Pasa den ostiral gaua, gau magikoa izan zen Usaetxeko ludotekako erabiltzaile eta gurasoentzat. Gaua, arratsaldeko 17:00etan hasi zen, abentura, emozioa eta dibertsioa batu zituen ekintzekin.
Arratsaldeko 17:00etarako Urru-ren laguntzarekin tirolina prest zegoen Usaetxeko plazan. Gustura ibili ziren, soka, arnes, korapilo, kasko etab.-en artean.
Ordubetez, gora eta behera ibili ondoren, beste sorpresa bat izan zuten ludotekako erabiltzaileek. Errealean jokatzen duen Mikel Gonzalez gazte arrasatearra etorri zen bisitan ludotekara! Asanbladan eserita, bere bizipenak kontatu zizkigun eta jarraian denok batera, talde jolas pare batzuk egin genituen. Mikelek lanak izan zituen, ludotekako haur eta gaztetxoen kamiseta, baloi eta antzekoak sinatzen. Eskerrik asko Mikel!
Bisitaren ondotik, tirolinarekin jarraitu genuen arratsaldeko 20:00ak arte. Haur batzuk tirolinan errepikatu zuten eta amaiera aldean, gurasoak ere animatu ziren adrenalina dosi bat askatzen. Tirolinaren muntaketa eta mantentze lanetan arduratu zen Urru arrasatearrari ere eskerrak eman nahi dizkiogu bere lan eta borondatearengatik. Aupa Urru! Eta eskerrik asko zuri ere!
Batzuk tirolina desmuntatzen aritu ziren bitartean, beste batzuk afari merienda prestatzeari ekin zioten. Afari merienda, bakoitzak etxetik ekarritakoarekin osatu genuen eta mundiala izan zen! Gainera, afal osterako, andaluziako postre goxoa prestatu zuten ludotekako erabiltzaile batzuen gurasoek. Eskerrik asko hauei ere!
Afal osten, ingurua txukundu eta oihalezko etxeak muntatzeari ekin genion, gaua plazan bertan igarotzeko. Muntaketa lanetan denetik egon zen, batzuk bizi aritu ziren eta beste batzuek berriz, ikastaroren bat edo beste behar izan zuten kanpin denda muntatzeko. Hala eta guztiz ere, ipuina irakurtzerako denontzako kanpin dendak muntatzea lortu genuen. Hortzak garbitu eta pixa egin ondoren lotarako gertu ginen denok.
Goizean goiz esnatu ondoren, trikiti eta panderoarekin diana izan genuen. Ostean denok batera gosaldu eta ingurua txukundu genuen. Amaitzeko, asanbladan, akanpadaren balorazioa egin genuen.
Gure partez, Usaetxeko bizilagun, ludotekako guraso, erabiltzaile eta auzoko denda eta tabernariei eta nola ez jaialdian parte hartu zenuten guztioi MILA PILA ESKER!