Kategorien artxiboak: Sailkatugabeak

1998. urtean egindako Herri komunikabideei buruzko III. jardunaldien hitzaldiak

Antzina egindako maketazio lanak artxibatzen, dokumentu bitxi bat aurkitu
dut: Herri komunikabideei buruzko III. jardunaldien hitzaldi liburua.

Jardunaldi haiek Arrasaten egin ziren, 1998ko azaroaren 27 eta 28an.
Ordurako, herri aldizkariek 10 urte beteak zuten, eta unea zen mugimendu
hura sendotzeko, horregatik jardunaldien leloa hurrengoa
izan zen: Kalitatearen ordua.

Pentsatu dut, hain dokumentu zaharra izanik ezin izango nuela ireki,
baina, bai! Liburu originala QuarkXPress matekazio programan eginda egon
arren, InDesign programarekin ireki eta PDFak egin ahal izan ditut.

Bi
dokumentu jarri ditut sarean. Lehenean, liburu osoa dago, bertan
hitzaldi denak  daude  jasota. Bigarrenean, aldiz, nik jardunaldi
haietan
emandako hitzaldia: Diseinuan ere kalitatea (jardunaldien leloari
erreparatuta, begi bistakoa da ez nuela larregi nekatu burua hitzaldiari
izena jartzerakoan!).

Nire hitzaldiak zati nagusi izan zituen. Lehenean, herri aldizkarien
diseinua eta diseinugileen profila jorratu nuen. Bigarrenean,
gainbegiratua egin nion Arrasate Press aldizkariak izandako ibilbide
grafikoari. Urteak pasatu dira, baina nago orduan esandako guztiak ez
direla zaharkituta geratu…

Akaso, bateren bati, inoiz, zerbaitetarako, ondo etorriko zaizkio.

Hemen duzue dokumentuok:

Nafarroa hitz batean definitu nahian

Hurrengo pasadizoa urtarrilaren 14an gertatu zen Espainiako Cuatro telebistako Password lehiaketan.

Lehiaketa horretan binaka jokatzen da. Batetik, diru bila doan lehiakidea
dago eta, bestetik, hari 
laguntzeko, pertsonai 
ezagun bat (kirolari, artista edo musikariren bat). Jokoaren nondik
norakoa hauxe da: kide bati hitz bat erakusten zaio eta, berba bakarra
erabilita, segundo gutxitan, besteari azaldu egin behar dio kontzeptua. Adibidez,
niri “Katua” hitza eman eta nik bikotekideari “Miau” esan, horrekin erraz
asmatuko luke “Katua” dela password ezkutua.

Pasa den
osteguneko bikotekideak ziren Julian Lopez Muchachada Nui saioko umorista eta izena esaterik
ez dudan neska gazte bat

(hasita zegoen saioa eta ezin izan nuen lehiakidearen izena aditu. Pena).

Oso ondo aritu ziren jokoan eta 10.000 euroko saria duen multzoaren azken hitzera iritsi ziren. Hil ala biziko kontua zen password hori asmatzea: asmatuz gero, zailtasun maila horretako saria irabazi, mailaz
igo eta sari handiaren bidean jarri; kale eginez gero,  ostera, ordura arte irabazitako sosak
jaso eta etxera…

Laupabost segundo besterik ez ziren geratzen, azken hitza
asmatzeko nahikoa denbora hala ere.

Ageri da pantailan
azken password-a: NAVARRA.

— Lehiakideak: mmm, mmm.

Eta momentu
horretan burutu zuen neskak publikoaren aurrean aspaldian ikusi dudan ekintza
heroikoena: Espainiako milaka eta milaka ikusleen aurrean, inmolazioa.
Politikari, hedabide, aisialdi eta industria kulturalaren diskurtso bateratzaileari
aurre eginez, heroien bidea hartu zuen neskak eta Navarrarekin lotzea debekatuta dagoen
hitza bota zuen:

— Euskadi.

E-US-KA-DI!?
Ezin nuen sinetsi! Arrapataka, argazki kamera zorrotik atera eta etorkizuneko belaunaldikoei erakusteko argazkia atera nion.

Bi segundo
faltan…

Artista
gonbidatuak
: eeeh, eeh, eh…

…eta txirrinak jo zuen.  Aurkezleak “denbora!” esan zuen,  publikoak “oooooh!” eta, nola ez, txalo zaparrada jo zuten.

Ez zen
erantzunik entzun! Sari handirik gabeko Slumdog millionaire
espainiarra! Neskak ez
zuen froga gainditu; eraman zituen ordura arte pilatutako 5.000 euroak eta,
zer edo zertarako balio badu, nire betiko miresmena.

Zoragarria izan zen. Ez
dakit zergatik egin zuen hautu hori.  Ez jakintasunagatik? urduritasunagatik?
espainiarra izan arren gutarra ere badelako? Ezin jakin.

Telebista showaren bihotzean tinko jotzeagatik atondu berri den Pop Ikonoen Aldare Euskaldunean txokotxoa irabazia duela uste dut. Hemendik aurrera, urtarrilaren 14etan erromesaldi birtuala egin eta kandela gorria piztuko diot lehiakide ezezagunari. Ohorea zuri.

Ezohiko irudia MUko ikasturtearen hasiera ekitaldian

Mondragon Unibertsitateak gaur eman dio 2009-10 ikasturteari hasiera
modu ofizialean. Eskoriatzako HUHEZI fakultatean egindako hasiera
ekitaldian hizlariak izan dira: Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako
lehendakaria, Isabel Celáa Hezkuntza sailburua, Javier Sotil MUko
lehendakaria, Josu Zabala MUKo errektorea, Aitor Zuberogoitia HUHEZIko
irakaslea eta Idoia Peñakoba, MUko idazkari nagusia.

Bilduma honetan ikus daiteke ekitaldian egindako argazki sorta, baina bitxiena parean tokatu zaidan une hau:


Argazkiak.org | Lopez, Pierrugues eta Lasagabaster © cc-by-sa: goioarana

Irudian, Patxi Lopez lehendakaria, Iñaki Pierrugues Eskoriatzako PSE-EEko zinegotzia eta Pedro Lasagabaster Eskoriatzako ANV-EAEko alkatea, elkarrizketan.

“Ez da zure laranja erdia, zure zukugailua baizik”


Argazkiak.org | Martxoak 8 © cc-by-sa: goioarana

Emakumeen nazioarteko egunaren bueltan lelo ugari ikusteko aukera izan dugu prentsan argitaratutako iragarkietan eta kaleetako pankartetan. Zabaldutako mezuak politikoki oso zuzenak eta, adierazkorragoak egin nahian, harridura edo galdera markez josita etorri dira:

  • Emakunde: Emakumeak greban. Gertatuko balitz?
  • ELA: Geure buruaren jabe!
  • LAB: Euren krisia… emakumeon borrokarako aukera!
  • ESK eta EILAS: Emakumeok beti krisialdian.
  • PSE-EE: Oztoporik gabe.
  • EA: Emakumea, esparru guztiak zabalik!
  • Eusko Jaurlaritzako Immigrazio zuzendaritza: Guk ere aurpegia ematen dugu.
  • Arabako Diputazioa: Zure ahotsa entzunarazi!
  • Gasteizko udala: Emakume guztiok gaude? Berdintasunean gaude?

Oso bestelakoak, ordea, EHUko Leioako campusean martxoaren 10ean feministen asanbladak antolatutako ekitaldian botatakoak eta ormetan agertutakoak. Mezu zuzenak eta, aldi berean, zuzentasunik gabekoak. Lelo horiek ez dute harridura marken beharrik…

  • Deja la balleta. Coje la metralleta.
  • Zelulitisa daukat, eta?
  • La talla 38 me aprieta el txotxo.
  • Ez da zure laranja erdia, zure zukugailua baizik.
  • El amor no es la hostia.
  • Ni naiz nire laranja osoa.
  •  Barbie debe morir.

Eta antzeko mordoxka bat. Mezuen argazkiak hemen geratu dira gordeta.

(Sustatu.com-en argitaratuta).

Errumaniarrak Arrasaten

Dena ez da urre gorria Arrasaten. Euskal Autonomia Erkidegoan errenta maila altuena duen herrian ere txirotasuna bertatik bertara aurki daiteke.

Ikerkuntza teknologikoa bultzatzeko egiten  ari diren Garaia Berrikuntza Gunearen eta hasiberri diren Olandixoko saihesbidearen arteko eremuan luze daramate kanpatuta Errumaniatik etorritako ijito koadrila.

Errumaniarrak Arrasaten

Urriko eguerdi eguzkitsu batean arrimatu nintzen kanpalekura argazkiak egiteko asmoarekin. Lau emakume aurkitu nituen bertan bazkaria prestatzen eta, berehala onartu zuten argazkietan irtetea.

Argazkiekin hastear nengoela lauetariko batek, “egon momentu batean” esan, kanpin-dendara sartu eta etxean egoteko moduko kamiseta erantzi eta gustukoago bat jantzita bueltatu zen: I love Tokyo.  Polita izan zen. Kale gorrian bizi arren ez dute neska errumaniar horiek eder agertzeko gogorik galdu. Gainera, begi-bistakoa zen trastu zahar eta pinu-apea artean bizi arren, handik eta hemendik lortutako gauzekin kanpamenduari etxe-giroa ematen ahalegindu direla.

Errumaniarrak Arrasaten

Errumaniarrak Arrasaten

Bestelako kontua izan zen gizonezkoak agertu zirenenen: haiek ez zuten ez barriketarako ezta argazkietarako umorerik. Neskei eskerrak emateko ia asti barik alde egin behar izan nuen.

Argazkiak egin nuenetik ez du ia atertu eta euria bota eta bota dabil. Ez da gero gozoa izan behar…

Egun horretako irudi gehiago hemen eta hemen jarri ditut.

“El País” izan behar zuena

Bukatu berri dira Bartzelonan ÑH04 Espainiako eta Portugaleko prentsa-diseinuaren gaineko jardunaldiak.

Oso jardunaldi gomendagarriak izaten dira. Lehiaketako irabazleei sariak emateaz gain (Goienkaria-k sari ugari irabazi izan du lehiaketa horretan) hitzaldiak, aurkezpenak eta mahainguru interesgarriak egoten dira kongresu horretan.

Irakurri dudanagatik El País egunkariaren “birdiseinua” izan omen da gai aipagarrienetariko bat.

El País

Argazki bitxi hau Maquetadores blogean sareratu dute. Bertan ikusten da nolakoa “izan behar zuen”  El País-en diseinu berria, hau da, nolako zen Palmer&Watson diseinugile talde eskoziarrak egindako proposamen grafikoa. Antzik ere ez gerora egin behar izan zutenarekin!

Jardunaldietan esandakoaz edo El País aferean interesatuta zaudenok informazio mordoa duzue Cuatro tipos blogean.

Iragarkiak hil du telebistako izarra

Itxuraz, gero eta gutxiago ikusten da telebista. Internetak eta enparauak sekulako kaltea egin omen diote orain arte telebistak zuen monopolioari.

Egongelaren ondoko geletako pantailetatik etorri omen zaio lehia handia telebistari baina, telebistak berak (edo, hobeto esanda arduradunek eta programatzaileek) izango du (dute) galera horretan erru zatiren bat, ala?

Programa txar asko eta publizitate larregi: nahaste inposiblea!

Ez da, segurutik, bakarra izango baina, publizitatea da, gaur egun, telebistak duen etsairik handi eta arriskutsuenetariko bat. Guztien artean, jakina, iragarki ugari dago ikusteko modukoak baina, hainbeste jarraian (eta hainbestetan) botata!

Saio interesgarria bada ere zaila egiten da publizitateak eta kateen auto-publizitateek etengabe egiten dituzten mozketa horiek eramatea, atera kontuak programa txarra izanda!

Bitxikeri bat. Gutxi es mucho euskararen aldeko kanpainako iragarkiak ez ditut behin ere telebistan ikusi. Iragarki horiek Interneten ikusi ditut, nik nahi izan dudalako eta nik nahi izan dudan unean.

Aitortu beharrean nago Ukan birusaren kontra hamaika eta bi bota eta gero, asko gustatu zaizkidala kanpaina horretarako egindako spot-ak. Antzera gertatu zaio aspaldiko lagun honi.

Horrelako zer edo zer behar du telebistak: “Iragarki gutxi es mucho”. Publizitatea gozatzeko gogoa piztu. Bestela, bereak egin du.