Azken aulkia

Atzo Arrasateko Uarkapen Arnaldo Otegi Mondragon zuzenean entzuteko ohorea izan genuen. Ohorea dinot, izugarrizko hitzaldi puska egin zuelako. Krak bat da. Ni behintzat irabazi ninduen bere aipu, liburu gomendio (ezinbesteko irakurgaia Sarriren azkena) eta hausnarketez. Gizon hori lehendakari bihurtu behar dugu.

Gure ekitaldi politikoak gero eta amerikarragoak dira, muntaiari dagokionean bederen. Eskenatokia, aulkiak, atrezzoa, telak, fokoak, soinu ekipoa, kamerak… Pilotalekuak direnerako dira, pilotan jolasteko eta hitza ardatz duen ekitaldi bat han egitea erronka handia da. Pasa zuten azterketa soinua jartzeko erronka hartu zutenek.

Bejondeiela ere errekonozimendua Arrasateko eta Gipuzkoako EHBILDUren barruan ekitaldia antolatzeko lana hartu zutenei. Oso ondo irten zen dena.

Ostean, batzeko orduan, herriko ehbildukideoi laguntza eskatu ziguten dena jasotzeko. Aulkiak batzen ari ginela, asko estimatzen dudan lagun bat etorri zitzaidan esanaz hori gure lana ez zela. Horretarako kontratatu zela jendea. Nire barruko fibra bat ikutu zuen komentario horrek. Guretzat, ez dago lehen eta bigarren mailako lanik. Lan denak inportanteak dira. Txosnan txanda egitea, kartelak jartzea, udalbatzan hitz egitea, prentsa atenditzea, sobre lanak egitea… horiek gabe ez ginateke garena izango. Horiek gabe, besteen modukoak izango ginateke. Gure akabera litzateke.

Horregatik maite zaituztet Piter, Urki, Maialen, Xabi, Idurre eta Txabi. Aulkiak batzen geratu zinetelako. Lurreko goma kiribiltzen eta gordetzen amaitu zenutelako. Izerdi patsetan amaitu zenutelako.

Ekitaldi bat ez baita amaitzen azken aulkia batu arte.

Arrasateko euskararen erabilera datuen inguruan zertzelada pare bat

Arrasateko Udalak 1988tik urtero egiten du euskararen erabilera neurketa AEDrekin batera. Neurtzaile izan gara AEDren bueltako gazte asko, neu barne, eta neurketa ekintza bera soziolinguistikoki oso eraginkorra den ekimena dela esango nuke. Ez ditut berehala ahaztuko Makatzenan eman nituen arratsalde horiek duela 18 urte…

1988ko erabaki horri esker, euskararen erabilerari buruzko datu on eta zehatzak ditugu, ezein ikerketarako oinarri aparta direnak. Doakiela esker ona eta errekonozimendua erabaki haren parte izan ziren teknikari, politikari eta euskalgintzako kideei.

Datuak eta txostena zehatz irakurri nahi duenak hemen du irakurgai ikerketa. Nik ondorengoak azpimarratu ditut berton:

-Haurrak (%48) eta gazteak (%32) dira euskara gehien erabiltzen dutenak. Datu eskasa ikusirik ia haur eta gazteen %100ak euskaraz dakiela, baina nahikoa haurrek eta gazteek euskara galbidera daramatenen teoria babuak apartatzeko. Babuak diot, haserre antzean, arlo honetan helduon hipokrisia gero eta jasanezinago zaidalako. Izan ere, helduak (%28) eta adinekoak (%16) dira gutxien erabiltzen dutenak. Eta erabilera hau, gaina, oso dago baldintzatua haurren presentziari elkarrizketatan. Ondorio gisa, esan dezakegu, euskara gaztea dela Arrasaten.

-Arrasateko euskararen ezagutza Gipuzkoako mediatik behera dago, 8 puntuz. %54koa da ezagutza Arrasaten, oso kontuan hartu beharreko datua noski erabilera deskribatzeko.

-Arrasaten euskararen erabileraren areagotzerik ez dago azken urteotan. Hezkuntzaren lanari esker eta euskalgintzaren bultzadaren eraginez gorakada nabarmenak eman ziren 90. hamarkadako datuetan. Egun, blokeaturik gaude eta hau datu txarra da etorkizunarentzat.

-Patxi Baztarrikak dio Jaurlaritzaren ahalegina gazteengan zentratuko dela. Nik diot ondo dagoela hori, baina gizartean ez dagoela giza konpartimentu estankorik. Erreferente eta ispilu joko batean, nekez egingo dugu aurrera gazteekin lan egiten badugu helduengan eragin gabe. Askoz interesgarriago egiten zait Egiako esperientzia hau euskararen berreskurapenerako.

-Egun Arrasate, eleanitza da. Migrazioa mehatxu ordez aukera izan liteke, instituziok indarrak eta ahaleginak bideratzen baditugu hiztun berriak lortzera.

Ondorio gisa, euskararen etorkizunak argilunak ditu: gazteen bultzada ona da, erabilera datuen egonkortzea txarra. Ezin dena onartu, inondik inora da lo gelditzea denok arlo honetan. Txantxangorrien pegatinak itsastea bainoa asko gehiago baita euskararen erabilera bultzatzea.

 

PS. Euskararen erabilera datuek bestelako irakurketak ere ahalbidetzen dituzte. Esaterako, Uribarri-Erguinen 80. hamarkada amaieran askoz elkarrizketa gehiago entzuten zen kalean (kuantitatiboki, euskaraz nahiz gazteleraz) gaur egun baino. Auzoaren bizitasunaren (edo bizitasun ezaren) adierazgarri da datua.

Udala, udal gobernua, udal taldeak

Azken legealdi honetan, nahita ala nahi gabe, kazetarien eskuz ala prentsa ohar idazlearen erruz, Maria Ubarretxenaren gobernuak nahastu egiten ditu udala, udal gobernua eta udal taldeak.

Nik ulertzen dudan moduan, udala guztiok osatzen dugu, teknikari zein zinegotzi. Harluxet hiztegiak nik baino zorrotzago dio iz. Herri-administrazioaren maila behereneko erakundea, herritarren izenean udalerri izeneko esparruaren administrazioa bere gain duena, eta alkate eta zinegotziez osatua dagoena. Logika honi jarraiki, administrazioaren izenean hitz egiten denean esan daiteke udalaren izenean hitz egiten dela. Hots, zinegotzien gehiengoaren izenean.

Udal gobernua aldiz instituzioaren organo exekutiboa da, gobernu funtzioa duena izenak dioen moduan. Honek noski, erantzukizuna ere dakar berarekin. Udal talde batek edo gehiagok osa dezakete gobernua.

Udal taldeak aldiz zinegotziek osatuak dira. Arrasaten, talde kopurutsuenak 8 zinegotzi ditu eta gutxienak aldiz bakarra. Talde hauek bozeramale bana izaten dute eta normalean talde politiko bakoitzak osatzen du taldea.

Goienaren albiste honetan, aipatzen da Arrasateko Udalak ez duela babesten Epeleko zabortegia. Nik dakidala, Arrasateko Udala ez da posizionatu Epeleren inguruan. Gaia ez da landu ez udalbatzan ez bozeramale batzordean. Ez dut bidezko ikusten beraz instituzioaren izenean hitz egitea kasu honetan. Asko jota, Arrasateko Udal Gobernuak atera du oharra.

Baina ezta hori ere, izan ere Goiena bertan albiste honetan udal gobernuaren parte de Arrasateko PSEk dio berak ez duela oharraz bat egiten. Horrenbestez, ezin da hitz egin gobernuaren adostasunik dagoenik ezta udalarena lehen aipatu dugun moduan. Izatekotan, beraz, Arrasateko EAJren udal taldeak idatzi du oharra.

Huskeria bat izan liteke, eztabaida semantiko soil bat, baina semantika garrantzitsua dela badakit literaturzale eta zuzenbidean lizentziatu naizen heinean. Ez baita gauza bera, udal talde baten izenean hitz egitea edo udal osoaren izenean. Azken finean, EAJko udal taldean 21 zinegotzitik 8 besterik ez dira.

 

Euskuinaren estetika

Katakrak gunera joateak, beti merezi du. Azken aldiz joan nintzenean, “Mozal ordenantza” nuen buruan. Akaso horrek eraginda, han eskuratu nuen, Giulio Carlo Argan irakasle italiarraren “Lo artístico y lo estético” hitzaldi labur interesgarria (Casimiro argitaletxea). Hambosgarren orrialdean dago hausnarketa hau:

Si recordamos las primeras operaciones artísticas de Duchamp (o de Manzoni, después de la Segunda Guerra Mundial), advertiremos claramente que pretendían contraponer una artisticidad concreta, aunque contraída y reducida, a una esteticidad considerada caducada e irrecuperable. Cuando Duchamp expone un urinario o un secabotellas, no los presenta como objetos estéticos sino como obras de arte. Esos objetos no se concibieron en principio como obrs de arte, pero se convierten en tales en el momento en que Duchamp, artista, los selecciona y expone. No hay un juicio de valor: de haberlo, todos los urinarios y secabotellas idénticos a los expuestos también serían obras de arte. Hay, por contra, un gesto, el de tomar un objeto y colocarlo sobre un pedestal en una sala de exposición. De no haberlo tomado un artista y de no haberlo expuesto en una sala de arte, ese objeto no habría sido una obra de arte: es decir, lo que hace el artista, en la condición histórica del momento, es tomar un objeto no-artístico y designarlo artístico”.

Eskuinak, euskal eskuinak kasu honetan, garbitasuna zer den azaldu nahi digu besteoi. Artistak gaur egungo artea sortzen duen moduan, teknika jakinak erabiliz baino bereganatutako nagusitasun estetikoz Argan-en hitzetan, sistemaren politikariek sozialki aseptikoak diren kaleak “kale garbitzat” jo nahi dituzte. Egon liteke kale bat etxegatzen duen banku sukurtsalez josia, panamara dirua eramatea errazten duten buffetez eta garbia izan liteke. Kaleak horren aspergarri egin nahi badituzte, zerbaitengatik izango da. Hasi beharko gara galdera hauei erantzunak aurkitzen…

Kartelak, pankartak eta antzekoak higiene demokratikoa dira. Zikinkeriatzat jo nahi badituzte, molestatzen dutelako da. Kalea hilez gero,  etxe barruak eta zentro komertzialak izango dira gure babesgune. Sistema eroso dagoen jokalekua da hori. Gure lorpen sozialak eta politikoak, eskubide sozial edota hizkuntza lorpenak kalean lortu ditugu, ez etxean sarturik edota kontsumokeriaren tenpluetan.

Ez diezaiegun erraz jarri hori. Irakurri, formatu eta eztabaidatu beharra dago. Kalea gurea da, guztiona. Ez ditzagun akats infantilak egin, esaterako, sozialki defendagarriak ez diren gehiegikeria komunikatiboak eginaz.

Ongi etorri

Gabon irakurle,

Oraingoan zinegotzi maskara jantzirik nator zugana. Barojak zioen aurpegia eta maskara bereizten ez zekienak ez zuela etorkizun handirik. Ez dakit zer duen geroak niretzat, baina maskara, badut ongi aukeratua espazio honetarako: Arrasateko hautetsiarena.

Oraindik gunea eraikitzen dago, nabari da, hezurdura besterik ez duzue bistan. Espero dut dena den interesgarri joko dituzuela nire burutazio eta hausnarrak, bizipenak, penak eta komeriak. Iruzkinak egin eta galderak luzatzeko lana hartuko bazenute zoriontsu nintzateke.

Ongi etorri, ondo esanak ondo hartu eta gaizki esanak barkatu.