Jaizkibel konpainia Alamedara iristen denerako, bertan daude argazkilariak, TB kamarak, kazetariak… Urteak joan eta urteak etorri eta beti pertsona berberak; azkenean, bada, elkarri agur egiten diogu.
–Kaixo! Zelan dago kale Nagusia? –galdetu diet.
–Euritako beltzak egongo direla esan digute.
–Hara, bada! Mary Poppins dugu aurton.
–Mary Poppins? Pertsonaia atsegina zen hura, hauek, aldiz, asmo txarrez beteta daude, labezomorroak bezain beltzak dira –erantzun dit argazkilari batek–.
Halaxe da, bai. Mary Poppins-ek ez zuen bere burua euritakoaren atzean izkutatzen; Mary Poppins-i alaitasuna zerion, abestu egiten zuen, hegan egiten zuen euritakoa zabal-zabalik zeukala. Beste hauek, ostera, oihuka eta txistuka aritzen dira, oraindik ere, Jaizkibel konpainia desfilatzen duenean. Hauek izkutatu egiten dira euritako beltzen atzean, kikildu egiten dira, lurrean eserita daude, goizaldeko hiruretatik lekua hartzen, beste inor aurrean jar ez dadin. Eta beste batzuek bizkarra ematen dute.
Txinatar dendariak poz-pozik izango dira!
Urte BELTZak izan dira aurrekoak, BELTZA ere duela bi urte, eta aurten
ere goizeko eguzkien printzak estali nahi izan dute kolore BELTZez!
Baina ezin izan dute, kolore gorria eta zuria BELTZaren gain nabarmendu
baita!
BELTZak ez dakar ezer onik, ohartuko dira noizbait, lasai!
Itxaropenaren kolorea berdea da, Jaizkibel mendia den bezala eta zuen itxaropenak eta ametsak efun batean egi bihurtuko dira.
Animo Jaizkibel, ez etsi, eutsi!