Alde Zaharra bizirik! Etxeberria kafetegia

Etxeberria taberna_2977 copia


Etxeberria

Bost urte daramagu hemen. Lehen, General Leiba kalean bizi nintzen eta beti ibili izan naiz Alde Zaharrean. Ikusten nuen zerbait behar zela eta taberna jartzea erabaki nuen. Bertako jendearekin egiten dugu lan, turismoa ez dago hemen, turismoa Marinan dago. Hona etortzen dira pare bat argazki egitera eta… kitto.
Apezpiku plazan terraza jarri genuen, udan; kexak egon ziren. Auzoko batzuek nahiago lukete auzoa dagoen moduan geratzea.
Oinarri-oinarrizko gauzak falta dira hemen: botika, kutxazaina, janari dendak… Sokoa auzoan, aldiz, denetik dago.
Askok parkina eskatzen du Alde Zaharrean, etxetik ahalik eta gertuen aparkatzeko;  hori ere ohitura kontua izaten da, ohitu beharra dago ondo-ondoan ezingo dugula aparkatu, Kasko Historikoan bizi gara-eta, eta beste herri askotan gertatzen den bezala aparkatzearena zaindu egin behar da.
 
Jende askok ez du Alde Zaharra ezagutzen. Gure aitak ezagutu zuen Apezpiku plaza taberna hau zabaldu nuenean. Hornitzaileek ere uste izaten dute Hondarribiko Alde Zaharra Portua dela; hori niri gertatu zait: hornitzaileak Portuan buelta-bueltaka ibiltzea tabernaren bila, uste zutelako Alde  Zaharrean zeudela.

 Etxeberria taberna_2985 copia
 

Herri honetara autoz etorriz gero, sarbidea antolatuta dagoen moduan, zuzen-zuzenean eramaten zaitu Portura.
Gauza asko egin litezke jendea hemendik ibil dadin, ez bakarrik harresia konpondu. Zergatik ez dute egiten haurrentzako parkea Kasino Zaharrean? Lekua oso aproposa da, lasaia, polita, ez dago autorik, ez dago arriskurik. Haurrentzako ezin hobea.

Udalak antolatzen dituen ekintza ofizialak, non egiten dira?
-Liburu azoka (Portuan)
-Elikagai ekologikoen azoka: Madalena kalean (Portuan)
-Kantuak: San Pedro kalean, hilean behin (Portuan)
-Atunaren eguna (Portuan)
-Txirrindulariak (Portuan)
-Krossa ( Donibane Lohitzunen hasi eta Portuan bukatu, San Pedro kalean)
-Inauteriak. Ez dira Alde Zaharretik pasatzen.

Zer egiten da hemen, Alde Zaharrean?
-Erdi Aroko azoka
-Eliz musikaren kontzertuak, parrokian
-Herri giroa, artisauen azoka. Arma plazan (abuztuan)
-Brokantea: hilaren lehendabiziko igandean, Jostaldi kiroldegian. Orain obratan ari direnez, Alamedara ekarri dute. Udan ere hor egiten da, eguraldi onarekin egokiagoa delako.
Ematen du Alde Zaharra inguratzen duen harresiak aislatu egiten gaituela, aislatu kalterako, jakina.

BEZEROAK
Entzuten ari naiz zuen elkarrizketa eta ni ere iritzi berekoa naiz, kasu gutxi egiten dio udalak alde honi. Turismoa beti dago behean, badirudi hau ez dela existitzen. Farmazia bat eskatuko nuke nik, eta haurrentzako parkea. Oporretan Pontevedran ibilia naiz; harritu egin ninduen hango Alde Zaharrak duen bizitza eta xarma. A ze giroa! Dena dendaz beteta, era guztietako dendak, gainera.
Nik badauzkat proposamen batzuk eta aipatuko dizkizut:
Azoka bat egin beharko litzateke hemengo produktuekin: barazkiak, frutak, gaztak, sagardoa…, beste herri batzuetan egiten den bezala. Hasieran, proba gisa, ikusteko nola erantzuten duen jendeak, hilean behin, larunbatero, esate baterako.
Nik entzuna dut txakolina egiteko erabil den mahatsak “Hondarribi zuri” duela izena. Eta nik hau galdetu egiten dut, ez bainago jantzia horretaz: hemengoa da mahats mota hori? Hala bada, zergatik ez da ezagutzera ematen? Alde horretatik udalak gauza asko egin zezakeen. Begira Astigarragan zer-nolako etekina ateratzen dioten sagardoari!
G.: Jatorria hemen du, horregatik du izen hori –Hondarribi zuri, eta Hondarribi beltz ere bai–, hemendik eraman zuten Getarira.

Beste bezero batek:
Garbi dago zer promozionatu nahi duten! Wolswagen Golf autoaren iragarkia Portuan filmatu zuten. Eta zer agertu zen, zein taberna ikusi zen autoak errebuelta hartzean? Ez dut izenik aipatuko, baina denok ulertu dugu, ezta? Kasualitate hutsa?

 Etxeberria taberna_2980 copia

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude