Kultura aniztasuna gaur egun

Imagen 2

Arrazakeriaren eta senofobiaren aurkako nazioarteko eguna da gaur, martxoak 21.

Aukera baliatuko dugu Tertulia saioan kultura aniztasunaz berba egiteko. Gipuzkoako Foru Aldundiak ekoiztutako ‘Gu, jatorri anitz, herri bat’ ikus-entzunezkoa ikusiko dugu eta berbalagun izango ditugu saioan Aldundiko Migrazio eta Dibertsitate zuzendari nagusi Marcos Nanclares eta Oñatiko Auzoko egitasmoko dinamizatzaile Urko Egaña.

Zahartzaroa izango dugu aztergai ‘Maritxu’ ikus-entzunezkoarekin

Maritxu 80 urteko emakumea da. Bakarrik bizi da baserrian eta bere alaba bisitatzera joateko zain pasatzen du eguna. Kepa Errasti aretxabaletarrak zuzendutako laburmetraia da ‘Maritxu’, eta abiapuntu hartuko dugu Tertulia saioa egiteko.

Zahartzaroa hizpide

Gero eta zaharragoa da gure gizartea, eta horrek zenbait egoera eta behar sortzen ditu. Laguntza premia, bakardadea… lotzen ditugu zahartzaroarekin.

Gaia aztertuko dugu Tertulia saioan errealitate hori gertutik ezagutzen duten gonbidatuekin.

Y belaunaldia izango dugu bigarren hizketagaia

‘Erretenak: Y belaunaldia eta kulturgintza’ izango dugu ikusgai aste honetako Tertulia saioan. Ander Bolibarrek eta Kepa Matxainek Sorguneak ikertegiarentzat egindako lana da. Jomugan, Y belaunaldia —gutxi gorabehera 80. hamarkadan jaiotakoak— eta kulturgintza.

Imagen 1

Honela aurkezten du ikus-entzunezkoa Kepa Matxainek:

“Axolagabekeriaren belaunaldia, belaunaldi galdua, X belaunaldia. Hala deitu izan zaio 70eko hamarkadan jaiotakoen belaunaldiari. Ordura arte indarrean ziren balioak ukatu zituzten, besteak beste, erlijioa, abertzaletasuna, familia, edo belaunaldiz belaunaldi igarotako tradizioak. Funtsean, ordea, sakoneko paradigma aldaketa baten aztarnak ziren haiek guztiak, modernitatetik posmodernitaterako jauzia ari baitzen gertatzen. X belaunaldiaren ondorengoari, berriz, Y belaunaldia deitu zitzaion, eta 80ko hamarkadan jaiotakoek osatzen dute gutxi gorabehera. Baina nolako kezkak dituzte Y belaunaldikoek? Sentitzen al dute beren burua belaunaldi bateko kide? Zer iritzi dute kulturgintzako problematika orokorrez? Nola bizi dute transmisioaren gaia, edo tradizioaren berrikuntza, edo lehendik datorren fluxuari segida ematea? Guk fluxu horretako zazpi erreten ekarri ditugu hona”.

Tuterako Argia ikastolaren gaineko dokumentala lehen saioan

Goiena telebistan saio berria estreinatuko dugu otsailaren 28an, egubakoitza: Tertulia. Gaurkotasunezko gaiak jorratuko ditugu mahai-inguruan. Euskarazko dokumental bat eskainiko dugu barikuro (22:00etan hasita) eta dokumental horren protagonistak, egileak edo gaiarekin zerikusia dutenak batuko dira eztabaidara Goiena telebistako platoan. Badira Bagara Tuterako Argia ikastolaren gainean egindakoa izango da lehena.

Ondoren etorriko dira beste batzuk, hurrengo asteetan: Aulki Hutsak, Azken egunak Gurian

Estrainekoan, honako hauek hartuko dute solasaldian: Pili Igartua, Argia ikastolako guraso eta lehendakari izandako bergararra; Sara Nuñez, Argia ikastolan lanean ibilitako irakasle arrasatearra; eta Olatz Artola, MUko ikasle ohi eta dokumentalaren egileetako bat. Mondragon Unibertsitateak ekoiztutako dokumentala da. Ni neu ariko naiz aurkezle lanetan.

Bi hilabeteren ostean, hamabostean behin eskainiko da Harira saioarekin tartekatuz eta mahai-inguru saio bihurtuko da.