Iragarkiak hil du telebistako izarra

Itxuraz, gero eta gutxiago ikusten da telebista. Internetak eta enparauak sekulako kaltea egin omen diote orain arte telebistak zuen monopolioari.

Egongelaren ondoko geletako pantailetatik etorri omen zaio lehia handia telebistari baina, telebistak berak (edo, hobeto esanda arduradunek eta programatzaileek) izango du (dute) galera horretan erru zatiren bat, ala?

Programa txar asko eta publizitate larregi: nahaste inposiblea!

Ez da, segurutik, bakarra izango baina, publizitatea da, gaur egun, telebistak duen etsairik handi eta arriskutsuenetariko bat. Guztien artean, jakina, iragarki ugari dago ikusteko modukoak baina, hainbeste jarraian (eta hainbestetan) botata!

Saio interesgarria bada ere zaila egiten da publizitateak eta kateen auto-publizitateek etengabe egiten dituzten mozketa horiek eramatea, atera kontuak programa txarra izanda!

Bitxikeri bat. Gutxi es mucho euskararen aldeko kanpainako iragarkiak ez ditut behin ere telebistan ikusi. Iragarki horiek Interneten ikusi ditut, nik nahi izan dudalako eta nik nahi izan dudan unean.

Aitortu beharrean nago Ukan birusaren kontra hamaika eta bi bota eta gero, asko gustatu zaizkidala kanpaina horretarako egindako spot-ak. Antzera gertatu zaio aspaldiko lagun honi.

Horrelako zer edo zer behar du telebistak: “Iragarki gutxi es mucho”. Publizitatea gozatzeko gogoa piztu. Bestela, bereak egin du.

Erantzun bat “Iragarkiak hil du telebistako izarra” bidalketan

  1. Juan Luis Azkarate

    Kaixo, Goio,
     
    Lehen, neurri handi batean, behintzat, telebistak gidatzen zituen publizitatearen nondik norakoak. 20 segundoko spota, soilik telebistarako pentsatuta, zen publizitatearen paradigma, piezarik definitiboena. Baina orain asko aldatzen ari dira gauzak.

    Orain spot asko interneten estreinatzen dira (youtube bezalako plataformetan, biral moduan e-mailez bidez zabaldurik, banner bezala, eta abar) eta gero hortik telebistara egiten dute salto. Batzutan, alderantziz; baina aurrekontuak asko murriztuta, difusioan diru gutxiago gastatu behar delako zabalkuntza minimo bat ziurtatzeko, TBko garaiarekin konparatuz gero.

    Nik, esaterako, “pixkabatesmucho” telebistan behin bakarrik ikusi dut; jende gehienak interneten bidez bakarrik jasoko du bere mezua. Askotan, halako retroelikadura bat ematen da TBren eta internetaren artean.

    Izan ere, orain kreatibitatean eta estrategian dago koska: piezaren kontzeptualizazioaz gain, bere biralitatea (‘ahotik belarrira’ lortzen den promozio espontaneo eta, teorian behintzat, debaldekoa) lortzeko bideak planifikatu behar dira.

    Hala ere, TB ere mugitzen ari da publizitatearen eraginkortasuna hobetzeko:

    • gero eta maizago ikusten dugu mezu hau: “volvemos en 30 segundos”.
    • product placement gero eta zabalagoa dago: hau da, serie batean “Pascual” esne kaxa bat oso modu agerian ikusten dugunean.
    • morphing: esaterako, eguraldiaren iragarpenaren bukaeran, enpresa baten logotipoa bat-batean agertzen denean (eta ez da patrozinioa, beste kontzeptu bat da)
    • patrozinio bera

    Hau da, telebistako estrategiak eta moduak publizitatea zabaltzeko ere, poliki poliki aldatzen ari dira; eta 10 minutuko iragarkien tarteak laster batean desagertuko direlakoan nago. Ez ahaztu ere, internetez gain, hor daudela kanal tematikoak eta enparauak, telebista ikusteko beste modu bat ezarriko direnak.

    Ah! Eskerrik asko zure lotura eta aipamenagatik.

    Erantzuna

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude