Arrasatek Heziko abiapuntuko parte hartze prozesua amaitu genuen duela hilabete eta prozesu horretan jasotakoak kontuan hartuta ekin diogu ekimenaren lehenengo urratsari.
Astearte honetan Erdiguneko Gaztegunean elkartu ginen lehenengo urratseko irekiera saioan. Saioaren helburu nagusia Arrasatek Heziren erronka nagusiari heltzeko lan eremu edo azpi-ildoak zehaztea izan zen. Horretarako saioaren hasieran Arrasatek Heziren dimentsio hezitzailearen inguruko kokapena egin genuen eta datozen hilabeteetarako egitasmoaren helburu nagusia birformulatu: IKUSPEGI HEZITZAILETIK ARRASATEKO HIRI ANTOLAMENDUAN ERAGITEA.
Ikuspegi hau indartu eta lanari ekiteko oinarri teorikoak jasotzeko asmoarekin HIRITIK AT kooperatibako kide den Ibai Esteibarlandaren hitzaldia izan genuen. (Laster zintzilikatuko dugu hitzaldiko bideoa blogean)
Ondoren talde txikitan jarri eta bateratze saioan jasotako ekarpenen arabera proposatutako azpi-ildoak moldatu zein osatzeko tartea hartu genuen.
Hurrengo saioetan bertan adostutako azpi-ildoen arabera antolatuko gara ikasturte berrian martxan jarriko diren ekintza planen diseinuak egiteko.