Etiketa honen artxiboa: pintadak

“Ez da zure laranja erdia, zure zukugailua baizik”


Argazkiak.org | Martxoak 8 © cc-by-sa: goioarana

Emakumeen nazioarteko egunaren bueltan lelo ugari ikusteko aukera izan dugu prentsan argitaratutako iragarkietan eta kaleetako pankartetan. Zabaldutako mezuak politikoki oso zuzenak eta, adierazkorragoak egin nahian, harridura edo galdera markez josita etorri dira:

  • Emakunde: Emakumeak greban. Gertatuko balitz?
  • ELA: Geure buruaren jabe!
  • LAB: Euren krisia… emakumeon borrokarako aukera!
  • ESK eta EILAS: Emakumeok beti krisialdian.
  • PSE-EE: Oztoporik gabe.
  • EA: Emakumea, esparru guztiak zabalik!
  • Eusko Jaurlaritzako Immigrazio zuzendaritza: Guk ere aurpegia ematen dugu.
  • Arabako Diputazioa: Zure ahotsa entzunarazi!
  • Gasteizko udala: Emakume guztiok gaude? Berdintasunean gaude?

Oso bestelakoak, ordea, EHUko Leioako campusean martxoaren 10ean feministen asanbladak antolatutako ekitaldian botatakoak eta ormetan agertutakoak. Mezu zuzenak eta, aldi berean, zuzentasunik gabekoak. Lelo horiek ez dute harridura marken beharrik…

  • Deja la balleta. Coje la metralleta.
  • Zelulitisa daukat, eta?
  • La talla 38 me aprieta el txotxo.
  • Ez da zure laranja erdia, zure zukugailua baizik.
  • El amor no es la hostia.
  • Ni naiz nire laranja osoa.
  •  Barbie debe morir.

Eta antzeko mordoxka bat. Mezuen argazkiak hemen geratu dira gordeta.

(Sustatu.com-en argitaratuta).

Graffitiaurrea

Azken aste hauetan aurkitu ditudan aztarna hauek ez dira Iruña-Veleiakoak bezain zaharrak (ala bai?) baina, ala eta guztiz ere, interestxoa badutela uste dut.

Aurreko aroetatik geratzen diren lekuko solte batzuk dira bildutako eskulan hauek. Graffitiaurreko aztarnak.

Gehienak, brotxa eta pintura erabiltzen ziren sasoikoak dira, orduan, oraindik, graffitiren globalizazioa munduan zehar zabaldu barik zegoen.

Banan-banan…
 EAJ

Bai Estatutuari (EAJ-PNV)
Orain 26 bat urte EAJko kideek Gernikako Estatutuaren alde egindako murala da. Soraluzetik Maltzagarako bidean dago, erreka kontran, hementxe, gutxi gorabehera.

EE-2
EE-EuE

EE (Euskadiko Ezkerra) eta EuE (Euskal Ezkerra)
Euskadiko Ezkerraren eta Euskal Ezkerraren logoak, desagertzear. Durangotik Bilborako bidean, N-634an, dago aztarnategi hau. 15-20 bat urte izango dituzte pintada hauek. Hemen-edo dago. Txabolak ez duela luze iraungo argi dago.


EuE

EuE (Euskal Ezkerra)

Nahiko ondo mantendu da pintada hau. PSOEk Euskadiko Ezkerra xurgatu zuenean ados ez zeundenak sortutako alderdia zen Euskal Ezkerra. Geroago, EArekin ibili ziren koalizioan. Pintada hau ere, N-634an dago, Erletxeko biribilaren ondo-ondoan, hemen hain zuzen.

HASI

HASI (Herriko Abertzale Sozialista Iraultzailea)
Basikoagoa da hurrengo hau, spray-a hartu eta alderdiaren izena idatzi. Hain dago ondo kontserbatuta atzo gauen eginda dagoela ematen duela. Herri Batasunaren hasierako alderdietako bat zen HASI. 30 bat urte izango ditu pintada honek. Hemen dago.

Gipuzkoan, Maltzaga-Elgoibar bidean Espainiako Konstituzioaren kontrako beste bat ere banuen kontrolpean baina, argazkia egitera joan orduko, ezabatuta. Pena.

Askoz gehiago egongo dira hortik zehar…  Horrelakoak -eta zuek ezagutzen dituzuen  beste horiek- gorde beharko genituzke. Gure historiaren zatiak dira, eta behin borratuz gero, agur.

Polita (?) izango litzateke 3000. urtean (?!) halakoak, oraindik, denon bistan egotea…

Pintaden geo-kokapena, Tagzania-rekin eginda dago eta, argazkiak, “pintadak” etiketarekin Flickr-en gordeta geratu dira.