Azken aulkia

Atzo Arrasateko Uarkapen Arnaldo Otegi Mondragon zuzenean entzuteko ohorea izan genuen. Ohorea dinot, izugarrizko hitzaldi puska egin zuelako. Krak bat da. Ni behintzat irabazi ninduen bere aipu, liburu gomendio (ezinbesteko irakurgaia Sarriren azkena) eta hausnarketez. Gizon hori lehendakari bihurtu behar dugu.

Gure ekitaldi politikoak gero eta amerikarragoak dira, muntaiari dagokionean bederen. Eskenatokia, aulkiak, atrezzoa, telak, fokoak, soinu ekipoa, kamerak… Pilotalekuak direnerako dira, pilotan jolasteko eta hitza ardatz duen ekitaldi bat han egitea erronka handia da. Pasa zuten azterketa soinua jartzeko erronka hartu zutenek.

Bejondeiela ere errekonozimendua Arrasateko eta Gipuzkoako EHBILDUren barruan ekitaldia antolatzeko lana hartu zutenei. Oso ondo irten zen dena.

Ostean, batzeko orduan, herriko ehbildukideoi laguntza eskatu ziguten dena jasotzeko. Aulkiak batzen ari ginela, asko estimatzen dudan lagun bat etorri zitzaidan esanaz hori gure lana ez zela. Horretarako kontratatu zela jendea. Nire barruko fibra bat ikutu zuen komentario horrek. Guretzat, ez dago lehen eta bigarren mailako lanik. Lan denak inportanteak dira. Txosnan txanda egitea, kartelak jartzea, udalbatzan hitz egitea, prentsa atenditzea, sobre lanak egitea… horiek gabe ez ginateke garena izango. Horiek gabe, besteen modukoak izango ginateke. Gure akabera litzateke.

Horregatik maite zaituztet Piter, Urki, Maialen, Xabi, Idurre eta Txabi. Aulkiak batzen geratu zinetelako. Lurreko goma kiribiltzen eta gordetzen amaitu zenutelako. Izerdi patsetan amaitu zenutelako.

Ekitaldi bat ez baita amaitzen azken aulkia batu arte.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude