Apirilaren hondarrean Gipuzkoako Foru Aldundiak hitzarmen bat egin zuen El Diario Vasco egunkariarekin, blog lehiaketa bat antolatzeko. Ez zituen aintzat hartu ordura arte Gipuzkoan bertan blogintzan egindako ahalegin oparoak, adibidez gure fakafaka (ji, ji, ji) eta DV-rekin ezkondu zen. Historia faltseatzera ere heldu da, gainera. Hombre, Gipuzkoa Elgetan hasi eta Uberan amaituko balitza moduan jokatzea ez diogu eskatzen Aldundiari, baina, redio!
Nork bere ezkontideak hautatzen ditu, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak eskubide osoa du berea aukeratzeko. Hautuak, ordea, sortu zituen protesta batzuk, adibidez: Blog&roll lehiaketa printzipioz gaztelania hutsez izan behar zelako; edo saritzea nahi zutelako blog onena, baina horretarako ezinbestekoa zelako blog hori Diariovasco.com-en egitea; edo, oro har, aitzindarien lana kontuan hartzen ez zelako.
Okerrena, baina, orain dator: Gipuzkoako Foru Aldundiaren organo ofiziala hasi da hainbat informazio banatzen, eta hor aldatu egiten da euskal blogintzaren historia, DV-ri emateko ez daukan aitzindaritza. Eta hori ez diogu onartuko.
Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatu du E-gobernua eta hiritarren parte-hartzea, jardunaldi batzuk, non gonbidatu dituen Europa Press-eko ordezkari bat, eta beste bat DV-koa, teknologia berriez hitz egiteko. Eta DV-ren ordezkaria aurkezterakoan, hauxe dio: Diariovasco.com fue el primer medio digital en incorporar foros de discusión sin pre-moderación, y ha sido también el primero en poner a disposición de sus usuarios un servicio de blogs.
Gipuzkoako Foru Aldundiak eta DV-k badakite Euskal Herrian lehen bloga, Sustatu.com, 2001ean kaleratu zela, CodeSyntax (Eibar) eta Goiena (Debagoiena) enpresek sortua. Lehen blog zerbitzua Eibar.org erakundeak sortu zuela 2004ko uztailean. 2005eko otsailaren 22an aurkeztu zuela Goiena.net-ek blog komunitatea Koldo Mitxelena kultura gunean, Donostian. Eta gero etorri zela DV bere blog zerbitzuekin. Baina , hor egon liteke aitortu gabeko koska Gipuzkoako Diputazioarentzat, blog horiek guztiak euskaraz daudelako. Horiek ez ezik, beste asko ere, 170 blogetik gora, euskaraz daude, eta Aurki.com albiste biltzaileak jasotzen ditu uneoro.
Blogei dagokienez, hori ez da egia
Bada beste jokabide ez egoki bat egin duena Gipuzkoako Diputazioak eta hauxe da: asko gara gaudenak izena emanda e-postazko buletin batera, Gipuzkoa.net atari ofizialean zer dagoen berri jasotzeko. Oraingo astean etorri denak, konpentsatzeko-edo, berritasunetan zekarren lotura bat: Goiena.net. Berritasuna, non eta 2003ko udazkenetik dabilenean ekimen hau sarean!. Nola hartuko gaituzte kontuan Deba ibarrean, San Vicente de la Barqueraren parean… Horientzat Gipuzkoa hasten da DV-ko orrietan eta amaitzen da Igara-Ibaeta inguruan.
Berritasuna goiena.net?
Gipuzkoako Foru Aldundiak aukeratzea dauka nahi dituen aliatuak, baina, mesedez, ez dezala historia faltseatu eta izan dezala errespetu apur bat punta-puntako teknologia erabiliz euskarazko ekimen berriak bultzatzen dihardutenekiko.
Errespetua
Joxe Aranzabal, Eibar.Org eta Goiena.Net komunitateetako 30 blogariren izenean.