Uda sasoiko giro atsegina alde batera utzi eta tenperatura baxu nahiz euri zaparrada luzeei ongi etorria emateko sasoia iritsi da Euskal Herrira. Kalean egotea gero eta gozagaitzagoa den honetan, nerabeak erdiguneko lokala masiboki okupatzen hasi dira. Aste-bukaerako bataz bestekoa 70 gazte inguruko izan da, a ze nolako zoramena!
Arratsalde bizi-bizia izan zen ostiralekoa. “Wii dance” instalatu genuen eta izugarrizko arrakasta izan zuen. Gazte mordoa animatu zen dantza egitera, mutil zein neska, berdin zen, beraien artean nahastuz bikain pasa zuten.
Zapatuan Garaioneko sorgintxoen bisita izan genuen eta NaturARTEAN tailerra egin genuen beraiekin batera. Lehendabizi asanbladan bildu ginen gure buruak aurkeztu, tailerraren nondik norakoak azaldu eta ideia zaparrada txiki bat egiteko. Zaparradan botatako ideia guztietatik Arbolapetako zuhaitza berreraikitzea izan zen aukeratuena. Bi aldiz pentsatu gabe, berokiak jarri eta Arbolapetara joan ginen adar, hosto eta soken laguntzaz arbola berri bat eraikitzeko intentzioarekin. 2-3 ordu pasa genituen zuhaitza egiten, elegante-elegantea geratu zen!
Igandean denetik egin genuen. Batzuk “Huga Buga” eta “Quoridor” mahai jolasekin aritu ziren, beste batzuk “Submarin” pelikula ikusi zuten; futbolina astintzen ibili zenik ere bazen.