Indarkeria sexistaren aurka, eskubideen berdintasuna!
AZAROAK 25, EGUNERO DA!
Emakumeon aurkako indarkeria espezifiko bat dago eta indarkeria horrek hiritarrak eta instituzioak mobilizatzen ditu, kasu bortitzenen aurrean; beste emakume erail bat, umeak erail dizkioten emakume bat, bortxatua izan den beste emakume bat…
Aldiz, Mugimendu Feministatik ohartarazi nahi zaituztegu; sistema patriarkalaren logikan gutxietsiak garenok, biztanleriaren erdiak, indarkeria sotilago batera meneratuak eta zapalduak egoten jarraitzen dugula eta honen esanahia eskubide eta askatasun eza dela. Indarkeria hori indarkeria politikoa dela diogu, helburu politiko bat duelako; gizartean orden matxista mantentzen jarraitzea! Instituzioek zeregin handia dute, prebentzioan eta kontzientziaziotik haratago doan eraldaketarako ekintzak eginaz.
Emakumeon eta sexismoak baztertzen dituen pertsonen aurkako indarkeria eremu guztietan daukagu; etxean, ikastetxeetan, kalean, lanean, aisialdi gunean, sistema juridikoan, kartzeletan… Emakumeok tentuz ibili edo ez alde batera utziz, erantzukizuna indarkeria eragiten duenaren esku dago. Milaka adibide ditugu, non biktima gehiago epaitzen den, erailketaren egilea baino. Izan ere, emakumeoi eskubideak urratuz eta erasotzaileak justifikatuz, egiten duena legitimatuz eta erantzukizuna kenduz!
Adierazpen era eta intentsitate maila dena delarik, indarkeria sexistak parez pare topo egingo du Autodefentsa Feministaz. Feministok, defentsa pertsonaleko tekniketatik haratago doan mekanismo hori beharrezkotzat dugu; Indarkeriaren sustraietara iristeaz gain, jarrera eta izaeraz hornitzea; autoestimuaren errefortzua eta gizartearen estrukturetan ezarrita dauden genero rolen gaineko kontzientzia hartzea da gure helburua. Norbera eskubide subjektu bihurtzea eta erasotzaileari aurre egiteko errekurtsoz janztea. Indarkeria sexista identifikatzen jakin behar dugu, intentsitate baxuko indarkeria eta indarkeria sinbolikoa!
“MUNDUKO TOKI GUZTIETAN BADA NORBAIT EMAKUMEON GAINEAN ERABAKITZEKO MODUAN DELA USTE DUENA”
Emakumearen Aurkako Indarkeriaren kontrako nazioarteko eguna:
- Azaroak 25, 19:00etan plazan: Elkarretaratzea “Indarkeria sexistarik ez! Azaroak 25 egunero delako, antolatu, elkar lagundu eta erantzun!
- Azaroak 26, 19:00retan Gaztetxian: “Nagore” Film-dokumentala.
- Azaroak 27, 19:00retan Laixan Zaharrean: Hitzaldia “Indarkeria Sexista”.
- Azaroak 28; 20:00retan Kultur Etxean: “La bicicleta verde” Zine-Kluba.
- Azaroak 30, 10:00tik 14:00ra: Tailerra “Autodefentsa Feminista”.
OÑATIKO SARE FEMINISTA