Arrasateko euskararen erabilera datuen inguruan zertzelada pare bat

Arrasateko Udalak 1988tik urtero egiten du euskararen erabilera neurketa AEDrekin batera. Neurtzaile izan gara AEDren bueltako gazte asko, neu barne, eta neurketa ekintza bera soziolinguistikoki oso eraginkorra den ekimena dela esango nuke. Ez ditut berehala ahaztuko Makatzenan eman nituen arratsalde horiek duela 18 urte…

1988ko erabaki horri esker, euskararen erabilerari buruzko datu on eta zehatzak ditugu, ezein ikerketarako oinarri aparta direnak. Doakiela esker ona eta errekonozimendua erabaki haren parte izan ziren teknikari, politikari eta euskalgintzako kideei.

Datuak eta txostena zehatz irakurri nahi duenak hemen du irakurgai ikerketa. Nik ondorengoak azpimarratu ditut berton:

-Haurrak (%48) eta gazteak (%32) dira euskara gehien erabiltzen dutenak. Datu eskasa ikusirik ia haur eta gazteen %100ak euskaraz dakiela, baina nahikoa haurrek eta gazteek euskara galbidera daramatenen teoria babuak apartatzeko. Babuak diot, haserre antzean, arlo honetan helduon hipokrisia gero eta jasanezinago zaidalako. Izan ere, helduak (%28) eta adinekoak (%16) dira gutxien erabiltzen dutenak. Eta erabilera hau, gaina, oso dago baldintzatua haurren presentziari elkarrizketatan. Ondorio gisa, esan dezakegu, euskara gaztea dela Arrasaten.

-Arrasateko euskararen ezagutza Gipuzkoako mediatik behera dago, 8 puntuz. %54koa da ezagutza Arrasaten, oso kontuan hartu beharreko datua noski erabilera deskribatzeko.

-Arrasaten euskararen erabileraren areagotzerik ez dago azken urteotan. Hezkuntzaren lanari esker eta euskalgintzaren bultzadaren eraginez gorakada nabarmenak eman ziren 90. hamarkadako datuetan. Egun, blokeaturik gaude eta hau datu txarra da etorkizunarentzat.

-Patxi Baztarrikak dio Jaurlaritzaren ahalegina gazteengan zentratuko dela. Nik diot ondo dagoela hori, baina gizartean ez dagoela giza konpartimentu estankorik. Erreferente eta ispilu joko batean, nekez egingo dugu aurrera gazteekin lan egiten badugu helduengan eragin gabe. Askoz interesgarriago egiten zait Egiako esperientzia hau euskararen berreskurapenerako.

-Egun Arrasate, eleanitza da. Migrazioa mehatxu ordez aukera izan liteke, instituziok indarrak eta ahaleginak bideratzen baditugu hiztun berriak lortzera.

Ondorio gisa, euskararen etorkizunak argilunak ditu: gazteen bultzada ona da, erabilera datuen egonkortzea txarra. Ezin dena onartu, inondik inora da lo gelditzea denok arlo honetan. Txantxangorrien pegatinak itsastea bainoa asko gehiago baita euskararen erabilera bultzatzea.

 

PS. Euskararen erabilera datuek bestelako irakurketak ere ahalbidetzen dituzte. Esaterako, Uribarri-Erguinen 80. hamarkada amaieran askoz elkarrizketa gehiago entzuten zen kalean (kuantitatiboki, euskaraz nahiz gazteleraz) gaur egun baino. Auzoaren bizitasunaren (edo bizitasun ezaren) adierazgarri da datua.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude