4. irteera: Garagartzara!

Oraingoan ere eguraldia lagun, Garagartzaruntz abiatu gara. Alecopetik aurrera, erreka ondotik, udazken koloreak inguruan, garbigunera heldu eta, Ibarretako gurutzeei erreparatu diegu. Bi gurutze eta plaka baten idatzia, gure herriko historiaren lekuko (1). Sancha Ochoa de Ozaeta alargunak, bere mina adierazten duen eresia irakurri dugu. Bidean beste aldean aldiz, Barrenatxo errota (2). Aurrerantzean ondotik pasatzerakoan, entzundakoa gogoratuko dugula seguru. Gogoratu eta… kontatu ere, agian.

Garagartzako txoko politaz gozatu eta bueltan, Gernika ibilbidetik, Gomestio baserriaren ondoan, Asiako erleen kabia dirudiena, galanta, arbolatik zintzilik. Hutsik dagoela dirudi baina, erretiratzea komeniko ote da?  BAZen abixua emango dugu (3).

Hurrengo irteera, abenduaren 13an izango da.

(1) Ibarretako gurutzeak: gurutze bi horiek Ganboa eta Oñaz leinuen mendekuen lekuko dira, Erdi Aroan gertatuak. 1464an Ibarretako burdinolaren jabeak Martin Bañez de Artazubiaga eta Juan de Barrutia hil zituzten bertan, 1448an parte hartu zutelako Arrasateko erreketan Butron jaunaren hilketan. Istorio horiek jasota daude ahozko euskal literaturan, Sancha Ochoa de Ozaeta alargunak kantatua Martin Bañezeresian eta Arrasateko erreketa balada anonimoan.

Oñetaco lurrau jabilt icara,

Lau araguioc vere an verala,

Martin Bañes Ybarretan il dala.

Artuco dot escu batean guecia,

Bestean çuci yraxeguia,

Erreco dot Aramayo guztia.

(2) Barrenatxo errota: errota hau Ibarretako  burdinola-gunearen parte zen Erdi Aroan. Bañez de Artazubiaga familia boteretsuaren esku zegoen. Mendea joan mendea etorri, errotak eraldaketa ugari jasan zuen, eta XIX. mendean, kanoien zuloa egiten (erderazko “barrenar”) zen bertan, eta hortik dator, hain justu ere, Barrenatxo izena.

Informazio iturria: https://www.arrasate.eus/eu/mondragon-turismo/zer-egin/natura-bideak/herrigunea-garagartza-gesalibar

(3) Udal teknikariak esandakoaren arabera, kabi horrek tratamendua jaso du beraz, ez dago arriskurik.

          

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude