“Haurren Hiria” liburuaren aurkezpena

Txatxilipurdi Elkarteak “Haurren Hiria” liburuaren aurkezpena egingo du. Francesco Tonucci pedagogoak idatzitakoa  ” La cittá dei bambini”  liburuaren itzulpena da. Tonuccik, erretiratu ondoren Fanon (jaioterrian) abian jarritako filosofiaren gauzatzea jasotzen du. Hiria eta haren antolaketa, umeen begiradatik ikusten hasteko beharra aztertzen hasi zen.

 haurren hiria liburuaren portada

  • Aurkezpena: Arrasateko Udal pleno aretoan

  • Noiz: Maiatzaren 9a

  • Ordua: 18:00etan

Francesco Tonucci idazlea aurkezpenean presente egongo da.

Animatu eta gerturatu!

“Herri hezitzailea, eskola herritarra” jardunaldiak

Herri hezitzaile eta parte hartzaile baten inguruko hausnarketan gabiltza Euskal Herriko hainbat eragile; hala nola, Arrasateko Txatxilipurdi aisialdi elkartea, Irrien Lagunak, HUHEZIko Sorguneak ikerketa taldea, Oarsoaldeko Euskara Batzordea, Lizarrako eta Iruñeko udal haur eskolak eta Hik Hasi eta  Hazi Hezi heziketa aldizkariak. Aipaturiko eragile horiek guztiak elkartu gara haurrentzako egokiak diren herriak edo hiriak pentsatzeko, eta hainbat urrats emateko. Horrela,maiatzaren 10ean eta 11n, Donostiako Udalaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin jardunaldiak egingo dira Donostiako Kursaalen.

  • Zergatik  herri hezitzaile eta parte hartzaile baten inguruko jardunaldiak?

Garapenean, ekoizpenean eta kontsumismoan oinarrituriko hiri-ereduak eskema horretatik kanpo dauden kolektiboei —hala nola haurrei, emakumeei, elbarriei, adinekoei, etorkinei…— oztopo ugari ezartzen dizkie. Eragileok, bereziki, hiri-eredu horrek haurren heziketan —sozializazioan, autonomian eta ongizatean— zer-nolako eragina duen hausnartzen ari gara, eta haurrak kalean jolastu, bizi eta hezi ahal izango duen bestelako herri-eredu baten aldeko urratsak nola eman litezkeen pentsatzeko.

  • Francesco Tonucciren ekarpena

Maila teorikoan, Francesco Tonucci pedagogo italiarra izango da gonbidatu berezia. Tonuccik —Frato goitizinez ezaguna den marrazkilariak— Haurren hiria proposamena gauzatu du Europan —Italian nagusiki, baina baita Espainian eta Katalunian ere— eta Amerikan —Guatemalan, Mexikon, Argentinan…—. Eta, Euskal Herrian bertan ere, hainbat lekutan ari dira haren proposamena aurrera eramaten. Proposamen horrek hiriaren erdigunean haurra ezartzen du, lurraldea haurrarengan pentsatuz antolatu behar dela dio, eta horretarako prozesu parte hartzaileak proposatzen ditu —haurren kontseiluak sortu ditu hainbat udaletan—.

  • Euskal Herriko ekarpena

Horrez gain, Euskal Herrian egiten ari diren hausnarketak eta praktikak ezagutaraziko dira formazio-jardunaldi horietan, besteak beste, Gipuzkoako Foru Aldundiak babestu dituen hainbat esperientziaren berri emango da.

EGITARAUA

 

Maiatzaren 10ean: Heziketa ardatz duen HERRIA

Goizez eta arratsaldez (9:00-13:30 eta 15:30-17:30)

– Umeen parte hartzea: Euskal Herritik begirada bat: Lorea AGIRRE MUko Sorguneak.

– Haurren hiria: Francesco TONUCCI. Haurren hiria proiektuaren sortzailea.

– Herrietako esperientziak:

Ordizia “Herri Hezitzailea” lantzen.

– “Irrien Lagunak” Oarsoaldean.

– Haurtzaroaren lurraldeak: Alfredo Hoyuelos NUPeko irakaslea eta Txusma

Lizarrako Arieta Haur Eskolako zuzendaria.

– “Berramesten egitasmoa” eta “Plaza berreskuratzen” Arrasaten: Txatxilipurdi

aisialdi eta euskara elkartea eta Etxegorri elkartea.

– Herrigune Leioa. Ikas-komunitatea eta heziketaren erantzukizuna: Piter Blanco eta Eukene Fernandez (Solasgune).

Maiatzaren 11n: Herrira begiratzen duen ESKOLA

Goizez (9:00-14:00)

– Lurralde antolamenduak duen garrantzia heziketan: Koldo Telleria  EHUko irakaslea (Hiria kolektiboa).

– Guztientzako eskola: Francesco TONUCCI pedagogo italiarra.

– Hainbat eskolatako esperientziak:

Antzuolako herri eskola.

Eskola txikiak.

Itsasuko ikastola (Seaska).

– Ikasle euskaldun eleaniztunak sortzen: Dimako eskola eta Donostiako Aitor

ikastola (Sortzen-Ikasbatuaz).

– …

Matrikula prezioak:

–          Bi egunak: 70 €.  Irria, Hik Hasi eta Hazi Hezi aldizkarietako harpidedunek: 50 €

–          Egun bakarra: 40 €.  Irria, Hik Hasi eta Hazi Hezi aldizkarietako harpidedunek: 30 €

*Oharra: Toki arazo egongo balitz, izena 2 egunetarako eman dutenek izango dute lehentasuna. Egun bakarrekoek apirilaren 30ean jasoko dute erantzuna.

 

Izena emateko: www.hikhasi.com  (Apirilaren 1etik 26ra).

Nerea Mendizabalen Hitzaldia

Gaurkoan, Txatxilipurdik antolatu duen hitzaldi baten berri ematera gatoz.

 

 

  • Hizlaria: Nerea Mendizabal
  • Gaia:

Gure beldurrei
begiratuz, haurren konfidantza bermatzen:
Guraso
bezala ditugun beldur eta kezken aurrean ditugun jarrerak ulertu
eta zaindu nahi ditugu eta ez kendu. Beldurrei aurre egiteko
ditudan estrategiak haurrentzako nahi dudanaren bidean dauden
testatu ondoren, beharrezko ikusten badugu babesteko beste moduak
aurkitzen saiatuko gara.

  • Lekua: Kulturateko Jokin Zaitegi gela
  • Ordua: 17:30
  • Eguna: Urtarrilak 24

Animatu eta parte hartu!

Irrien Lagunak klubaren eguna

Hemen gatoz berriro ere ikasturte berri bati hasiera emateko. Gure ametsa egi bihurtzeko beharrezkoa den ilusioarekin.

Berramesten egitasmoaren helburuetako bat, Arrasate jolaserako eta elkarbizitzarako egokitzea da. Egokitze bidean, aurreko ikasturtean, gure ideia babestu eta partekatu zuten hainbat lagunekin topo egin
genuen.

Gaurkoan, Irrien Lagunei erreferentzia egin nahi diegu, izan ere, domeka honetan,
irailak 23an, Irrien Lagunak klubeko eguna ospatzen da. Jaialdi honetatik aterako
den diruaren zati bat, gure proiektua finantzatzeko bideratuko dute.Beraz, egun polit
horretan parte hartzera gonbidatzen zaituztegu, denon artean eta ondo pasatuz, haurren
autonomia eta eskubideak bergogorarazteko.

 

Ekaineko akanpada

Pasa den ostiral gaua, gau magikoa izan zen Usaetxeko ludotekako erabiltzaile eta gurasoentzat. Gaua, arratsaldeko 17:00etan hasi zen, abentura, emozioa eta dibertsioa batu zituen ekintzekin.

Arratsaldeko 17:00etarako Urru-ren laguntzarekin tirolina prest zegoen Usaetxeko plazan. Gustura ibili ziren, soka, arnes, korapilo, kasko etab.-en artean.

Ordubetez, gora eta behera ibili ondoren, beste sorpresa bat izan zuten ludotekako erabiltzaileek. Errealean jokatzen duen Mikel Gonzalez gazte arrasatearra etorri zen bisitan ludotekara! Asanbladan eserita, bere bizipenak kontatu zizkigun eta jarraian denok batera, talde jolas pare batzuk egin genituen. Mikelek lanak izan zituen, ludotekako haur eta gaztetxoen kamiseta, baloi eta antzekoak sinatzen. Eskerrik asko Mikel!

Bisitaren ondotik, tirolinarekin jarraitu genuen arratsaldeko 20:00ak arte. Haur batzuk tirolinan errepikatu zuten eta amaiera aldean, gurasoak ere animatu ziren adrenalina dosi bat askatzen. Tirolinaren muntaketa eta mantentze lanetan arduratu zen Urru arrasatearrari ere eskerrak eman nahi dizkiogu bere lan eta borondatearengatik. Aupa Urru! Eta eskerrik asko zuri ere!

Batzuk tirolina desmuntatzen aritu ziren bitartean, beste batzuk afari merienda prestatzeari ekin zioten. Afari merienda, bakoitzak etxetik ekarritakoarekin osatu genuen eta mundiala izan zen! Gainera, afal osterako, andaluziako postre goxoa prestatu zuten ludotekako erabiltzaile batzuen gurasoek. Eskerrik asko hauei ere!

Afal osten, ingurua txukundu eta oihalezko etxeak muntatzeari ekin genion, gaua plazan bertan igarotzeko. Muntaketa lanetan denetik egon zen, batzuk bizi aritu ziren eta beste batzuek berriz, ikastaroren bat edo beste behar izan zuten kanpin denda muntatzeko. Hala eta guztiz ere, ipuina irakurtzerako denontzako kanpin dendak muntatzea lortu genuen. Hortzak garbitu eta pixa egin ondoren lotarako gertu ginen denok.

Goizean goiz esnatu ondoren, trikiti eta panderoarekin diana izan genuen. Ostean denok batera gosaldu eta ingurua txukundu genuen. Amaitzeko, asanbladan, akanpadaren balorazioa egin genuen.

Gure partez, Usaetxeko bizilagun, ludotekako guraso, erabiltzaile eta auzoko denda eta tabernariei eta nola ez jaialdian parte hartu zenuten guztioi MILA PILA ESKER!

Jaialdi berria

Oraingoan ere, beste jaialdi baten berri eman nahi dizuegu. Ostiral honetan, ekainak 8an, Usaetxen egingo dugun ludotekako erabiltzaile eta gurasoen jaialdia hain zuzen.

Aurretik egindako auzotarren jaialdian, proposamena luzatu zuten ludotekako erabiltzaileen gurasoek eta horri erantzunez, jaialdi berri bat egitea otu zaigu. Denon artean, ikasturteari amaiera ederra emateko.
Hori dela eta, honako egitaraura antolatu dugu.

Arratsaldeko 7etatik aurrera, kanpalekua prestatzen hasiko gara, ludoteka aurrealdeko plazan.
Iluntzean, bakoitzak ekarritakoarekin afari-merienda egingo dugu.
Ondoren gamusino bila arituko gara.
Gaua, plazan bertan pasako dugu kanpin denda eta lo sakuak hartuta.
Goizean goiz esnatu, eta elkarrekin gosaldu ondoren amaiera emango diogu kanpaldiari.

Datorren astean, jaialdia nola joan den kontatuko dizuegu.

Jaialdiko irudiak

Hona hemen, aurreko ostiralean Usaetxeko ludotekan ospatutako jaialdiaren irudiak. Arratsaldeari, auzotik zehar egindako altxorraren bila txapelketarekin ekin genion. Ondoren, eta txapelketan galdutako indarrak berreskuratzeko asmoz, Usaetxeko plazan elkartu ginen haur zein heldu, patata tortilla lehiaketarekin jarraitzeko asmoz. Batzuk tortillak egiten zeuden bitartean, beste batzuk hitz egiten edota jolasean aritu ziren giro ederrean. Ikusi bestela irudiok.


(Altxorraren bila)


(Nagusienak, txikienei aurpegia margotzen)

(Patata tortilla lehiaketako epaimahaiak, lanak izan zituen irabazlea aukeratzeko)


(Etorkizuneko Arzak!)

(Txiki zein haundi, denak adi-adi tortillari begira)

(Osagaiak: patatak, olioa, arraultzak, gatza…)

(San Andreseko Gazte Txokeroak ere gerturatu ziren)

(Ze itxura ederra duten, tortillek!)

(Sukaldari txikiak, amantal eta guzti)

(Lehiaketa amaitutakoan, tripa betetzea tokatzen da, on egin!)

Auzo jaialdia

Iepala denoi!!
Gaurkoan, ostiral honetan egingo dugun jaialdirako gonbidapena luzatu nahi dizuegu.
Egitarauko kartelean irakurri dezakezuen bezala, ostiral honetan (18), arratsaldeko 5etatik aurrera festa, algara, dibetsioa eta jolasa nagusi izango dira Usaetxeko plazan. Izan ere, auzotarrei eskerrak eman nahi dizkiegu, ludotekako ekintzak aurrera eramaten lagundu digutelako: laberintoa eraikitzeko materiala batuz, ludotekako landareak zainduz, ekintzetan parte hartuz etab.
Hori dela eta haur zein helduentzako egitaraua antolatu dugu. Lehendabizi auzoan zehar altxorraren bila arituko gara, sasoi bateko piraten antzera eta ondoren berriz, auzoko patata tortilla lehiaketa izango da. Tartean hala ere, ez da faltako jolasa eta musika.
Ekintza hauetan parte hartzeko Usaetxeko ludotekara edota Fatima supermerkatura gerturatuta nahikoa da. Izen ematea zabalik dago ostegunerarte eta edonork hartu dezake parte.

Beraz, ostiral honetarako planik oraindik ez badaukazu eta altxor bila edota pata tortillak egiten trebea bazara…zatoz Usaetxeko ludotekara!

Bizilagunen iritzi bilketa

Dagoeneko, nahikoa gozatu dugu labirintoarekin eta aste honetan bertan amaitu dugu dena jasotzen. Lan nekeza izan arren, pozez gainezka gaude, labirintoaren eraikuntza lanek izandako harrerarekin. Eta nola ez, plazer bat izan da, labirintoa eraiki ondoren bertan jolasteko aukera izatea.
Hala ere, labirintoa jaso arren, oraingoan ere Erguineko bizilagunengana ate joka gatoz. Izan ere, zuen iritzia zein den ezagutzea gustatuko litzaiguke. Horretarako ohar bat banatuko dugu datorren asteazkenean, Larrea eta Usaetxe plazetako etxeetan. Bertan, beheko idatzia jasoko duzue bizilagunok.
Gure egitekoa hobetze bidean, zuen iritzia ezagutzea eta hurrengorako kontuan izatea ezinbestekotzat jotzen dugu. Horregatik, bost minutuko tartetxo bat eskatu nahi dizuegu, galdera pare bat erantzuteko eta Usaetxe ludoteka aurrealdeko gutunontziaz uzteko. Edota bestela, bizilagunekin egingo dugun asanbladara bertaratzeko aukera ere baduzue.
Besterik gabe, eskerrik asko denoi eta laister arte!

Arrasaten, 2012ko apirilaren 25ean
Kaixo Erguineko bizilagunok,

Txatxilipurdi elkartetik idazten dizuegu, eskari bat egiteko. Martxoaren 26an Usaetxe plazan haurren eskariei erantzunez eta beraiekin batera, material birziklatuz osatutako labirintoa eraiki genuen. Eta apirilaren amaierarako jaso genuen berau. Labirintoa zutik egon den bitartean, haurrak gustura aritu dira jolasean, beraiek amestutako jolas elementuarekin.
Labirintoa egiteko ere, haurrek zuengana jo zuten, etxe atarietan ipinitako ohar baten bidez zuen iritzia jasotzeko. Oraingoan ere zuengana jotzen dugu, labirintoari buruzko zuen iritzia jasotzeko. Horretarako, behean azaltzen diren galderak erantzun zenezakete eta Usaetxe plazan dagoen ludoteka aurreko gutunontzian utzi. Edota gurekin aurrez aurre egon nahi izanez gero, Usaetxe ludotekan egingo dugun bizilagunen asanbldara gonbidatzen zaituztegu. Asanblada, maiatzaren 8an izango da, arratsaldeko 19:00etan. Zuen iritziak entzuteko deseatzen gaude.
Zer iruditu zaizue haurrek proposatu eta beraiekin batera eraikitako labirintoa?
Zer aldatu edo hobetuko zenukete horrelako beste jarduera batean?
Aldez aurretik eskerrik asko!!
Txatxilipurdi Elkartea