Hamalau urte nituela hasi nintzen lanbide honetan, horrek esan nahi du 42 gutxi gorabehera, eta hemen, kale Nagusian, hamar bat. Hona etorri nintzenean, denda asko zegoen. Gogoan dut Denda kalean bi janari denda zeudela, mertzeria bat…; abarketak ere saltzen zituzten bertan. Orain ez dago ezer.
Nik lortu dut irautea. Salmenta ez da izan nik espero bezala, baina jarraitzen dut lanean. Udan hobetoxe egiten dut lan; neguan, aldiz, gauza handirik ez, eta apur horiek, auzoko bezeroei esker, ohiko bezeroei esker.
Ikusten dudan arazo bat aparkalekuena da. Lehen bazegoen leku gehiagotan aparkatzerik, kale Nagusitik gertuago; orain, hori guztia kendu egin dute. Esango didazu harresi ondoko aparkalekua dagoela, bai badakit, baina niri ez zait oso eskura gelditzen.
Gauza bat nahi dut garbi geratzea, eta hauxe da: Merkataritzarako diren lokaletan, dendak jartzeko diren espazioetan etxebizitzak egiten baditugu, non arraio jarriko ditugu dendak?
Bisitariak: bikote gaztea, madrildarrak
Gu Madrilen bizi gara, baina hau kanadarra da. Nik ezagutzen dut inguru hau, uda pasatzera etorri izan naizelako, eta udan bizitasuna dago; orain ez dago ezer, hau hilik dago.
Alde Zaharra izugarria da, zoragarria! Datorren udan ezkondu nahi dugu hemen, parrokian, eta ezkontzeko eguna eskatzera etorri gara.
-Zorionak eta ea lortzen duzuen!