Mantenu lanak eginez eman genion hasiera aste-bukaerari. Batzuk, irrati zein kontzertuetako musika ekipoa desmuntatu eta gordetzen aritu ziren. Beste batzuk ordea, Erdigunean egingo diren ekintzen berri ematen duten kartelak pegatzera joan ziren Arbola, Sebero eta Biteriko plazetara. Ostiralarekin bukatzeko, WII Dance-a instalatu genuen, eta nola ez, ikaragarrizko arrakasta izan zuen.
San Frantzisko Xabier eguna, hau da, euskararen patroiaren eguna gainean genuela ikusita, “365 EGUN EUSKARAZ” kanpainarekin bat egin eta photocall bat muntatuz, argazkiak ateratzen aritu ginen larunbat arratsaldean zehar. Ondoren, erretratu guztiak bildu eta Goienara bidali genituen, “365 selfie” dinamikaren barnean txertatzeko asmoz.
Igandean, “Bidaien kronika” programaren bigarren hitz ordua izan genuen. Maitane Unamuno etorri zen gurera, Bolikostan izandako istorio eta bizitako esperientzia ezberdinak kontatzera. Berari esker, nahiko ezezaguna egiten zaigun herrialde afrikarra hobeto ulertzera iritsi ginen, eskerrik asko Maitane! oso gustura egon ginen zure abenturatxoak entzuten.