Urtero bezala, goizeko 7etan elkartu dira Jaizkibel konpainiakoak kantineraren bila joateko: Olaia Arbelaiz. Kantinera jaso eta abiatu dira, 8ak eta 25ean hasi behar zutelako Kale Nagusian gora.
Zezen plazako errotondara/biribilgunera ailegatu dira eta pasteleroen konpainiarekin egin dute topo. Kieto parau zeuden haiek, bidea okupatzen; Jaizkibelekoek ezin zuten aurrera egin. Pasteleroen mando bat Jaizkibel konpainiako abanderatuaren aurrean, zirkinik egin gabe. Urrutitik ikusita ematen zuen Jaizkibel konpainia ari zela gidatzen, ez baitzegoen bere konpainiako soldaduen artean.
Izaskun Larruskain kapitainak Ertzaintzaren arduradunarekin hitz egin behar izan du, ze ezarritako ordutegia bete egin behar da, eta horrela segituz gero, berandu ailegatzeko arriskua zegoen.
Azkenean pasteleroak abian jarri dira, eta mandoa, nire ondotik pasatzean esan dit –tonu ezatseginean–: ¡Ni se te ocurra hacerme alguna foto, ni se te ocurra!
(Mando hori ezagutzen dut, Elduayen, gure kooperatibako administrazioa daraman inmobiliariakoa).
Je suis désolée, frantsesek esango luketen bezala, ordurako argazkiak eginda bainituen. Esan behar dut beti izan naizela errebeldea, transgresorea, eta tonu agresiboan hitz egiten badidate, askoz gehiago, ondiokan.
Gainera, ni argazkiak egitera joaten naiz, argazkien bidez dokumentatzera egoera bat, kontatzera zer ari den gertatzen, etorkizunerako gera daitezen argazki horiek. Eta, txo, agertu nahi ez baduzu argazkian, erraza duzu, ez jarri Jaizkibeleko abanderatuaren aurrean!