Motxila ilusioz beterik genuela abiatu ginen ostiralean Ozaeta aldera. Hiru egun horiek Arabako Lautadan ohikoak diren hotz zein haize bolada indartsuekin partekatu genituen arren, gure animoei tinko eutsi eta ekintza mordoxka bat egitea lortu genuen; ondorengo lerroak dira horren adibide:
Gebaratarren bi gazteluak ikustera joan ginen larunbat goizean. Familia honek, protagonismo berezia izan zuen XV. mendeko bandoen gudetan. 2-3 orduko txango ederra izan zen, gazteluak toki bereziak dira eta joko handia ematen dute.
Arratsaldean jolas zikinak egin genituen. Horretarako, laku ertzera hurbildu eta bertako lokatza erabiliz guda erraldoi bat egin genuen. Dutxa bero-beroa hartuz eman genion bukaera arratsaldeari.
Afal ostean, denetik egin genuen: mozorroak jantzi, trikitixa jo, dantza egin, karaokean abestu, txisteak kontatu… gaubela mundiala!
Igande goizean etxea goitik behera txukuntzen aritu ginen. Garbiketa lanen ostean, lastotegira joan eta talde jolasak egin genituen.