Hondarribiko Alde Zaharrean jaio nintzen, Obispo plazan. Plaza horretan ikasi nuen bizikletan, “Orbea” urdina, lagun batena zen. Plaza horretan jolasten genuen kaniketan, soka-saltoan, kromotan, tortoloxetan, txingotan… Umetan, mojak pasatzen zirenean, jolasak lagata “Ave Maria Purisima” esaten genien, eta zintzilik zeramaten gurutzean muin egin –mojen ikastetxea dago bertan–. Plaza horretan izan ziren nire adoleszentzia garaiko lehen amodioak.
Kale Nagusian eta Arma plazan egiten genituen erosketa guztiak, denetik baitzegoen: botika bat, arraindegiak, harategiak, tabernak, drogeriak, mertzeriak, bi estanko, janari-dendak, gozodenda, zapata-konpontzailea, ileapaindegia, Souvenir denda –“On parle français” jartzen zuen dendako atean zintzilikatutako karteltxo baten–, postetxea ere bazegoen Arma Plazan –Correos y Telegrafos–, ez zegoen Marinara zertan joan.
Orain, ostera, zer gelditzen da guzti horretatik? Elizaren parean dagoen kaleak “Denda kalea” du izena, eta beti izan du izen hori –Calle de las Tiendas–, baina denda gutxi aurkituko dugu bertan, bat bera ere ez. Taberna bat dago, eta, kalearen beste muturrean, ileapaindegia eta, ondoan, inmobiliaria bat. Zer bihurtu dira edo bihurtu dituzte hutsik geratu diren lokalak? Zer aurkituko dugu orain?
Kale Nagusiko lokal asko udalak berak hartu ditu bulegoak jartzeko, udalaren bulegoak: Bake Epaitegia; oposiziokoak biltzeko lokala: Branka, PSOE, Ezker Batua…; Gizarte Laguntzailea…. Horrez gainera, jatetxe batzuk, taberna batzuk, arropadenda bat, altzaridenda, umetako ileapaindegiak leku berean jarraitzen du, baita okindegiak ere, erakusketa-aretoak… eta azken urte bietan gertatzen ari den fenomenoa udalaren erabakiei esker: etxebizitzak. Lokal batek 40m kuadro edukiz gero, berehala lortuko du baimena etxebizitza egiteko. Komertziorik gabe ez dago girorik, ez dago bizitzarik. Burura datozkit Biasteriko alde zaharra, Donibane Lohitzungo rue Gambetta, Bilboko Zazpi kaleak, Zarautz, Bretainiako Saint Michel, Brujas, Carcassonne, Saint Malo…
Burura datorkit ere Radio Euskadin entzundako iragarkia, Foru Aldundiarena: “Donde hay comercio, hay vida”, “Dendak non, bizitza han”. Iragarki hori entzutean, haserrea sentitu nuen, izan ere, gauza bat da hedabideetan jartzen dituzten esloganak –denon diruarekin, gainera– eta gero egiten dutena, guztiz bestelakoa, bederen herri honetan.
Kamara hartu eta lokal, taberna, ostatu eta jatetxe guztiei argazkiak egitea erabaki nuen, eta guztiei galdetzea –ostalari, dendari, bisitari zein auzotarrei– ea nola ikusten zuten Alde Zaharra, zer behar zuen, zer falta zuen.
Askok udalarentzat ari ote nintzen galdetzen zidaten. Azaldu egiten nien zergatik ari nintzen, zertarako zen eta non argitaratuko nuen.
Garbi hitz egin dute, eta barren-barrenean zer sentitzen duten adierazi. Iritzi oso aberatsak jaso ditut, kritika gogorrak ere bai udalaren gestioaren aurrean, eta proposamen interesgarriak ere ez dira falta izan.
Behin iritziak jasota eta garbira pasatuta, idatzitakoa erakutsi egin diet adierazpen horiek egin dituztenei; zer edo zer aldatu behar banuen, aldatu, eta… aurrera!
Leku ederrean jaiotakoa zara ba… Nire leku kuttunetako bat da hori. Ea ba Hondarribiko alde zaharra berpizterik dagoen… Zure lanaren ondorioen zain, jaso agur bat eta zorionak blogagatik.
Zuek ez bazarete ados oraingo alderdi politikoarekin, eman botua beste batzuei.
lan bikaina egin duzu amatxo!!!asko gustatu zait nola planteatu duzun eta emaitza ezin obea iruditzen zait!
Aber denon artean buelta ematen diogun egoera honi.
Zorionak blog-agatik, muxu haundi bat Bartzelonatik!