Ekainean 13 urte beteko dira hemen, Kale Nagusian denda jarri genuela. Lehen, asteburuetan bizitza zegoen; orain, aldiz, ez dabil inor, eta horrekin ez dut esan nahi ez dela inor bizi. Jendea ikusten da hiletak daudenean, parrokia bertan dagoelako, edo ezkontzak egiten direnean, epaitegian edo elizan.
Denda zabaldu genuenean, hemen hiru harategi zeuden, orain bakarra geratzen da; bi arropa denda, gozodenda bat, hor parean, egunkariak eta litxarreriak saltzeko beste denda bat. Jenderik ez da etortzen…dendarik ez dagoelako, non erosi ez dagoelako!
Alde Zaharreko merkatari guztien antzera, gu ere ez gaude pozik. Ulertuko duzunez, bizimodua aurrera atera behar dugu: alokairua ordaindu, etxebizitzaren mailegua ordaindu, semea aurrera atera… Tokia polita da, zoragarria, nahi duzun guztia, baina… honek ez du ematen! Ez da inor etortzen. Horrexegatik beste leku batera joango gara, gauzak hobeto joango diren esperantzarekin.