Elkarrekin bide bila

ARGIA, 2017.06.25

Maiatzaren 18a, Hernaniko Orona Galleryn. Ehun lagun bildu ginen, Gipuzkoako aldundiak deituta, Euskara 4.0 dinamikaren bueltan. Ia bi orduz aletu genituen euskararen prozesuan aurrera egiteko jorratzen ari garen bilaketak. Hizlariak, jardun esparru ezberdinetakoak: GFA (Diputatu nagusia eta biok, Ogasuna, Kabia), EHU, HPS, Euskaltzaleen Topagunea, Soziolinguistika Klusterra, Hekimen, Euskalit eta Mondragon korporazioa. Euskararen biziberritze prozesua bidegurutzetik aurrera eramateko, elkarrekin bide bila gabiltza mota askotako erakunde eta eragileak; lankidetza emankorrean eta berrikuntza aldartearekin.

 

Bitxia izan zen ARGIAk han bertatik idatzitako kronikari jarri zion izenburua: “Euskalgintzaren zati bat eta Gipuzkoako Aldundiaren arteko lankidetza” Ez nuen oso ondo ulertu, baina egunkari ingeles haren izenburu famatua ekarri zidan gogora: “Mantxa itsasarteko behe-laino itxiak isolatuta utzi du kontinentea”.

Txantxak alde batera, nabari diren mugimenduak serioak eta sakonak dira. Neronek ikusi ditut ezin argiago aldundian egiten ari garen partaidetza prozesuan. Aurten bigarren fasea osatu dugu, eta oso bistakoa izan da partaide gehienak ez gaudela orain bi urte geunden toki berean.

Publiko eta nabarmena izan da, norabide berean, Udaltop jardunaldian gertatu dena. Gizarte aktibazioaren gaurkotasunak eta proposamen berritzaile baten iragarpenak eraginda, gainezka egin zuen izen-emateak, eta itxaron zerrenda ere ireki behar izan zen. Ohiko kopurua ia bikoizten zuten partaideek ‘itxaropentsu’ hartu zuten HPSk eta Euskaltzaleen Topaguneak elkarrekin landutako proposamena, Euskal Herri osoan aktibazioa sustatzeko lan ildo baten inguruan. Ilusio giroan bukatu zen jardunaldia eta inoizko baloraziorik altuena jaso du ondorengo inkestan.

Hiztun komunitate emantzipatua eta indartsua aldarrikatzen dugunontzat, dinamika hau oso pozgarria da; erakunde publikoak eta gizartekoak lankidetzan natural aritzea, urte luzez amestu dugun zerbait. Esango nuke eraikitzen ari garela ‘gu’ berri bat, zabala, komuna, bateratzailea, euskararen inguruan.

Ez da batasuna, bateratasuna baino; ez da ibilbide bakarra, ibilbideen sinkronizazioa baino; ez da helburu monolitikoa, helburuen konstelazioa baino. Gizarte konplexua gara, ez dugu uniformerik behar. Bai, ordea, interes komunen alde lankidetzan jarduteko kultura. Euskara biziberritzen, esaterako.

Kategoria: Sailkatugabeak. Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude