbait gauzarekin apurtzea
bilatzen du eta esploratzea tokatzen zaio garai honetan, ordura arte
ohikoa izan denak ez du zertan horrela jarraitu eta
gutxinaka-gutxinaka bere interesak definitzen joango da.
Nerabezaroa
garai zaila izanda, eurekin lan egitea ez da erraza izango, ezta?
Hala uste baduzu, zergatik da zaila eurekin lan egitea?
Esan
bezala, nerabezaroa ez da garai erraza eta gazteek gurekin
konpartitzen dituzte beraien kezkak, zalantzak etab. Eta konpartitzen
ez dituztenak ere ikusten ditugu, laguntzen ahalegintzen garelarik
baina beti ez da erraza izaten. Hala ere, gazte bakoitzak bere egoera
pertsonala bizi du eta kasuen araberakoa izaten da, batzuetan
errazagoa, beste batzutan zailagoa.
Zailtasun
hau baina, aldagai ezberdinek baldintzazen dute, izan ere, gu ere
(hezitzaileak) pertsonak gara eta egunero ez gaude aldarte berean,
hau igarri egiten delarik. Baliteke egun batean edozein arrazoi
pertsonal dela medio norbera oso aldarte oneko ez egotea edo nekatuta
aurkitzea eta nerabeek sekulako energia dute, beraz indarrak ahal den
lekutik atera beharra izaten da, nahiz eta gazteekin dugun
harremanaren arabera, beraiek ederto dakiten nola aurkitzen garen.
Gainera,
ez da ahaztu behar, hezitzaile garen heinean, uneoro beraien eredu
garela, baina, berriz ere diot, pertsonak garen einean gu ez gara
perfektuak eta gure akatsak ere egiten ditugu, hala ere, beti gaude
hauek onartu, gure artean (hezitzaileon) eztabaidatu, hausnartzeko
eta hobetzeko prest. Pertsonekin lan egiten dugu eta badakigu gazte
askorengan eragin dezakegula. Hau ardura handia da, baina era berean
pribilegioa, egiten dugun lanean sinesten baitugu eta daukagun onena
ematen saiatzen gara.
Nolakoa
da gaztetxoekin duzuen harremana? Zein da zuen lan metodología,
funtzionamendua?
Ez da
erreza gazteekin dugun harremana definitzea, izan ere, harreman
ezberdinak ditugu gazte ezberdinekin. Batzuk Gazte Txokora noizean
behin etortzen dira, zerbaitetan jolastu edo gurekin pixkat egon eta
joan egiten direlarik (asko eskolaz kanpoko ekintzak egitera) , beste
batzuk, auzokoak batez ere, sarriago etortzen dira eta erlazio
sakonagoa eta aberatsagoa egin ahal izaten dugu.
Gazteen
konfidantza irabazteak bere denbora eskatzen du eta egunez egun
elikatu behar da harremana gazteak ongi ezagutu ahal izateko.
Bestalde,
hezitzaileon papera ere berezia da, izan ere, egunean ordu batzuez
beraien “arduradunak” izaten gara, baina ez gara ez beraien
irakasleak eta ez beraien gurasoak . Gure hezitzaile irudia
ezberdina da, agian autoritate maila gutxiagokoa, hori dela eta,
beste era batean hurbiltzen zaizkigu, era adiskidetsuagoan. Honek,
gazteak ezagutzeko eta zenbait lanketa egiteko aukera ematen digu,
beraien bidelagun garelarik etapa honetan. Hala ere, batzuetan
jarrera autoritarioa hartzea ere tokatzen da.
Gazte
Txokoen funtzionamenduari dagokionez, alde batetik bitartekoak
eskeintzen dizkiegu gazteei beraien aisialdia antoltzeko eta
bestetik, guk ere ekintza eta tailer ezberdinak antolatzen ditugu.
Gazte Txokoen asteko egitaraua erabiltzaile guztien artean (asanblada
bidez) adosten saiatzen gara, baina beti ez da erraza izaten.
Bestalde, Gazte Txokoen funtzionamendu ona guztion ardura izaten da,
errespetuzko elkarbizitza bat bultzatzen dugularik eta lehen
autoritatea aipatu badut ere, saiatzen gara gazteek uler dezaten
guztiona dena ez dela zaindu behar arau bat dagoelako, elkar
errespetatzen dugulako baizik. Materialarekiko, hezitzaileekiko,
kideekiko eta bizilagunekiko errespetua gazte txokoaren
funtzionamenduaren oinarria da.
Nolakoa
da, beti ere zure esperientzian oinarrituz, gaztetxoen sorkuntzarako
gaitasuna orokorrean?
Gazte
guztiek dute sorkuntzarako ahalmena eta sortzeko milaka modu daude,
marrazkia, musika, sukaldaritza, bertsoak, antzerkia, txisteak, skate
trukoak… edozer gauza.
Kontua da,
betidanik esan izan digutela gauzak nola egin behar diren eta bat
batean ez badigute zerbait zehatza eskatzen ez dugu jakiten nola
egin. Gainera, konplejo asko dago eta gauzak gaizki egiten
ditugulakoan nahiago izaten dugu badaezpada ez egitea. Hau ez da
gazteen arazoa soilik, gizarteko arazoa da.
Sortzailetasunak
berez irten behar duela uste dut eta gainera uste dut guztiok dugula
era bateko edo besteko ahalmena, baina denbora ere eskeini behar
zaio, elikatu egin behar da eta batez ere gozatu.
Euskaraz
lan egiteko arazorik bai?
Hizkuntza
errealitate ezberdinak bizi dituzten gazteak etortzen dira gurera,
ama hizkuntza euskara dutenak, ama hizkuntza gaztelania dutenak,
etorkinen seme-alabak, koadrilan euskaraz egiten dutenak, gaztelaniaz
egiten dutenak…
Aniztasun
handia dago eta guri gehienak euskaraz hurbiltzen zaizkigun arren
askok beraien artean gaztelaniaz hitz egiteko joera daukate. Gu hor
eragiten saiatzen gara.
Ahaztu
zaidan zerbait? / Zerbait gaineratzerik nahi?
Gazte
Sailean talde lanean aritzen gara eta hau neretzat oso esperientzia
aberasgarria da, etengabe ikasten eta hobetzen gaudenaren sentsazioa
baitut eta sekulako taldea dugula uste dut. Gainera, lehen esan
bezala, pribilegioa da sinisten duzun eta motibatzen zaituen proiektu
batean lan egitea.
Bukatzeko,
esan beharra dago, gazteekin lan egiteak, satisfakzio eta poz handiak
ere ekartzen dituela eta uste dut gazteek gure lana eskertzen
dutela.
…