Emakumeen Oñatiko Jabekuntza Eskola, emakumeon topaketarako, formaziorako eta gogoetarako gunea da. 2013-2014 ikasturtean, Oñatiko emakume guztiei zuzendutako ikastaro, tailer, hitzaldi eta mahai inguru desberdinak antolatu ditu (antolatutakoaren informazioa hasierako orrian).
Jabekuntza hitza ingleseko empowerment hitzetik dator. Empowerment-ek zerbait aldatzeko edota eraldatzeko boterea edukitzea esan gura du. Mugimendu feministak bere egiten duen hitzak errotik aldatu gura dugun gizartea eraldatzeko botereari egiten dio erreferentzia. Gizarte patriarkalak ezarritako harreman hierarkikoak deusestu eta berdinen arteko harremanak parekatuak izan daitezen lortuz.
Jabekuntza esaten dugunean ikaskuntza eta kontzientziatze prozesu bat adierazi nahi dugu. Hain zuzen ere, mundu osoko gizarteak egituratzen dituen sexismoak ezartzen digun diskriminazio eta gutxiegitasun egoera salatzea eta horren kontra borroka egitea ahalbidetzen digun prozesua da.
Emakumeen Oñatiko Jabekuntza Eskolak, elkarrengandik ikasteko emakumeon arteko harremanak saretu eta bultzatzeko eta ondo pasatzeko topalekua izan nahi du. Emakumeon ekarpenak jaso eta baloratzeko, pertsonalki eta talde gisa indartzeko eta ondorioz gizarteari gure ekarpenak egiteko eta gure asmo propioak jakinarazteko.
Oñatiko Sare Feministak azken urteetan gure herriko emakumeon errealitatea ikusgarriago egin du. Hau guztia, sarea sortuz eta estrategiak eta baliabideak partekatuz egin da.
Gaur egun, emakumea desberdintasun egoera baten dago; emakume izate hutsagatik, bazterketa eta zapalkuntza gogorra bizi ditu. Beraz, gonbidatzen zaituztegu, zuoi, emakumeoi, errealitate diskriminatzailea, elkarrekin eraldatzeko borrokara batu zaitezten. Berdintasuna aldarrikatzeko gure armak, gure ezagupenak izango direlarik; sormena, jakintza, autodefentsa, algara eta barreak, eraldaketa, ekoizpena, dantza, gozamena…