Etiketa honen artxiboa: arrasate

Errumaniarrak Arrasaten

Dena ez da urre gorria Arrasaten. Euskal Autonomia Erkidegoan errenta maila altuena duen herrian ere txirotasuna bertatik bertara aurki daiteke.

Ikerkuntza teknologikoa bultzatzeko egiten  ari diren Garaia Berrikuntza Gunearen eta hasiberri diren Olandixoko saihesbidearen arteko eremuan luze daramate kanpatuta Errumaniatik etorritako ijito koadrila.

Errumaniarrak Arrasaten

Urriko eguerdi eguzkitsu batean arrimatu nintzen kanpalekura argazkiak egiteko asmoarekin. Lau emakume aurkitu nituen bertan bazkaria prestatzen eta, berehala onartu zuten argazkietan irtetea.

Argazkiekin hastear nengoela lauetariko batek, “egon momentu batean” esan, kanpin-dendara sartu eta etxean egoteko moduko kamiseta erantzi eta gustukoago bat jantzita bueltatu zen: I love Tokyo.  Polita izan zen. Kale gorrian bizi arren ez dute neska errumaniar horiek eder agertzeko gogorik galdu. Gainera, begi-bistakoa zen trastu zahar eta pinu-apea artean bizi arren, handik eta hemendik lortutako gauzekin kanpamenduari etxe-giroa ematen ahalegindu direla.

Errumaniarrak Arrasaten

Errumaniarrak Arrasaten

Bestelako kontua izan zen gizonezkoak agertu zirenenen: haiek ez zuten ez barriketarako ezta argazkietarako umorerik. Neskei eskerrak emateko ia asti barik alde egin behar izan nuen.

Argazkiak egin nuenetik ez du ia atertu eta euria bota eta bota dabil. Ez da gero gozoa izan behar…

Egun horretako irudi gehiago hemen eta hemen jarri ditut.

Eraikin enblematikoak

Aurretik esango dut aspalditxo aluzinatuta naukatela arkitektoek eta antzeko gremiokoek.

Beraiek egin eta gu (kasu askotan) sufritzen dugun eraikuntza mordoetan behin eta berriro argi eta garbi utzi nahi izaten dute ez dagoela estetika-diseinu-armonia-gustu-arte… edo antzeko ikasgairik karreran edo, baldin badago, erraz gainditzeko maria horietako bat dela, bestela, nola ulertu egiten duten zenbait gauza?

Mikel Irizarrek idatzi zuen Goienkaria-ko zutabean eta izen bereko Piperrautsa blogean Arrasateko erdialdean eraiki duten “tramankuluaz”. Aipatzen du herritarrek horrelakoen aurrean hartzen duten jarrera ironiko eta gupida gabea: diru mordoa balio izan duen eraikuntzari Gasolindegia izen jarri eta listo!

Gasolindegia

Nik dakidala, Gasolindegia ez da ia inoiz erabiltzen. Azoka plazan saltzen ibiltzen diren baserritarrak horra ez doazela esan dute. Ez behintzat pulmoniaren gastuak noren kontura joango diren argitu arte!

Ez da, ordea, Gasolindegia gurean egin den eraikuntza xelebre bakarra…  beno, egia esateko, gure azken eraikin enblematikoa, berez, ez da zehatz-mehatz eraikina, izan ere, eraikin enblematiko mordoaren elkargunea izango den gunearen ataria da: Garaia ikerkuntza gunearen ataria, hain zuzen. Hemen dago, eta labur esateko, XXI. mendeko eraikin mordoari sarrera emango dion XVIII. mendeko ataria da.

Bi zatitan dago banatua lana, batetik,  sarreraren ezkerraldean zulodun xafla herdoilgaitz luze bat dago (azken egunetan hizkiak gehiago nabarmentzeko-edo pintura beltzez margotu dituzte). Estruktura handiegia eta zakarregia da honelako punta-puntako gune modernoa izan nahi duen baterako baina, beno, hainbestean…

Garaia Ikerkuntza Gunea 1

Okerrena, hortik metro gutxira dago, eskuin aldean, autoentzako biribilgunea aprobetxatuz egin duten “instalazioa”: beira zatiekin eta zuri eta beltz errekarri txikiekin gunearen logo erraldoi bat margotu dute tontor handi baten, eta gutxi balitz, harrien gainean Garaiaren letrak bota dituzte.
Hau ere zakarra eta handiegia da, eta gainera, gaizki errematatuta dago!

Garaia Ikerkuntza Gunea 3

Hurrengo 50 urteetan ikusi beharko ditugu egunero-egunero bi mamotreto hauek? Ez, mesedez!

Meeting Point

Ia gauza denek dute bigarren buelta bat…

Aspalditxo idatzi nuen Euskadiko Kutxak Arrasaten duen egoitza nagusiaren ondoan (hemen) agertutako zeinu misteriotsu baten gainean
 Ikur-MisterBAI

Erantzunen artean, larrialdietan elkartzeko tokia edo “Meeting point”-aren ikurra izan zitekeela esaten zuen batek…

Ikur berari, seinaleak biltzen dituen www.swanksigns.org webgune barregarrian, bestelako makina bat esplikazio aurkitu zioten batzuk,  Microsiervos-en ere ibili ziren kontu honekin beste batzuk…

Baina, esan bezala, denak du bigarren partea….

Ikur hark “elkartzeko tokia” adierazi nahi bazuen, zer arraio izango ote da handik metro gutxira, egun batetik bestera, lurrean margotuta agertu den hurrengo hau?

Ikurra

 
Larrialdian, korrikan ibili barik, autoan joatea erabaki dutenentzako elkargunea?

Arrasatearrok autoa erabiltzerakoan ditugun ohiturak ezagututa, seguru!