Patxarana

Etxeko patxarana nola egin

Posted by
Patxarana euskal alkoholdun edari gozo eta gorriluna da, %25-30 inguru alkohol bolumenean. Edaria basaranak anis-pattarrean beratzearen ondorioz lortzen da. Basaranak uda erdialde/bukaeran batzen dira. Batzuetan kafe-ale gutxi batzuk eta banilla-leka bat gehitzen zaizkio.

Etxean nola egin

Etxean egiteko erraza da. Bakoitzak bere gustura egiten du. Prestatzeko hiru modu daude.

  1. Patxaran hutsa gustuko dutenak daude, hau da basaranak anis-pattarrean beratzen besterik gabe.
  2. Beratzea anis eta orujo parte bat nahiago dutenak daude. Sikuago gustuko baduzu hau da egin behar duzuna: orujo parte bat  4-5 anis parte bakoitzeko (150 ml litro bakoitzeko).
  3. Basaranei puntu berezia emateko gehigarri batzuk daude. Erramu hosto pare bat. Kanela makil bat hiru litroko garrafa bakoitzeko. Manzanilla lore dozena erdia edo/eta kafe hazi batzuk (ez gehiegi, 8-10 hiru litroko).

Osagaiak

  • Patxarana egiteko anis berezia. Anixetu (Etxarrin, anisari horrela esaten zaio) berezia egoten da dendetan patxaran egiteko.
  • Basaranak. 200 gramo litro bakoitzeko.
  • Bestelako osagaiak (2 eta 3 puntuen arabera).

Prestaketa

Lehenik eta behin basaranak batu behar dira. Onduta baina gogorrak izan behar dira, azalean berderik ez da ikusi behar baina ez ukitzerakoan ez daitezela bigunak izan. Ahalegin zaitez kirten barik hartzen, bestela gero lan handiagoa izango duzu. Berdeak direnak zapore garratz baina atsegina emango diote. Bestalde, gehiegi onduta daudenak zapore sakonagoa eta gozoa emango diote.

Basaranak batu eta gero ondo garbitu behar dira. Zapore txarra eta erauzketa zaildu ditzaketen hosto eta kirtenak kendu behar dira. Hondatuta eta zulatua (zizareak eginda) daudena kendu behar dira.

Ondoren, uretan jarriko ditugu (ontzi zabal baten) garbitzen bukatzeko. Azaleratzen direnak bota egingo ditugu. Zizarerik ikusten badugu (ziur bat baino gehiago egongo direla) kendu egingo ditugu. Garbitu ondoren lehortu.

Behin ondo garbituta, beratzea egin nahi dugu ontzian sartuko ditugu, ahal dela aho zabala duten ontzietan (besterik izan ezean 3 litrotako anisatu botilan egin dezakegu). Goiko errezetarenbat jarraitu eta anisa botako diogu.

Etxean egindako patxarana leku fresko eta ilun batean utzi behar da. Bakoitzaren gustua eta pazientziaren arabera denbora gutxiago edo gehiago edukiko dugu beratzen.

Gutxienez sei hilabetez izan behar da beratzen edan baino lehen. Ez da komeni bederatzi hilabete (asko jota 12 hilabete) baino gehiago basaranekin uztea zahar zaporea hartzen bait du.
Noizean behin astindu bat eman lurrinak eta kolorea ongi banatu eta zabaldu dadin.

Denbora igarota, iragazi egin behar da. Ondoren botilaratu egingo dugu.

Dastaketa

Beirazko edalontzi edo kopan edatea aholkatzen da.
Hobe da patxarana hotza edatea, 6 eta 8 °C artean. Edaria hozteko, botila hozkailuan sar daiteke edo hozkailutik ateratako txupito edalontzietan zerbitzatu. Izotza gehitzea saihestuko dugu, uretan zaporea indargabetu eta aldatzen baita.

Ez ahaztu, gozoa eta erraz sartzen bada ere, sekulako atxurra uzten duela gehiegi edanez gero. Nik bezain ongi dakizue denok.

Leave a Reply

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude