Herri hezitzaile eta parte hartzaile baten inguruko hausnarketan gabiltza Euskal Herriko hainbat eragile; hala nola, Arrasateko Txatxilipurdi aisialdi elkartea, Irrien Lagunak, HUHEZIko Sorguneak ikerketa taldea, Oarsoaldeko Euskara Batzordea, Lizarrako eta Iruñeko udal haur eskolak eta Hik Hasi eta Hazi Hezi heziketa aldizkariak. Aipaturiko eragile horiek guztiak elkartu gara haurrentzako egokiak diren herriak edo hiriak pentsatzeko, eta hainbat urrats emateko. Horrela,maiatzaren 10ean eta 11n, Donostiako Udalaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin jardunaldiak egingo dira Donostiako Kursaalen.
- Zergatik herri hezitzaile eta parte hartzaile baten inguruko jardunaldiak?
Garapenean, ekoizpenean eta kontsumismoan oinarrituriko hiri-ereduak eskema horretatik kanpo dauden kolektiboei —hala nola haurrei, emakumeei, elbarriei, adinekoei, etorkinei…— oztopo ugari ezartzen dizkie. Eragileok, bereziki, hiri-eredu horrek haurren heziketan —sozializazioan, autonomian eta ongizatean— zer-nolako eragina duen hausnartzen ari gara, eta haurrak kalean jolastu, bizi eta hezi ahal izango duen bestelako herri-eredu baten aldeko urratsak nola eman litezkeen pentsatzeko.
- Francesco Tonucciren ekarpena
Maila teorikoan, Francesco Tonucci pedagogo italiarra izango da gonbidatu berezia. Tonuccik —Frato goitizinez ezaguna den marrazkilariak— Haurren hiria proposamena gauzatu du Europan —Italian nagusiki, baina baita Espainian eta Katalunian ere— eta Amerikan —Guatemalan, Mexikon, Argentinan…—. Eta, Euskal Herrian bertan ere, hainbat lekutan ari dira haren proposamena aurrera eramaten. Proposamen horrek hiriaren erdigunean haurra ezartzen du, lurraldea haurrarengan pentsatuz antolatu behar dela dio, eta horretarako prozesu parte hartzaileak proposatzen ditu —haurren kontseiluak sortu ditu hainbat udaletan—.
- Euskal Herriko ekarpena
Horrez gain, Euskal Herrian egiten ari diren hausnarketak eta praktikak ezagutaraziko dira formazio-jardunaldi horietan, besteak beste, Gipuzkoako Foru Aldundiak babestu dituen hainbat esperientziaren berri emango da.
EGITARAUA
Maiatzaren 10ean: Heziketa ardatz duen HERRIA
Goizez eta arratsaldez (9:00-13:30 eta 15:30-17:30)
– Umeen parte hartzea: Euskal Herritik begirada bat: Lorea AGIRRE MUko Sorguneak.
– Haurren hiria: Francesco TONUCCI. Haurren hiria proiektuaren sortzailea.
– Herrietako esperientziak:
– Ordizia “Herri Hezitzailea” lantzen.
– “Irrien Lagunak” Oarsoaldean.
– Haurtzaroaren lurraldeak: Alfredo Hoyuelos NUPeko irakaslea eta Txusma
Lizarrako Arieta Haur Eskolako zuzendaria.
– “Berramesten egitasmoa” eta “Plaza berreskuratzen” Arrasaten: Txatxilipurdi
aisialdi eta euskara elkartea eta Etxegorri elkartea.
– Herrigune Leioa. Ikas-komunitatea eta heziketaren erantzukizuna: Piter Blanco eta Eukene Fernandez (Solasgune).
Maiatzaren 11n: Herrira begiratzen duen ESKOLA
Goizez (9:00-14:00)
– Lurralde antolamenduak duen garrantzia heziketan: Koldo Telleria EHUko irakaslea (Hiria kolektiboa).
– Guztientzako eskola: Francesco TONUCCI pedagogo italiarra.
– Hainbat eskolatako esperientziak:
– Antzuolako herri eskola.
– Eskola txikiak.
– Itsasuko ikastola (Seaska).
– Ikasle euskaldun eleaniztunak sortzen: Dimako eskola eta Donostiako Aitor
ikastola (Sortzen-Ikasbatuaz).
– …
Matrikula prezioak:
– Bi egunak: 70 €. Irria, Hik Hasi eta Hazi Hezi aldizkarietako harpidedunek: 50 €
– Egun bakarra: 40 €. Irria, Hik Hasi eta Hazi Hezi aldizkarietako harpidedunek: 30 €
*Oharra: Toki arazo egongo balitz, izena 2 egunetarako eman dutenek izango dute lehentasuna. Egun bakarrekoek apirilaren 30ean jasoko dute erantzuna.
Izena emateko: www.hikhasi.com (Apirilaren 1etik 26ra).